Kritikoen protesta artean, EAk Eba Blanco izendatu du alderdiko idazkari nagusi

Alderdiaren egoeraz «kezkatuta» baina «ilusioz» hartu du kargua. Ramirezek salatu du izendapena baliogabea dela Berme Batzordeak helegitea ebatzi arte

Eba Blanco EAko idazkari nagusi berria, legebiltzarreko sarreran, artxiboko argazki batean. BERRIA.
jon olano
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun

Eusko Alkartasunak idazkari nagusi berria dauka: Eba Blanco Angulo (Amurrio, Araba, 1973). Alderdiko Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak atzo izendatu zuen kargurako, harena izan eta gero hauteskunde primarioetan balekotzat jotako hautagaitza bakarra. Alderdiaren barne egoera aintzat hartuta, Blancok «kezka handiz» baina «ilusioz» hartu du ardura, eta EA «kohesionatzea» izango da haren helburua. Mami politikoari helduta, haren xede nagusien artean egongo da «proiektu politiko egokiena» osatzea «sozialdemokrazian, feminismoan eta ingurumenaren zaintzan» oinarrituta, horrela «Euskal Herrian burujabetza politikoa eta justizia soziala erdiesteko».

EAk duen zazpigarren arduradun nagusia da Blanco, eta, Begoña Erraztiren ostean, bigarren emakumezkoa. Pello Urizarrek zuzendu du alderdia azken hamarkadan, baina, hark ekainean dimisioa eman eta gero, Joseba Gezuraga izan da behin-behineko idazkari nagusia azken lau hilabeteetan. Blancok gaur goizean egingo du kargua hartu ondorengo lehen prentsaurrekoa, Gasteizko alkartetxean.

Blancoren izendapenak, ordea, lehendik harro zeuden hautsak are gehiago harrotuko ditu alderdi barruan. Maiorga Ramirezen hautagaitza primarioetatik kanpo utzi izanak EAko sektore kritikoa sumindu du, eta, atzo bertan, alderdiko barne araudia ez betetzea egotzi zioten Blancori: «Erabat kontziente da Berme Batzordeari dagokiola Ramirezek aurkeztutako helegitea ebaztea, eta, beraz, izendapena baliogabea da Berme Batzordeak ebazpen bat ematen duen arte».

Lehen aldia da idazkari nagusia aukeratzeko EAk hauteskunde primarioen prozesu bat abiatu duena, eta bidea erabat katramilatu da azken asteetan. Urriaren 4an, alderdiko Berme Batzordeak moldatu egin zuen alderdiko Nazio Batzarrak ekainean onartutako araudia, primarioen prozesua zuzendu behar zuena; moldaketa horren arabera, hautagaiek nahikoa zuten gutxienez 50 abal aurkeztea, herrialde bakoitzean gutxienez bost abal jaso beharrik gabe. Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak, ordea, primarioen ekaineko araudia hartu zuen aintzat, eta ebatzi zuen Ramirezek ez zituela baleko bost abal bildu Iparraldeko afiliatuen artean. Horrela, prozesutik kanpo utzi zuen Ramirezen hautagaitza, hark 400 abal baino gehiago eskuratu zituen arren —Blancok, 60 bat—.

Egoera horren aurrean, Berme Batzordean helegitea aurkeztu zuen Ramirezek, baina organo horrek oraindik ez du erabakirik jakinarazi. Helegitea aurkeztuta, Blancok ere aukera izan zuen alegazioak aurkezteko, eta eskatu zuen primarioei buruzko erabakietatik kanpo uzteko Berme Batzordeko bi kide. Bost kidez osatuta dago batzordea, eta talde hori «sistematikoki» ari da ildo kritikoaren aldeko ebazpenak ematen —3-2 izan ohi dira emaitzak—. Blancoren arabera, bost horietako batek abala eman zion Ramirezen hautagaitzari. Bestea sektore kritikoko kide ezagun baten senarra da. Beraz, Blancok uste du batzordearen «neutraltasuna eta inpartzialtasuna auzitan» daudela eta «interes pertsonalak» dituztela. Biak prozesutik kanpo utzita, sektore bakoitzak talde horretan duen indar korrelazioa aldatuko litzateke batzordean.

«Atzeko atetik»

Horiek horrela, Ramirezen hautagaitzak atzo nabarmendu zuen Berme Batzordeari dagokiola «azken hitza», eta erantsi zuen haren ebazpenik gabe Blanco ezin dutela idazkari nagusi izendatu: «Hau gehitu egin behar zaio alderdiko zuzendaritzak primarioen prozesu osoan gauzatutako zentzugabekeriari, eta erakusten du Eba Blanco, Eusko Legebiltzarreko lehendakariordea, gai dela afiliazioa alde batera uzteko EAren idazkaritza nagusira atzeko atetik sartzeko». Orain, sektore kritikoak «itxaron» egingo du Berme Batzordeak, «afiliazioaren eskubideen zaintzaileak», ebazpen bat plazaratu arte, «Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak eta Blancok egin beharko luketen bezala»: «Blancok presa handia badu ere idazkaritza nagusiko aulkia betetzeko, denok egon behar dugu Berme Batzordearen erabakiaren zain, eta hura errespetatu behar dugu».

Igandean Noticias taldean argitaratutako elkarrizketa batean, harago joan zen Ramirez: esan zuen Blancok ez duela idazkari nagusi izateko «zilegitasunik» izango alderdiko kideek bozketa batean aukeratzen ez badute. Edozein modutan, baztertu egin zuen eszisio bat gertatzea: «EAren proiektua gure sentitzen dugu».

2017ko ekaineko kongresuan azaleratu ziren EAko bi ildoen arteko desadostasunak; biltzar hartan, bi sektoreek lantalde politiko bat adostu zuten, baina bi hautagai aurkeztu ziren idazkaritza nagusirako: Pello Urizar eta Maiorga Ramirez. Urizar nagusitu zen, hamalau botoren aldearekin —152 eta 138—. Funtsean dagoen eztabaida da EAk zer-nolako rola jokatu behar duen EH Bildun eta horrek alderdien arteko koalizio bat izan behar duen edo integrazio handiagoa behar duen. Bi ildoek nabarmendu izan dute desadostasuna ez dela EH Bilduren proiektuari buruzkoa, koalizioan alderdiek eta independenteek izan beharreko pisuari buruzkoa baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.