Koronabirusa

«Txertatze egutegiaren» eske

Sagarduik esan du 45 eta 55 urte artekoak txertaketa planean sartuko dituztela, eta 100 urtetik gora dituztenekin hasiko direla heldu den astean. Anbulantzietako langileek ere txertatzeko eskatu dute

Anbulantzietako langileen protesta, atzo, Donostia ospitalearen atarian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpikontratatutako anbulantzietako langileek ere COVID-19aren aurkako txertoa hartu nahi dute. Hori eskatuz, elkarretaratzea egin zuten atzo, Donostia ospitalearen atarian, ELA, USO, LAB, UGT, CCOO eta CNT sindikatuek deituta. ELAko ordezkari Mikel Rubiok salatu duenez, oraindik ez dakite txertoa noiz jasoko duten ere: «Ez gaude txertatuta, eta ez daukagu txertatzeko egutegirik mahai gainean».

Hori horrela, mobilizaziora jo dute. Atzo Donostian egin bezala, gaur Bilbon elkartuko dira, eta hilaren 23an, Gasteizen. Ekaitz Telleria LABeko ordezkariak ohartarazpen hau egin du: «Mobilizazio fase hau igaro ostean Osakidetzak eta Osasun Sailak konponbiderik jarri ez badute mahai gainean, grebara jotzeko asmoa daukagu».

COVID-19aren aurrean «zuzeneko lana» egiten dute anbulantzietako langileek, Telleriak azaldu duenez, eta ez daki zergatik dauden oraindik txertatu gabe: «Ez dugu ulertzen zergatik Osakidetzak hirugarren edo laugarren mailako langile gisa tratatzen gaituen». Gainera, sindikatuen ordezkariek nabarmendu dutenez, azpikontratatutako langileek dute arazo hori, eta zuzenean Osakidetzaren menpe daudenak txertatu dituzte edo txertatzeko zain daude. Hala azaldu du Rubiok: «Sektorea azpikontratatuta dago %99an, baina kasualitatea da zuzenean administrazioaren menpe dagoen %1 hori dagoeneko txertatu dutela edo txertatzen ari direla».

Anbulantzietako 1.500 langile inguru daude oraindik jakin gabe txertoa noiz jasoko duten. Horietako bi dira Iñigo Gabellanes eta Jon Martin. «Lehen lerrokoak gara», aldarrikatu du Gabellanesek. Antzeko salaketa egin du Martinek ere: «Lehen lerroan egonda, ikusi dugu laugarren fasean sartu gaituztela txertaketarako».

Martinek esan du txertoarekin langileek «lasaitua» hartuko luketela. Batetik, seguruago lan egingo lukete: «Segurtasuna, eta ez guretzat bakarrik: pazienteei ere segurtasun hori emango diegu, gu ere izan gaitezke-eta kutsatzaileak». Bestetik, etxekoentzako mesedegarria izango litzateke. Gabellanesek emaztea du buruan: «Emaztea arrisku taldekoa da, eta urtarriletik ez dut berarekin lo egiten. Uste dut biok txertoa jarritakoan, bizitza normala egiten hasiko garela».

Hain zuzen, txertaketari buruzko zehaztapen gehiago eman ditu Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Iragarri du 45 eta 55 urte artekoak ere txertatuko dituztela AstraZenecarekin, oraindik txertatzeke dauden osasungintzako zenbait sektoreren ostean. Txerto beraren dosiekin hasiko dira, bihartik aurrera, eguneko zentroetako langileak ere immunizatzen. Sailburuak esan du 80 urtetik gorakoak txertatzeko prozesua «apurka-apurka» egin beharko dela, era mailakatuan: 100 urtetik gorakoak izango dira lehenak, eta, ondoren, 70 eta 80 urtekoen artekoak, 60 eta 70 artekoak eta COVID-19a pairatzeko arrisku handia duten 60 urtetik beherakoak.

Anbulantzietako langileak ez dira txertaketaz kexu kalera atera diren bakarrak: erizainek ere protesta egin zuten herenegun, SATSE sindikatuak deituta. Sindikatuaren Bizkaiko idazkaria da Amaia Mayor. Iruditzen zaio osasun profesionalen txanda aurreratzeak antolatu gabe harrapatu zituela Osasun Saileko arduradunak: «Uste dugu Osakidetza edo Osasun Saila ez zegoela prest hori horrela egiteko. Egun batetik bestera hasi zen, eta antolakuntza ez da izan egokiena». Gaineratu du prozesuaren hasieran «erratu» zutela, batez ere, eta orain denbora beharko dela egoerari buelta emateko, lehen dosia jaso zuten guztiei eman behar zaielako bigarrena ere. «Osasun Sailak egindako banaketa desorekatua izan da», salatu du. Osasun pribatuko langileen txertaketan ikusten du beste arazoa: «Protesta egin eta txertoa lortu, hori ez da formula egokiena. Planifikazio ona eta informazio gardena izatea da desio duguna».

Antolaketarik gabe

Mayorrek uste du 80 urtetik gorakoak txertatzen hasteko informazioa falta dutela: «Askotan, neurriak edo berriak iragartzen dira animoak lasaitzeko, baina horren atzean ez dago benetako antolakuntzarik. Atzo [herenegun] esan zuen Osasun sailburuak datorren astean hasiko dela txertaketa, eta lehen arretako zentroetan ez daukate inolako berririk edo protokolorik horri buruz».

Erizaina da Gloria Santos ere, eta Efekaze erizainen elkarteko kidea. «Oraingoz, formakuntza jaso dugu», nabarmendu du. Hala ere, uste du leku batzuetan aukera egon daitekeela datorren astean txertatzen hasteko, baina beste batzuetan ez, eta hori, besteak beste, iristen diren dosien araberakoa izango dela.

Adinekoen txertaketa datorren astean hastekoa denik ere ez diote esan Santosi. Osasun Sailetik horretarako irizpideak jaso al dituzten galdetuta, esan du zerbitzuko buruak ez diola ezer jakinarazi. Uste du, hala ere, gripearen aurkako txertoa jartzeko egiten duten antzeko protokoloari jarraituko diotela: «Administrazioko langileek paziente guztien zerrenda zeukaten, eta zita ematen zieten». Hitzordua edukita, uste du etxera joan beharko dutela, edo osasun etxean jarriko dietela, pertsonaren arabera. Santosek txertoa jartzeko deia egin du: «Uste dut garrantzitsua dela txertatzea: segurua da, eta funtzionatzen du».

Batzuk txertorik jaso ez izanagatik kexu diren bitartean, ertzainak txertatzeari ekin zion atzo Osasun Sailak, 275 txerto jarrita. Egunean 400 ertzaini jarri nahi diete txertoa, lehen fasean 4.508 agente immunizatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.