Andoni Aldekoak iragarri du EITBko sozietate guztiak batzea duela lehen egitekoa

EITBko zuzendari nagusiak lehen agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean. Albistegiak, euskarazko edukiak eta Internetekoak indartuko dituela esan du

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak lehen agerraldia egin zuen atzo, EAJren eta PSEren aldeko botoekin izendatu zutenetik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz eman zituen atzo Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusi berriak; eta euskaraz erantzun zuenean, nahiko trakets, makina bat akats eginda. Datozen urteei begira zer asmo orokor dituen iragarri zituen, Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean, bere lehen agerraldian —EAJren eta PSEren aldeko botoekin izendatu zuen legebiltzarrak, urriaren 29an—. Informazioarekin lotutako edukiak eta Interneteko eskaintza indartu nahi dituela nabarmendu zuen, eta lehen «helburu pertsonal» gisa jo zuen EITBko sozietateak batzea. Prozesu hori hasia dago —iazko abenduan iragarri zuen bat egitea Maite Iturbe aurreko zuzendari nagusiak—. Hain zuzen ere, Iturbe Miramongo ekoizpen zentroko (Donostia) arduradun nagusia izango da aurrerantzean; aurreko arduradunak, Xabier Arizkorretak, erretiroa hartu du.

Eskaintza digitalaren barnean, Aldekoak iragarri zuen gailu eramangarrietarako bi aplikazio sortuko dituztela laster: EITB Albisteak eta EITB Nahieran. «EITBren komunitate digitala sortu behar dugu».

Bestalde, irratietan eta telebistetan kanalen «pertsonalizazioan» sakonduko duela azaldu zuen EITBko zuzendari nagusi berriak. «Euskararen aldeko apustua» egingo duela nabarmendu zuen. «Belaunaldi desberdinentzat erakargarri egin behar da euskara, eta esperientzia egokia eskaini». Gazteen kontsumo joera berrietara egokitzea funtsezkotzat jo du, bidenabar.

Zerbitzu publikoaren aldeko aldarria behin baino gehiagotan egin zuen EITBko arduradun berriak. «EITBko hedabideek erantzukizun kolektiboa erakutsi behar dute. Horren beharra agerian geratu da COVID-19aren pandemiarekin». Bestalde, EITBk«elkarbizitzaren» aldeko apustuarekin jarraitu behar duela azaldu zuen. «Horretarako, EITBk elkarlana sakonduko du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin. Elkarren arteko ikus-entzunezko memoria proiektu batean egingo dugu lan».

Talde publikoak duen gizarte erantzukizunean ere arreta jarri zuen Aldekoak. «Horren garapenean lagundu nahi dut. EITBren oinarrietan sinesten dut: neutraltasunean eta independentzian».

Sozietateen bat egiteak EITB Media bateratua ekarriko du. Talde osoarentzat politika korporatibo berbera martxan jarri nahi du zuzendari nagusiak datozen bi urteetan, baita zerbitzu politika bera ere. «Enpresarik ez badago, ez dago etorkizunik», gaineratu zuen. Era berean, azaldu zuen EITB Media talde osorako lan hitzarmen bakarra izan nahi duela, «gaur egun desberdinak daude-eta hedabide bakoitzean».

Enpresa orokor bakarra egoteak, dena den, ez du ekarriko espezializazioak desagertzea. «Mantendu egingo ditugu irratiko lantaldeak, telebistakoak eta Internetekoak. Espezializazio tekniko eta profesionala egon behar da, eta espezializazio bertikalak garrantzitsuak dira».

Estilo liburua, «itxi gabe»

Aldekoak, era berean, EITBren estilo liburuaren hirugarren edizioa eraman zuen legebiltzarreko kontrol batzordera. «Neure egiten dut estilo liburua. Eta pauso bat harago eman nahi dut: saiatuko gara EITBko eduki guztietan estilo liburua ezartzen». EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek, ordea, gogorarazi zion ETBko erredakzio kontseiluak ez diola onespena eman estilo liburu horri. Berdintasunaren alorrean, bestalde, estilo liburu hori «Emakunderen atzetik» dagoela azaldu zuen Agirrek. Aldekoak, edonola ere, erantzun zuen estilo liburua ez dela testu itxi bat, eta bat egin zuen berdintasunaren aldarriarekin: «Berdintasuna eta emakumeen ahalduntzeaEITBren puntu nagusietako bat izango da. Denok eraiki nahi dugun gizartearen eraikuntzan lagundu behar du EITBk».

Datozen asteetan, EITBko zuzendaritza taldea nortzuek osatuko duten jakinaraziko dute. Estrategia eta komunikazio zuzendari berria izango du taldeak, Andoni Aranburuk erretiroa hartu baitu. Aldekoak esan zuen «etxeko» profesionaletan sinesten duela. «EITBko langileekin lan egiteko asmoa daukat», gaineratu zuen. Edonola ere, aldaketak egongo dira zenbait ardura postutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.