Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa

Cabacasi «horizontalean» tiro egin zioten, auzi medikuen ustez

Ez dute zalantzarik izan pilota batek eragin zuela haren heriotza. Cabacasen gurasoek, oso hunkituta, epai aretotik joan behar izan dute audio grabazioak jarri dituztenean

Iñigo Cabacasen guraso Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas, Jone Goirizelaia abokatuak lagunduta, epaitegira iristean, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiketa azken astean sartu da, eta, lekukoen deklarazioen txanda amaituta, auzi mediku, aditu eta frogen garaia iritsi da. Cabacasen heriotzaren inguruko txostena egin zuten hiru auzi medikuek deklaratu dute, eta azaldu dute gaztearen burua jo zuen objektua «horizontalean» jaurti zutela, eta Cabacasen burua «perpendikularrean» jo zuela.

Auzi medikuen arabera, abiada handiz jaurtitako «objektu borobil eta trinko batek» ekarri zuen Cabacasen heriotza. Gainera, objektu hori zer abiaduratan zihoan kontuan hartuta, ondorioztatu dute «mekanismo» batez bidez jaurti zutela —pilotak botatzeko eskopeta bat, adibidez—. Datu horiek guztiak «bateragarriak» dira hipotesi nagusiarekin, hots, objektu hori Ertzaintzak botatako gomazko pilota bat izan zela. Iñigo Cabacasen heriotza gertatu zenean plazaratutako beste hipotesiak —erori egin zela, harri bat edo botila bat bota ziotela edo Poza kalean aurkitutako borra luzagarri batekin jo egin zutela— baztertu egin dituzte autopsiaren datuen arabera.

Akusazio partikularraren galderei erantzunez, auzi medikuek argitu dute pilotak Cabacas saiheska jo izan balu —adibidez, pilota airera bota eta nonbait errebotatu ondoren— zauriaren ezaugarriak beste batzuk izango ziratekeela; horregatik ondorioztatzen dute «modu horizontalean» jaurtikitako pilota izan zela.

Auzi medikuek esan dutenez, Cabacasen heriotza «indarkeriazkoa» izan zen, «izaera homizidakoa». Kolpea «hilgarria» izan zen; eragindako zauriak oso larriak izan ziren, eta, anbulantzia lehenago iritsi izan balitz ere, ezinezkoa izango zen gaztearen bizia salbatzea. Bestalde, pilota jaurti zuena Cabacasen eskuinetara zegoela zehaztu dute.

Basurtuko ospitalean (Bilbo) Cabacasen heriotzaren inguruko txostena egin zuen medikuak ere deklaratu du. Esan duenez, Cabacas «kontziente» iritsi zen erietxera, «baina norabidea galduta», eta zaurien ondorioz laster galdu zuen kontzientzia. Auzi medikuek esandakoa berretsi du: bere ustez, zauriak «hilgarriak» ziren, odol jarioaren ondorioz burezurraren barruan eragindako presioa ez zelako «bateragarria» biziarekin.

Bideoak eta grabazioak

Espainiako Poliziaren hiru adituren deklarazioaren ostean, hainbat froga erakutsi dituzte: grabazioak, bideoak eta argazkiak, batez ere. Akusazio partikularrak eskatuta, gau hartan ertzainen artean izandako barne komunikazioen grabazioa jarri dute.

Grabazio horretako zati gehienak epaiketan entzun dira lehenago ere, batez ere lekukoei horien inguruan zerbait galdetu behar izan dietenean. Oraingoan, baina, lehenengo aldiz jarri dute osorik, gertaeren segida nolakoa izan zen ikusteko.

Berriro egon dira entzungai zeresan handia eman duten hainbat pasarte: ofizialaren azalpenak inguruan istilurik ez zegoela adierazteko, Ugarteko ezizeneko ertzainburua kalezuloan «denarekin» sartzeko aginduz eta abar. Biktimaren guraso Fina Lizeranzu eta Manu Cabacasentzat oso gogorra izan da berriro segida osoa entzun behar izatea, eta grabazioa amaitu aurretik epai aretotik joan dira, oso hunkiturik.

Epaiketan orain arte entzun gabeko pasarte batzuk ere entzun dira; esaterako, herritarrek SOS Deiak larrialdi zerbitzura eta Ertzaintzara egindako zenbait telefono dei. Horietako batean, neska batzuen oihuak entzuten dira, eta horietako batek «tiro egiten ari zaizkigu!» egiten du garrasi. Beste batean, herritar batek azalpenak eskatzen dizkio telefonoaren beste aldean dagoen ertzainari: «Nola liteke herri honetan hau gertatzea? Ertzainak jendearen kontra ari dira tiro egiten. Azalduko al didazu zergatik?». Grabazioan entzuten da nola ertzainak «nik ez dut hau jasan beharrik» esan eta telefonoa eskegitzen duen.

Gaur, ondorioak

Gaurko saioan jarraituko dute adituen deklarazioekin, eta, besteak beste, Espainiako Poliziako balistika adituek azalpenak emango dituzte, baina, horretaz gain, alde bakoitzak bere ondorioak ere aurkeztuko ditu.

Pentsatzekoa da akusazio partikularrak orain arteko ondorioei eutsiko diela, eta zigor eskaerak ere bere horretan utziko dituela—launa urteko kartzela zigorra eskatzen dute sei akusatuentzat, eta seina urteko inhabilitazioa—. Gauza bera esan daiteke defentsei dagokienez, eta, seguru asko, absoluzio eskaerari eutsiko diote.

Zalantza nagusia fiskaltzaren jarreran egongo da. Hasieratik, fiskaltzak ez zuen akusaziorik egin, «deliturik» ez zegoelakoan, baina epaiketan ikusi eta entzundakoaren arabera jarrera alda lezake, eta zigorren bat eskatu. Gaur argitu daiteke hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.