Egiteko modu «berri» bat

Tolosaldeko Euskararen Mahaia sortu dute eskualdeko eragileek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskualdeko hizkuntza politika adosteko «erabakigunea» izan nahi du foroak

Tolosaldeko Euskararen Mahaia sustatu duten eragileetako ordezkari batzuk, Alegian atzo eginiko aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Alegia
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Euskalgintzako eragileek lan egiteko modu «berritzaile bat» abiatuko dute Tolosaldean (Gipuzkoa). Alor horretan diharduten gizarte eragileen eta instituzioen arteko elkarlana bultzatu nahi dute, eta, horretarako, Tolosaldeko Euskararen Mahaia sortu dute. Tokiko eragileekin batera arituko dira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. «Aurrekorik ez duen egitasmoa da». Sustatzaileek nabarmendu dutenez, «erreferente» izan nahi du beste eskualdeentzat eta euskalgintzarentzat oro har.

Alegiako udaletxean aurkeztu zuten, atzo. Azaldu dutenez, mahaia bihurtu nahi dute eskualdeko hizkuntza politika adosteko eta garatzeko «erabakigune». Horrekin, euskararekin loturiko «gobernantza eredu berritzaile bat» jarri nahi dute martxan, «elkarlanean eta lidergo partekatuan» oinarrituta.

Egitasmoarekin bat egin dute Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eskualdeko udalek, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Tolosaldea Garatzen agentziak, ikastetxe eta euskaltegiek eta tokiko hedabideek, besteak beste. Datozen aste eta hilabeteetan eragile gehiago batzea espero dute.

Egitasmoa babestu dutenak konprometitu dira erakunde bakoitzaren autonomia aintzat hartzera, eta «murrizketarik edo kalterik» ez egitera batzuen zein besteen egitekoetan; halaber, lankidetzarako eremuak adostera engaiatu dira, eta ekinaldi zehatzetan baliabide teknikoak jartzera eta babes ekonomikoa eskaintzera.

Euskara, «kohesiorako»

Nabarmendu dutenez, gizon eta emakumeen berdintasunarekin, kultur aniztasunarekin eta bizikidetzarekin loturiko eragileek ere parte hartuko dute mahaian—orain arteko lanetan ere aritu dira—. Lantaldeko kideen arabera, hizkuntza politikak eraginkorra izan nahi badu, aintzat hartu beharko ditu elementu horiek.

Izan ere, egitasmoaren helburua da euskara txertatzea eskualdeko bizitza sozialean, ekonomikoan eta kulturalean, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute herritarren «komunikaziorako eta kohesiorako hizkuntza» izatea. Soilik horrela izango da «eskualdeko hizkuntza nagusia», sustatzaileen arabera.

Gogoratu dutenez, Tolosaldeko herritar «gehien-gehienak» euskaldunak dira: biztanleen %75 euskal hiztunak dira, eta beste %10ek ulertzen dute euskara. Hala ere, ohartarazi dute egun hori hala izateak ez duela bermatzen etorkizunean ere izatea, gertatzen ari diren eta gerta litezkeen askotariko aldaketengatik. «Euskal Herriko inguru euskaldunen artean gaude, eta hori, harrotasunez ez ezik, erantzukizunez ere hartu behar dugu».

Tolosako Galtzaundi euskara taldeak jarri zuen martxan egitasmoa iaz, eta eskualdeko eragileekin batera talde sustatzailean aritu dira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.