Euskalgintzak kalean erantzungo die euskararen dekretuaren aurkako epaiei

Kontseiluak antolatuta, elkarretaratzea eginen dute hilaren 19an, Nafarroako Gobernuaren aurrean. «Ausardia» eskatu diote Txibite lehendakariari, eta kritikatu egin dute UGT sindikatuaren jokabidea

Kontseiluko, Behatokiko, Nafarroako Ikastolen Elkarteko, AEK-ko eta IKAko ordezkariak, atzo, elkarretaratzearen aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Kalera aterako dira. Euskara administrazioan arautzeko foru dekretua kamustu duten epaiei aurre eginen diete euskararen aldeko gizarte eragileek, Kontseiluan bilduta. Heldu den asteko larunbatean izanen da protesta, hilaren 19an, 12:00etan, Karlos III.aren etorbidean, Nafarroako jauregiaren aurrean. Atzo egin zuten elkarretaratzera batzeko deialdia, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan eginiko agerraldi batean.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok txarretsi egin zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententzia: «Duela urtebete, Iruñeko kaleetara atera ginen, eskaera zehatz batekin: justizia, berdintasuna eta kohesioa berma daitezela behingoz. Aldarrikapen hori, tamalez, ez da bete, eta Nafarroako Auzitegiak berriki kaleratutako epaiek muzin egiten diete hiru helburu horiei».

Hala ere, Bilbaok gaineratu zuen epaiaren oinarrian «gaur egun indarrean den esparru juridiko osoa» dagoela. Zehazki, egun indarrean den Euskararen Legea kritikatu zuen: «Legeak ematen die bide horrelako epaiei; herritarren hizkuntza eskubideak ez badira behar bezala aitortzen, ezinezkoa da erakundeei betebeharrak ezartzea».

UGTren eta, oro har, euskararen dekretua auzitara eraman zuten sindikatuen adierazpenek ere «kezka» eragiten diotela azpimarratu zuen Bilbaok, «euskara bera desagerrarazteko eskaera egin baitzuten, eta epaileek beraiek erantzun baitzieten horiek ez zirela irizpide juridikoak, politikoak baizik».

Kontseiluko idazkari nagusiaren aburuz, gainera, «oso larria da» UGTk, Afapnak, SATSEk eta Medikuen Sindikatuak helegitea jarri izana euskararen dekretuko artikulu guztiei, baita euskararen ikusgarritasunari buruzkoei ere: «Sindikatu batek langileen eskubideen alde lan egin beharko luke, baina ez dugu argi zer lotura duen horrek euskarazko seinaleekin eta hizkuntzaren ikusgarritasunarekin».

Hala ere, Bilbaok azpimarratu zuen epaiak ez duela debekurik ezartzen. Hortaz, euskara meritu gisa aintzat hartzea edota bide seinale eta paisaia linguistikoan ikusgai paratzea «borondate politiko kontua» besterik ez dela: «Epai horrek bidea zailduko du, baina horrek ez du esan nahi lan deialdietan euskararen ezagutza aintzat hartu ezin denik edo inprimakiak ele biz argitaratu ezin direnik. Hori dela eta, «ausardia» eskatu zion Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiteri, «epaiaren irakurketa murriztaileak saihestu eta urratsa egiteko».

Areago, «gogoeta egiteko» eskatu zien Nafarroako talde politiko guztiei: «Ez genuke ulertuko atzera ere garai bateko hizkuntza politika ilunetara itzultzea». Hori guztia «kalean» aldarrikatzeko deia egin zuen Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.