Erkorekak EAJ-PSE ituna goretsi du, memoria arloan ados ez badaude ere

Jaurlaritzako eledunak esan du Memoria Lantaldeko desadostasunek ez dutela eraginik gobernu jardunean. PSE-EEk EH Bilduren jarrera txarretsi du: «Ez da gai esateko hiltzea gaizki egon zela»

Talde politikoetako ordezkariak, herenegun, Eusko Legebiltzarreko Memoria Lantaldearen bileran. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jon olano
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Memoria Lantaldeak katramilatuta jarraitzen du iazko abenduaren 17tik, ondorio adostu batzuetara ezin ailegatuta eta, beraz, ezin aurrera eginda. Lantaldea herenegun batzartu zen, eta indar politikoek ez zioten irtenbiderik topatu blokeo horri; areago, desadostasunak azaleratu ziren Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdien artean. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, ordea, uste du desadostasun horiek ez dutela eraginik gobernuaren jardunean, eta EAJk eta PSE-EEk «kohesio handienarekin» jarraituko dutela lanean gobernu programa betetzeko: «Denek jakina zen akordioak lortzea ez zela erraza izango».

Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian galdetu zioten gaiaz Erkorekari, atzo. Erantzun zuen egin beharrekoa dela «hitz eta une egokiak» topatzea «aho batez eta modu argi eta irmoan» esateko «giza eskubideak eta aniztasun politikoa beti errespetatu behar zirela, denbora, leku eta baldintza salbuespenik gabe». Bi urte dira Memoria Lantaldea lanean hasi zela, eta, ez atzera ez aurrera dagoen arren, Erkorekak espero du egindako lanak ez geratzea «ezerezean», baina aitortu du hauteskunde atariko giroa ez dela «egokiena» akordioak lortzeko. German Urizar euskal preso ohiari eginiko harreraren inguruan galdetuta, berriz, Erkorekak «erabateko desadostasuna» agertu zuen harrera egitearekin, baina gogorarazi zuen ekitaldiak epaitegien baimena zuela eta «arbuiagarria» izateak ez duela esan nahi harrera horiek delitu direnik.

Agerraldien faseaz sintesi txostena aurkeztu zuen iaz Ana Oregi lantaldeko presidenteak (EAJ), baina PSE-EEk desadostasunak agertu zituen abenduaren 17ko bileran. Izan ere, sozialistek uste dute ezinbestekoa dela 2012an Eusko Legebiltzarrak ezarritako «zoru etikoa» jartzea gutxieneko langa gisa. Legealdi horretan, ordea, ezker abertzalearen ildo ofizialak ez zuen ordezkaritzarik parlamentuan, 2009ko hauteskundeetara aurkeztu zuen zerrenda legez kanporatu zutela-eta. EH Bilduk ere erabateko desadostasuna azaldua dio Oregiren sintesi agiriari, eta ez dator bat PSE-EEren jarrerarekin; koalizio subiranistak uste du sozialistak batzordea blokeatu nahian ari direla. Hori horrela, lantaldearen egoerak tirabirak sortu ditu gobernuko bazkideen artean; ez edukian, baizik eta, batez ere, akordiorik ezean lantaldeak aurrera egiteko aukeran. PPk ez du parte hartzen batzordean.

Iñaki Arriola Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak atzo berretsi zuen PSE-EEren jarrera, EH Bilduk lantaldean duen jokamoldeari kritika eginda; koalizioari egotzi zion «elkarbizitzari mesederik» ez egitea, «ez delako gai esateko hiltzea gaizki egon zela». «Oinarrizko akordioak lortzeko nahia» adierazi zuen, baina, horretarako, uste du beharrezkoa dela «iraganeko akatsak eta gaizki egindakoak aitortzea», etorkizuneko bizikidetza «oinarri sendoen gainean» eraiki dadin: «Bestela, arriskua dugu historia errepikatzeko».

Bilboko Foroa, gaur

Legebiltzarretik kanpo, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Foroak topaketa bat antolatu du gaur arratsalderako, Begoñan (19:30). Bi lagun ariko dira hizketan: Conchi Fernandez eta Luis Mari Vega. Fernandezen aita, Antonio Fernandez Elorriaga, Espainiako Poliziak hil zuen Erandion (Bizkaia), 1969an; Vegaren lehengusua, berriz, Iñaki Totorika ertzaina, ETAk hil zuen 2001eko martxoaren 9an, Hernanin (Gipuzkoa). Foroa 2017ko urrian osatu zuten, indarkeriari buruzko testigantzak hiriko auzo guztietara eramateko, eta gaurkoa Mina. Dolumina. Bakemina izenburupean eginiko jardunaldi sortako zazpigarrena izango da. Hurrengoa, apirilaren 3an Abandon egingo dutena, zikloko azkena izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.