Agortu egin dira epeak

Jaurlaritzak aurrekontuei buruzko «azken proposamena» egin du. EH Bilduk ez du aldaketarik ikusten eskaintza horren eta astelehenean bidalitakoaren artean

Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu, herenegun, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Inork ez ditu negoziazioak apurtutzat eman nahi, baina Eusko Jaurlaritzak jarritako epeak betetzen ari dira, eta informazio hau idazteko garaian oraindik ez zegoen adostasunik Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuei dagokienez. Horrek esan nahi du azken orduko aldaketarik egon ezean, eta Jaurlaritzak bere hitzari eusten badio, gaur goizean Gobernu Kontseiluaren bilera egingo dutela eta han aurrekontuak erretiratzea erabakiko duela Jaurlaritzak. Baina itxura guztien arabera, hori gertatu arte aukera guztiak zabalik egongo dira.

Atzo proposamen berria helarazi zion Jaurlaritzak EH Bilduri; bosgarrena negoziazioak hasi zirenetik, eta «behin betikoa», Ogasun eta Ekonomia Sailak adierazitakoaren arabera. Proposamen horretan, Jaurlaritzak eskaintzen du pentsio apalenak osatzera bideratutako dirua—DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta dela medio— %7 igotzea 2019an, %6 2020an, eta 2021ean igoera izatea KPI kontsumorako prezioen indizea gehi %1.

40.000 onuradun

Horrek esan nahi du neurri horren onurak jasoko lituzketen pentsiodunek —40.000 inguruk, Jaurlaritzak egindako kalkuluen arabera— 783 euro kobratuko luketela hilean datorren urtean, eta 830 euro 2020an. EH Bilduk proposatzen du diru kopuru hori 858 eurokoa izatea, horixe delako, haren hitzetan, legeak finkatutako mekanismoen arabera jaso beharreko gutxieneko kopurua. Jaurlaritzaren ustez, 2021ean KPIa %2koa balitz, posible litzateke ia EH Bilduk eskatzen duen kopuru horretara urte horretan iristea —856 eurora, zehazki— eta are kopuru hori gainditzea ere inflazioa handiagoa balitz.

Bestelako neurriak ere iragartzen ditu Jaurlaritzak azken proposamen horretan: esaterako, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten familien inguruko azterketa bat egitea, premia larria baldin badago familia unitate batzuek errenta bat baino gehiago kobratzeko aukerari ateak zabaltzeko, «kontratu mugagabeak sustatzea», eta Jaurlaritzaren laguntzak jasotzen dituzten enpresetan «erreferentzia gisa» 1.200 euroko batez besteko soldata ezartzea.

Baina EH Bilduk ez dio proposamen horri «onargarri» irizten. Eskaintzaren berri izan ostean, EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek esan du «praktikan» ez dagoela aldaketarik proposamen horren eta joan den astelehenean aurkeztutakoaren artean, eta, beraz, ez dela «nahikoa».

Iriartek esan du koalizioak «amore» eman duela hainbat arlotan, baina eutsi egiten diela bere eskaera nagusiei: pentsiodunek gutxienez 858 euro jasotzea, pentsioen osagarriak 190.000 lagunek jasotzea, eta diru publikoz hornitutako lan eta kontratuetan gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea.

EH Bilduren arabera, pentsiodunek datorren urtetik aurrera—eta ez 2021ean, Jaurlaritzak proposatzen duen gisara— gutxienez 858 euro kobratzeak 20 milioi euroko gastua ekarriko luke, eta ez 40 milioi eurokoa, Jaurlaritzak kalkulatu bezala.

«Ezin dugu akordiorik egin murrizketa sozialen atzean gotortu eta emakumeei, pentsiodunei eta behin-behineko lanak dituztenei bizkarra ematen dien gobernu batekin», esan du Maddalen Iriartek.

Dena dela, EH Bilduk ez du «etsiko», eta «eskua luzaturik» izango du Jaurlaritzak aurrekontuak erretiratzeko erabakia hartu arte. «Guk ez dugu ultimatumik planteatuko; oraindik denbora badago», erantsi du Iriartek.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk oso bestela ikusten du auzia; haren ustez, egindako azken proposamenak «oinarrian» bete egiten ditu EH Bilduren eskakizunak. «Uste dut ez dutela proposamena ongi irakurri», esan du.

Azpiazuk esandakoaren arabera, Jaurlaritzak «gehieneko esfortzua» egin du ituna lortu ahal izateko: «Kontu beraren inguruan hitz egiten ari gara, baina Jaurlaritza errealismotik mintzatzen ari da, eta beste batzuk ez dakit nondik ari diren».

Hala ere, zerbaitetan bat egin dute Azpiazuk eta EH Bilduk: sailburuak ere ez ditu negoziazioak amaitutzat eman nahi izan, eta nabarmendu du oraindik «denbora» badagoela.

Azpiazuk berretsi du Jaurlaritzak aurrekontuen egitasmoa erretiratu egingo lukeela akordiorik lortuko ez balitz: «Hori ez da gure apeta», esan du, eta gogorarazi du EH Bildurekin ituna eginda gehiengoa dutela ziurtatzen ez badute oposizioak «edozein gauza» egin zezakeela aurrekontuekin, egitasmoari zuzenketak aurkeztuz eta horien alde bozkatuz.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Lander Martinezek, berriz, esan du badagoela aukera aurrekontuak aurrera ateratzeko, baldin eta EH Bilduk bere eskakizunak «are gehiago» jaisten baditu. «EH Bilduk asko beheratu ditu bere eskaerak, baina orain erabateko likidaziora irits daitezke», erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.