Proiektu berriak abian

Udalbiltzak iaz abian jarritako lanen balorazioa egin eta aurtengo lehentasunak finkatu ditu. Egitasmoen artean dauka EHNA berriro tramitatzen hastea aurten

Udalbiltzaren Kontseilu Nagusiaren bilera, joan den ostiralean, Oiartzunen (Gipuzkoa). BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Joan den astean, Udalbiltzaren Kontseilu Nagusiak bilera egin zuen Oiartzunen (Gipuzkoa), eta urteko lehen bilera izanik, 2018an egindakoari errepasoa ematea eta 2019an egin beharrekoen zerrenda prestatzea izan ziren gai nagusiak. Han erabakitakoaren arabera, badirudi aurten ere galtzak bete lan ariko direla udalen nazio erakundean, iaz hasitako zenbait egitasmori jarraipena eman eta proiektu berriak abian jartzea aurreikusten baitute. Gainera, Hego Euskal Herrian hauteskunde urtea izanik, barne aldaketei ere buru egin beharko die instituzioak.

Kontseilu Nagusia da Udalbiltza Partzuergoaren erabakigune gorena, eta, gutxienez, urteanbirritan egiten ditu batzarrak. 2017an, Udalbiltzan Bagabiltzaizeneko gogoeta prozesuari ekin zion erakundeak, eta hausnarketa haren ondorio dira ostean abiarazitako ekinbide guztiak.

Hainbat lani ekin zion Udalbiltzak 2018an. Ikerbiltza izeneko programan, esaterako, helburua da «Euskal Herriko unibertsitateetan sortzen den jakintza eta ezagutza baliatzea udalekin lotutako egitasmoetan», Udalbiltzako lehendakari eta Hernaniko (Gipuzkoa) alkate Luis Intxauspek dioenez. Batez ere, hiru arlo jorratu zituzten: energia burujabetza, elikadura burujabetza, eta ekonomia sozial eta eraldatzailea.

Hurbiltzen izeneko programan ere urratsak egin zituzten 2018an. «Euskal Herriko lurralde eta komunitateek elkar ezagutzea eta kohesioa indartzea» du xede, Intxausperen hitzetan. Programa horren abaroan, herrien arteko ahaidetzeak bultzatu dituzte—esaterako, Uharte izena duten lau herrien arteko harremanak sendotuz: Nafarroako Uharte eta Uharte Arakil, eta Nafarroa Behereko Uharte Garazi eta Uhartehirikoak—, topaketak antolatu dituzte —adibidez, Euskal Herriko Emakume Errugbilarien II. Topaketak, Baionan—, eta beste.

Hartueman egitasmoa —energia burujabetza, elikadura, euskara eta beste zenbait arlotan herri bakoitzak egindakoa bildu eta horrekin «esperientzien banku» moduko bat eratu, besteek egindakoetatik ikasi ahal izateko—, Lurgida Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen mapa turistikoa— eta beste programa batzuk ere landu zituen Udalbiltzak joan den urtean.

Abaguneak ezarritako ekinbideak ere antolatu ditu udalen nazio instituzioak; esaterako, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrena zela-eta 40 urte, 40 gezur izeneko erakusketa. Abenduaren 4an aurkeztu zuen, eta herririk herri ari da erakusten.

Egitasmo zehatzetatik aparte, 2017ko gogoeta prozesuan Udalbiltzak helburu gisa zehaztu zuen gainerako euskal erakunde publikoekin harreman normalizatuak edukitzea. Intxauspek dioenez, arlo horretan ere pausoak eman zituzten 2018an: harremanak izan dituzte Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Euskal Elkargoarekin, Eudelekin, eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Herriko Etxeen Biltzarrarekin.

Memoria Gunea eta EHNA

Aurtengoa ere lanez beteriko urtea izango da Udalbiltzarentzat, joan den ostiraleko bileran onartutako lan egutegiari erreparatuta ondoriozta daitekeenez. Lan horietako asko aurreko urteetan jorratutako programen segida izango dira, baina beste batzuk aurten abiaraziko dituzte lehenengo aldiz. Adibidez, udalerrietako esperientzien bankuaren eta Euskal Herriko mapa turistikoaren kasuetan, Udalbiltzan espero dute orain arte egindako lan guztiaren fruituak aurten ikusgaijarri ahal izatea plataforma digital banaren bidez.

Euskal Herriko Historiaren Memoria Gunea ere lehenagotik datorren egitasmo garrantzitsua da, haien esanetan laster fruituak emango dituena. Gunea Senperen (Lapurdi) egongo da, eta Euskal Herriko historian bereziki esanguratsuak suertatu diren 22 gertaera edo mugarri jasoko ditu, bideo banaren bidez. Intxauspek esan duenez, egitasmoa oso aurreratuta dute, bideoak ere grabatuta daude, eta espero dute aurten inauguratu ahal izatea.

Baina berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat EHNA Euskal Herriko Nortasun Agiria berriro tramitatzen hastea izango da.«2017ko gogoeta prozesuan, hura izan zen hautetsiek, herritarrek eta eragileek gehien eskatutako ekinbidea», azaldu du Intxauspe lehendakariak. Eskaera horiek aintzat hartuta, Udalbiltzak aurtengo lehen sei hilabeteak erabiliko ditu proiektua teknikoki gaurkotzeko, eta gero hasiko da agiria berriro tramitatzen.

Beste berrikuntza bat: 2014-2015ean, Udalbiltzak Pirinioetan lan eta bizi programa antolatu zuen eremu horretan, eta emaitzak «oso positiboak» izan ziren. Aurtengo asmoa da garapen ekonomiko eta soziala sustatuko duen mota horretako beste programa bat antolatzea, nazio ikuspegitik estrategikoa izan daitekeen eskualde batean.

Hauteskunde urtea izango da aurtengoa Hego Euskal Herrian—udal eta foru bozak—, eta horrek aldaketak ekarriko dizkio Udalbiltzari, hautetsi eta udalerrien partzuergoa den aldetik. Intxauspek dioenez, trantsizioa prestaturik dute: alde batetik, hauteskundeen ostean atxikitze kanpaina egingo dute hautetsi berriek bat egin dezaten erakundearekin, eta, beste aldetik, aurreikusten dute zuzendaritzan ere aldaketak egongo direla: «Kide batzuek, horien artean nik, ibilbide politikoa utziko dugu; horrek ezinbestean aldaketak ekarriko ditu. Arlo hori ere lantzen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.