Koronabirusa

Beste herrialdeetako tasak bikoiztu egin ditu koronabirusak Nafarroan

Probetan positibo eman dutenen eta ospitalean sartu dituztenen tasa nabarmen handiagoa da, nahiz eta gobernuaren arabera «egonkortzen» ari den. Nafarroan daude Hegoaldeko ospitaleratuen %40

Uxue Rey Gorraiz.
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Birusa bereziki ari da Nafarroa zigortzen. Herrialde guztiak hartu ditu pandemiak, baina ez neurri berean: Nafarroan erregistratutako datuek aise gainditzen dituzte gainerako herrialdeetakoak, okerrera. Hego Euskal Herrian daude horrelako azterketak egin ahal izateko datuak —Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datuak ez dira ematen ari—, eta adierazle gehienetan joera makurra ageri da Nafarroan: kutsatuen tasan, PCR positiboen tasan eta ospitaleratuen tasan, hiruretan dira okerrenak Nafarroako zenbakiak. «Egonkortasuna» iritsi dela dio gobernuak, baina zenbakien heina handia da oraindik ere.

Kutsatzeen datuak apalagoak izan dira iragan egunetan Hegoaldean. Nafarroan bertan ere, bigarren egunez jarraian, apaldu egin da kutsatuen kurba. Beherakada nabarmena izan da, are gehiago kontuan izanik joan den astean bigarren olatuko daturik makurrenak erregistratu zituztela herrialdean: 421 positibo detektatu zituzten egun bakarrean. Aldiz, herenegun egindako PCR probetan oinarrituta, 223 positibo atzeman dituzte foru erkidegoan.

Hegoaldeko gainerako lurraldeen egoera aztertuta, Bizkaian eta Araban ere apaltzera egin du egun bakarrean atzemandako positibo kopuruak. Kontrara, kasuak ugaritu egin dira Gipuzkoan egindako testetan. Zehazki, 175 zenbatu dituzte, aurreko egunean baino 37 gehiago. Egun berean, 138 positibo izan dira Bizkaian, eta 63 Araban. Hala, bezperako datuekin konparatuta, ia ehun kasu gutxiago erregistratu dituzte Hegoaldean: osotara 608 positibo, 10.969 PCR proba eginda —testen %5,5ek eman dute positibo—. Irailean, gorabehera handi samarrak izan dira detektatutako kutsatuei dagokienez egun batetik bestera. Esaterako, 977 izan ziren irailaren 12an. Handik bi egunera, hilaren 14an, 573. Proportzioan, hala ere, asko izan dira positiboak Nafarroan: zehazki, irailean Hegoaldean jasotako positiboen %35 dira Nafarroakoak.

Azken egunetan kasuak gutxitu diren arren, ezinegona eragiteko modukoak dira pandemiak azken asteetan Nafarroan utzitako datuak. Argigarria da, esaterako, foru erkidegoan 100.000 biztanleko 659ri atzeman dietela birusa hamalau egunean. Irailaren 21etik aurrera, ez da jaitsi 600 kasuren langatik bi asteko datuak hartuta. Hegoaldeko beste lurraldeetan, berriz, batek ere ez du gainditu 100.000 biztanleko 400 kasuren langa. Orain, horien artean, Arabak du tasa handiena, baina urrun dago Nafarroakotik: 303 positibo dituzte 100.000 biztanleko, Nafarroakoen erdiak baino gutxiago.

Kutsatuen heina

Nafarroaren egoera sakonki aztertuta, Iruñean atzeman dituzte azken egunean lurralde osoan erregistratutako 223 kasuen %57. Tutera inguruan detektatu dituzte %22, eta Lizarrerrian %5. Biztanle kopuruarekin alderatuta, Iruñerriko osasun eremu batzuek pilatu dute positibo ugari asteotan, eta Nafarroa hegoaldeko herri batzuek —gogoan izatekoa da konfinatuta daudela Azkoien, Funes, Faltzes eta San Adrian—.

Kutsatuen kopurua ez ezik, interesgarria da positibo eman duten proben ehunekoa ere aztertzea: alegia, egindako PCR probetatik zenbatetan atzeman duten birusa. Nafarroako tasa nabarmen altuagoa da adierazle horretan ere: herenegun egindako 3.317 PCR probetatik %6,7k eman dute positibo. Ehuneko handia da Osakidetzak egindako probekin alderatzen bada, baina Nafarroak berak izan ditu datu kezkagarriagoak. Irailaren 14ko zenbakia izan zen makurrena: egindako proben %16k eman zuten positibo. Ordutik, hainbat egunetan gainditu da %10eko tasa, nahiz eta orain txikiagoa den. Hain justu, Espainiako Gobernuak ehuneko horretan jarri du muga hiri batean neurri murriztaile zorrotzagoak jarri behar direla eskatzeko. Iruñean, tasa ez da neurri horretara iristen orain. Baina gogoan izatekoa da beste adierazle bat ere: OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean jarria du gehienezko tasa.

Hildakoetan, ez hainbeste

Bestalde, hildakoen emaria ez da mantsotu Nafarroan. Azken datuei erreparatuz, gorakada suma daiteke COVID-19arekin lotutako heriotzen kopuruan. Irailaren 21etik 27ra, gaitzarekin lotutako hamahiru heriotza izan dira, Osasun Departamentuak emandako datuen arabera. Aurreko astean, irailaren 14tik 20ra bitartean, bederatzi pertsona hil ziren. Eusko Jaurlaritzaren datuetan, aurkakoa: hildako gutxiagoren berri eman du gobernuak aste honetan.

Egunotan ere etengabea da hildakoen kopurua Nafarroan: igandetik egunero ari da koronabirusarekin zendutakoen berri ematen gobernua. Atzo jakinarazi zuen 81 urteko beste emakume bat hil dela. Pandemia hasi zenetik, 575 pertsona hil dira gaitzarekin lotuta lurralde horretan. Dena dela, krisialdiaren bigarren olatua aztertuta, aipatzekoa da hildakoen tasan ez dagoela gainerako adierazleetan adinako alderik Nafarroaren eta gainerako herrialdeen artean; alegia, nahiz eta osasun adierazle gehienetan Nafarroako egoera nabarmen makurragoa izan, horrek ez du zuzeneko islarik izan hildakoei dagokienez. Hara: joan den astean 59 lagun hil ziren Hegoaldean, eta bederatzi ziren Nafarroan (%15).

Erietxeen okupazioa

Birusa hedatzen ari da, kutsatzeak ere bai, eta ospitaleetan ari dira horren eragina sumatzen: beste 45 pertsona ospitaleratu dituztela jakinarazi zuten atzo Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Denera 459 herritar daude erietxean orain. Kopuru handia da, baina aurreko asteetakoa baino arinagoa: irailaren 15az geroztik, egunero izan dira gaixo gehiago ospitalean. Baina jaitsiera hori ez da berdin sumatu arlo guztietan: ez da neurri berean jaitsi ZIU zainketa intentsiboetako unitatean daudenen kopurua. 81 lagun daude.

Ospitaleratzeei dagokienez ere adierazgarria da Nafarroaren joera: Hego Euskal Herrian ospitaleratuen %40 daude Nafarroan, nahiz eta biztanletan Hegoaldeko herritarren %23 diren nafarrak. Osakidetzaren ospitaleetako tasa aztertuta, hau da neurria: 100.000 biztanleko 11 daude ospitalean koronabirusagatik. Osasunbidean handiagoa da ehunekoa: 24 lagun. ZIUn daudenen ehunekoa ere handiagoa da Osasunbidean: 3,9 paziente daude ZIUn 100.000 biztanleko; Osakidetzan, berriz, 2,5.

Ospitaleen egoera «kontrolpean» dagoela adierazi du egunotan Nafarroako Gobernuak. Datuetan ere ageri da joera hori: azken astean 112 lagun ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, aurreko astean baino hemeretzi gutxiago; ZIUn bederatzi lagun sartu dituzte, eta aurrekoan, hamalau. Kopuru handien barruan, arnasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.