Koronabirusa

Ipar Euskal Herria, «gorrian»

Koronabirusaren Zirkulazio Zona Aktiboan kokatu du Ipar Euskal Herria Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluak. Egoerari buruzko argipenak emanen ditu gaur Eric Spitz prefetak

PCR probetan lehentasunezko zirkuituak ezarriko dituztela iragarri du Jean Castexek. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herria «zona gorrira» pasatzea erabaki du Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluak. Hala jakinarazi zuen Jean Castex Frantziako lehen ministroak atzo arratsaldean. 42 departamendu birusaren Zirkulazio Zona Aktiboan daudela iragarri zuen, eta, beraz, tokian tokiko prefetek neurri berezituak hartzeko aukera izanen dutela. Ez zuen departamenduen zerrenda zehaztu, baina, Pirinio Atlantikoetako prefeturako iturriek BERRIAri baieztatu diotenez, departamendua, eta beraz, Ipar Euskal Herria «zona gorrian da». Gaur goizean prentsaurrekoa eginen du Eric Spitz prefetak, egoeraren berri emateko.

Esperotako berria da, Frantziako osasun agintaritzaren datuen arabera Pirinio Atlantikoen Departamenduan 100.000 biztanleko 50 kasu positiboren langa gainditu baitzen asteazkenean.Frantziako Gobernuaren protokoloaren arabera, langa hori gaindituz gero «zona gorrira» pasatzen dira departamenduak, baina Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluari zegokion erabakia.

Zona gorrian sartzeak, botere gehiago ematen dio prefetari neurriak ezartzeko. Besteak beste, herritarren joan-etorriak mugatu ditzake, eta publikoari irekiak diren eraikinetan publikoari harrera egitea mugatu edo debekatu dezake. Halere, hainbat jarduera debekatzeko eskubidea du.Azken egunetan, positibo kasu bat baino gehiago agertu da hainbat ikastetxetan. Ondorioz, ikasgelak bakartu edo eskolak ixtea erabaki dute hainbat lekutan.

Berrogeialdi murriztua

Frantziako lehen ministroak adierazi du «egoera epidemiologikoa» okertu egin dela azken asteetan. 100.000 pertsonako 72 kasu positibo daude Frantzian, eta aitzineko astean 53 ziren. Birusaren kontrako «borroka» segitu behar dela erran du, «bizitza sozial, kultural eta ekonomikoa, haurren hezkuntza eta bizitza normala zalantzan jarri gabe». Uda garaian «laxatze» bat izan dela salatu du, eta azpimarratu du «gure esku» dagoela segurtasun neurriak betetzea.

Halaber, Castexek adierazi du Frantziak «masiboki» eginen dituela testak, kutsatze kateak hausteko. Gaur egun, milioi bat test egiten dituzte astero, haren arabera. «Europan test gehien egiten duten herrialdeetan hirugarrena gara; berri ona da». Baina onartu du itxaron denbora luzeegiak eragin dituela, bereziki hiri batzuetan. «Lehentasunezkoak» diren pertsonentzat zirkuitu berezituak indartuko dituztela iragarri du, ordutegi berezituak ezarriz.

Positibo testatuentzat eta haiekin kontaktuan egon direnentzat bi erabaki hartu dituztela ere iragarri du: 2.000 lanpostu gehiago Eskualdeko Osasun Agentzian eta gizarte segurantzan, gaixoen jarraipen sistemarentzat. Halaber, COVID-19ak kutsatutakoen berrogeialdia hamalau egunetik zazpi egunera apalduko dutela adierazi du. «Ezinbestekoa da bakartze aldia atxikitzea: kontrolak egonen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.