Katalunia. Poliziaren indarkeria

Mossoek ordena zaintzen dutela erantzun die Buchek kritikei

Milaka pertsona kalera irten dira Bartzelonan, Poliziaren azken egunetako indarkeria arbuiatzeko. Espainiako Gobernuak beste 300 polizia inguru bidaliko ditu Kataluniara

Miquel Buchen agerraldia, atzo, mossoen jardunaz azalpenak emateko. E. F. / EFE.
jon olano
Bartzelona
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiak protesta ugari eragin ditu astelehenaz geroztik Kataluniako hainbat tokitan, eta, azken orduetan, honako honek sortu du eztabaida: mosoek zer jokamolde izan duten protesta horiei erantzuteko. Atzo arratsaldean, Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilaria jendaurrean azalpenak ematera irten zen, eta babestu egin zuen mossoek eginiko lana bai astelehenean Bartzelonako Prat aireportuan bai asteartean Gracia pasealekuan: «Generalitateak ez du saihestuko eskubideak, askatasunak eta herritarren segurtasuna bermatzeko erantzukizuna».

Astelehenean eta asteartean, mossoak manifestariei oldartu zitzaizkien; kasu batzuetan, furgonetekin ia harrapatuz. Guztira, 31 lagun atxilotu dituzte, eta 200 baino gehiago zauritu dira. Fiskaltzak jakinarazi du gertakari horiek aztertuko dituela, auzitara jo dezakeen erabakitzeko, eta, Alerta Solidariak zabaldu duenez, fiskalak eskatu du asteartean atxilotuetako lau baldintzarik gabe espetxeratzeko —Kataluniako Gobernuak ere kartzelara bidaltzeko eskatu du, baina bermearekin—.

Liskar horiek erreakzio soka luzea eragin dute. Handiena, atzo arratsaldean Bartzelonako Etorbide Nagusiaren eta Marina kaleen artean CDR errepublikaren defentsarako batzordeek deitutako mobilizazioa. Poliziaren indarkeria salatzeko, milaka lagun batu ziren, eta, antolatzaileen deiari jarraituz, komuneko paperarekin joan ziren horietako asko, Kaka asko dago garbitzeke baitzen leloetako bat.

Mobilizazioa Kataluniako Barne Departamentutik gertu egin zuten, eta hara zuzendu ziren hainbat lagun elkarretaratzea amaitu eta gero. Han, liskarrak sortu ziren Poliziaren eta protestan ari zirenen artean.

Atzo goizean, buruzagi independentista presoek mezu bera zabaldu zuten sare sozialetan, minutu gutxiren buruan: «Babes osoa mobilizazio eta martxa masibo eta baketsuei. Ezein indarkeriak ez gaitu ordezkatzen». Orobat, Espainiako Gobernuak beste 300 bat polizia bidaliko ditu Kataluniara, liskarrei aurre egiteko. 2.000 bidaliak zituen aurretik.

Mossoen jokamoldea kritikatu egin dute hainbat sektoreren aldetik: esaterako, ERCk ohar bat plazaratu zuen, «jarduera polizial justifikaezinengatik erantzukizunak» eskatuz. Ada Colau Bartzelonako alkateak, berriz, galdegin zuen Generalitateak azalpenak emateko. Alderdi horretako gazte antolakundeak ere azaldu zuen «babesa erretiratu» diola Buchi. Hura babestera ere irten ziren, ordea: Junts Per Catalunyaren talde parlamentarioak sostengua adierazi dio, baina eskatu du gertatutakoa ikertzeko.

Hala egiten dutela ziurtatu zuen Buchek: «Mossoek irudi guztiak aztertzen dituzte, ikusteko baden jarduerarik protokoloetara egokitzen ez dena». Horren aurretik, nabarmendu zuen milaka herritar irten direla kalera modu baketsuan protesta egitera, baina antzeman dituztela «talde bazter nahasleak» ere, eta horiek «bakartu» behar direla: «Polizia herritarren manifestazio eskubidea babesteko dago, baina indarkeria ekintzak badaude, Poliziak esku hartuko du». Gaineratu zuen «batzuek» ez dutela nahi Kataluniak «Polizia eredu propio bat» izan dezan.

Errepide mozketak

Mossoen moduak eztabaidaren erdigunean direlarik, Kataluniako Poliziak kargak egin zituen berriro ere atzoko egunean zehar. Izan ere, hainbat errepide moztu zituzten; Igualadan, esaterako, zenbait ikaslek barrikadak jarri zituzten A-2an, eta horien aurka egin zuten mossoek. Bartzelonan, beste 400 ikaslek Gran Viako zirkulazioa eten zuten, eta gisa horretako ekintza gehiago izan ziren hiriburuko beste kale batzuetan.

Ez soilik errepideetan: Bartzelona eta Figueres arteko abiadura handiko trena etenda egon zen hainbat orduz, seinalizazioari eragiten zion zuntz optikoari eraso egin baitzioten. Halaber, Ikasleek Bartzelonako Autonoma Unibertsitateko (UAB) errektoretza okupatu zuten, eta ikasle mugimenduak agerraldi bat antolatu du gaurko; «sorpresa bat» iragarri dute. Errepideetako gorabeherez aparte, mossoek bi lagun atxilotu zituzten Bartzelonako Horta auzoan, Ciudadanosen ekitaldi baten kontra egitea egotzita.

Atzo, Quim Torra Generalitateko presidenteak mossoen jarrerari buruzko balorazio bat egitea saihestu zuen, baina Pere Aragones presidenteordeak «lasaitasunera» deitu zuen, nabarmenduta mugimendu independentistaren indarra «bakezaletasuna» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.