Kalkulagailua aterata dabiltza

UPNk Ciudadanosekin ere lortu du ituna foru bozetara batera aurkezteko; Navarra Suma hirukoa osatuko dute, PPrekin. 2015ean bereiz aurkezteak ez zien mesederik egin. «Gobernu konstituzionala» nahi dute

Javier Esparza UPNko presidentea, atzo gauean, Iruñean emandako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Berritasun handi batekin datoz maiatzaren 26ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak: hirukoa osatuko dute UPNk, PPk eta Ciudadanosek. Lehen bien arteko ituna joan den astean iragarri zuten jendaurrean, baina lehen ere joan izan dira batera. Haiei Ciudadanos batzea da berritasuna, eta garrantzitsua, ustez. Aukera hori bazebilen zirkulazioan azkeneko egunetan, eta Madrilen eman du berria Albert Rivera Espainiako Ciudadanoseko presidenteak, 2004ko martxoaren 11ko atentatuetan hildakoak oroitzeko ekitaldi batean. Eskuineko indar «konstituzionalak» batu nahi dituzte hiru alderdiek. Aterako zuten kalkulagailua: Nafarroako 2015eko bozetan, hamazazpi parlamentari atera zituzten —UPNk hamabost, PPk bi, eta Ciudadanosek batere ez, eta eskas izan ziren, UPNk gobernua galdu egin baitzuen abertzaleen-eta mesedetan—, eta, hipotesi bat eginda, hirurak koalizioan joan izan balira hemeretzi zituzketen —eta, D'Hont legea erabiliz, PSNren zazpiekin, gehiengo osoa—. Voxen balizko sarreraren aurrean ere indar bat erakutsi nahi dute.

«Espainiaren eta Nafarroaren historiaren une delikatu batean gaude», adierazi du Riverak, Madrilen. «Abertzaleek euren eredua ezarri nahi dute [Espainiako] egungo gobernuarekin. Batu egin behar dugu Nafarroagatik eta Espainiagatik». Uste du baturak modua emango duela Nafarroan «gobernu konstituzionala» egoteko. Aurreratu du Ciudadanosek ez duela eskatuko Itun Ekonomikoa bertan behera uztea, nahiz eta esan duen kalkulua beste era batera egin beharko litzatekeela. Foru bozetan ez ezik, Nafarroako udal batzuetakoan ere batera joateko asmoa daukate.

UPNren Kontseilu Politikoak ontzat eman zuen atzo iluntzean Ciudadanosekin batera aurkeztea —kontseiluaren %94k bozkatu zuen alde—, eta sortuko duten plataforma berri horri Navarra Suma izena jarriko diotela jakinarazi du Javier Esparza presidenteak. «Oso harro nago horrelako alderdi baten buru naizelako. Lurralde hau jartzen duelako lehenengo, guztiaren aurretik; Nafarroako gizartea jartzen duelako lehenengo, siglen gainetik», nabarmendu du Esparzak.

Ana Beltran Nafarroako PPko buruak esan du «itun ona» dela «Nafarroa eta Espainiarentzat».

Kritikak akordioari

Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak uste du UPNk «beldurragatik» egin dituela akordioak. «Edukirik gabeko batasuna da; nahi duten bakarra da nola edo hala gobernura itzultzea». Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak adierazi du «itunaren helburua aldaketak ekarri dituen eta etorkizunean ekarriko dituen aurrerapausoak geldiaraztea» dela. Laura Perezek (Orain Bai) iritzi dio «aldaketaren» aldeko indarrek ere batasuna agertu beharko luketela. Marisa de Simonek (Ezkerra) dio UPNk «izua» diola «aldaketaren jarraipenari».

Maria Txibiteren (PSN) arabera, Nafarroan, eskuinaren eta abertzaleen espazioek ez ezik, bere alderdiak ere badu toki garbi bat.

EH Bilduk erabakigarria izan nahi du Madrilen, ERCrekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.