Bardozekoa «feminizidioa» dela erantzun die sendiak erakundeei

Autopsiaren arabera, Chantal Monte lo zegoen bitartean tirokatu zuen senarrak. Bardozeko auzapezak hiltzaileari «gorazarre» egin izana irmoki salatu dute biktimaren senitartekoek

Biktimaren sendia auzapezarekin mintzo, erailketa salatzeko elkarretaratzean, Bardozeko herriko etxearen aitzinean, ekainaren 28an. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Chantal Monteri, iragan astean Bardozen (Lapurdi) hil zuten emakumeari, lo zegoela egin zion tiro senarrak. Hori eman du erakustera astelehenean Bordelen (Okzitania) bi gorpuei egin zieten autopsiak, biktimaren familiak BERRIAri jakinarazi dionez. Sendia kexu agertu da azken egunetan prentsak eta auzapezak aferari eman dioten trataeraz. «Feminizidioa» izan dela azpimarratu du.

Monteren hilketa salatzeko ekainaren 28an eginiko elkarretaratzean egon ziren biktimaren alabak eta bilobak, eta auzapezarekin elkarrizketa gatazkatsua izan zuten. Monteren biloba Salimaren arabera, «ezin erranak diren hitzak izan ditu prentsan, baita gure aurrean ere, hiltzaile baten gorazarrea eginez». Izan ere, Jean Paul Diribarne auzapezak adierazi zuen «herria, gizon horri gertatu zaionari begira, hunkitua» zela; «familia dramatzat» jo zuen hilketa. Horrek «biktimaren duintasunaren aurka» egiten duela salatu du Salimak.

Familiari gertatutakoa «drama» bat bada ere, argi du «feminizidio bat» dela. Garrantzitsutzat jo du indarkeria matxista sistemikoa salatzea: «Gizon batzuek uste dute emazteen gaineko boterea dutela eta bizia kentzeko eskubidea dutela segundo bakarrean». Aurrez «kontzientzia feminista» baldin badu ere, lehen manifestazioa zuen Salimak, «tristeki sinbolikoa» amatxi zuenaren omenez izan delako. Publikoki hitz egiteko erabakia hartu dute biktimaren alabek eta bilobek, komunikabideetan hiltzailearen memoria baizik ez delako aipatzen, haien ustez. Monte andre «eskuzabala eta borrokalaria» zela esan, eta hala oroitua izan dadin nahi du bilobak.

Ehungarren biktima 2003tik

Ekainaren 25ean aurkitu zituzten bi gorpuak, Bardozeko etxebizitzan. Biktimak 72 urte zituen, eta bikotekideak, 90. Neskameak atea itxirik topatu ondoan, auzoak abisatu eta suhiltzaileak deitu zituzten. Larrialdi zerbitzuek bi gorpuak atzeman zituzten bertan. Gizonak ehizarako eskopeta batekin tiro egin zion andreari, eta bere burua hil zuen gero. Azpimarratzekoa da ekainaren 17an Urruñan (Lapurdi) izandako hilketa matxista baldintza bertsuetan gertatu zela: senarrak Mayie Nervie izeneko 81 urteko emaztea hil zuen, tiroz, eta gero bere buruaz beste egin zuen.

Indarkeria matxistak 2003tik Euskal Herrian egindako ehungarren biktima da Monte, eta aurtengo bigarrena. Lapurdin, 2003az gero 21 emakume hil dituzte, BERRIAren kontaketaren arabera. Euskal Herriko lurralde horretan gertatzen da hilketa matxista gehien, biztanle kopuruaren proportzioa kontuan harturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.