Koronabirusa

Hegoaldean 1.123 positibo atzeman dira, bigarren olatuko datu txarrena

Azken 48 orduetan, 83 eta 94 urte arteko sei herritar hil dira Nafarroan, COVID-19aren eraginez. Bizkaian eta Gipuzkoan kasuek gorantz jarraitzen dute, eta Jaurlaritzak «ardurarako» deia egin du

joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Testuinguruak ezberdinak dira, bai; eta bigarren olatuak ez du hasierako haren oldarkortasuna, ez. Hala ere, apurka indarra hartzen ari da, eta atzo, Hego Euskal Herriko kutsatu kopururik handiena iragarri zen: 1.123, herenegun baino 337 gehiago. Aurreko egunetan bezala, Nafarroan pilatu dira positibo gehien, baina apurka gorantz doa beste lurraldeetan ere. Gipuzkoak bigarren olatuko kutsatu gehien izan zuen atzo (303); Bizkaian, berriz, uda amaieran kasu ugari pilatu ostean, egoera kontrolatzea lortu zuten, baina azken egunetan positiboek gora egin eta 291 atzeman ziren atzo, irailaren 12tik izandakokopururik handiena. Araban, egoera bestelakoa da, eta atzo 77 positibo atzeman ziren.

Era berean, Osasunbideak eta Osakidetzak kutsatuak atzemateko esfortzua nabarmen handitu dute azken hilabetean, eta orain arteko PCR kopururik handiena batu zuten atzo Hego Euskal Herriko mikrobiologiako laborategiek: 14.409 proba egin ziren atzo. Test hori egin zutenen %7,75ek eman zuten positibo, Osasunaren Munduko Erakundeak aholkatutako %5eko erreferentziatik gora. Berriro ere, zentzu txarrean, Nafarroa nabarmendu zen, PCRetan %12,6k eman baitzuten positibo.

Kasuen igoerak bere isla du ospitaleetan. Oraintxe, 545 herritar daude ospitaleratuta: erdiak Osasunbidearen menpeko osasun sisteman (272) eta gainerako 273ak Osakidetzarenean. Larrialdietan, berriz, 86 lagun daude, herenegun baino bost gehiago.Egoeraren okertzeak Nafarroako larrialdi zerbitzuetan eragin du, eta dagoeneko 35 gaixo daude. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariak onartu du kasuen igoerak «tentsioa» eragin duela ospitaleetan.

Ondoriorik lazgarrienak ere ugaritzen ari dira. Herenegun, Nafarroan 83 eta 94 urte arteko sei herritar zendu ziren COVID-19aren eraginez —euretako bat asteartean izan zen, baina atzo jakinarazi zen—. Eusko Jaurlaritzak ez zuen eguneko daturik eman, baina baieztatu egin zuen azken astean 34 euskal herritar hil direla.

Kutsatze gehienak sendien bilkuretan eta gertaera sozialean izaten direnez, Ignacio Garitano Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak beharrezkotzat jo zuen arrisku egoerak saihestea: «Ardura eskatzen dugu gutako bakoitzaren esku baitago igoera hori gelditzea».

Asteartetik, Nafarroan neurri gogorragoak hartu dira. Iruñeko egoera adi aztertzen ari direla baieztatu zuen Indurainek. Herenegun, Zarrakaztelu eta Cadreita itxi egin zituzten, eta asteburuan Zarrakaztelun 1.800 PCR egingo dira. Test antigeno berriak jada Iruñeko eta Tuterako larrialdi zerbitzuetan erabiltzen ari dira, eta urriaren amaierarako osasun etxeetan aplikatu nahi diete bost egun baino gutxiagoz COVID-19aren sintomak dituztenei.

SER irrati kateak aurreratu zuenez, Espainiako Gobernua bilakaera epidemiologikoa adierazle batzuen arabera neurtzeko plan bat prestatzen ari da, eta erkidego bakoitzaren egoera lau mailatan bereiziko du. Arrisku mailaren arabera, neurri sorta bat hartzea aurreikusten du. Informazio horren arabera, Nafarroa egoera okerrenean legoke, eta mugikortasuna mugatzeko neurriak har daitezke. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa egoera hobean leudeke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.