Koronabirusa

Lege bat pandemiaren aurka

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek txosten bat ondu dute izurriaren aurkako neurriak ezartzeko «segurtasun juridiko handiagoa» emango duen lege bat egiteko. Txertaketa guneak martxan dira

Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko dituen baliabide juridiko guztiak «agortuta» daudela iritzita, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak proposatu zuen, otsail erdialdean, pandemiaren aurkako lege bat ontzea. Bi aste geroago, planteamendu horri buruzko txosten bat osatu dute Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek, eta iruditzen zaie molde horretako lege batek «segurtasun juridiko handiagoa» emango liekeela izurriaren aurka neurri murriztailek ezartzeko Jaurlaritzak hartutako erabakiei. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak atzo prentsaren aurrean azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak koronabirusari aurre egiteko joan den urrian ezarritako «esparru juridikoaren barruan» diseinatu behar da. Gobernu kontseiluaren ondoren egindako agerraldian mintzatu zen.

Garamendiren arabera, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde parlamentarioen esku utziko dute zerbitzu juridikoek balizko legeaz osatutako txostena. Kazetariek galdetu zioten ea gero zer bide egingo duen legearen tramitazioak, ea hura onartzea urgentziazkoa ote den, eta sailburuak erantzunzuen «azkarrago» joango dela talde parlamentarioek «adostasunerako borondatea» azaltzen badute. Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak duela bi aste pasa esan zuenez, Urkulluk proposatutako legea «propaganda eta publizitatea» da. Garamendik ez du eperik jarri nahi izan: «Aurrena aztertu dezatela talde parlamentarioek, eta gero hitz egingo dugu». Javier Hurtado Turismo, Komertzio eta Kontsumo sailburuak (PSE-EE) ere hitz egin zuen atzo gobernu kontseiluaren ondorengo agerraldian, eta, galdetu diotenean ea zer iruditzen zaion txostena, adierazi zuen «positiboa» dela.

Zerbitzu juridikoen txostenean ere aldeko mezua argia da: «Legeak zehaztasuna, argitasuna eta segurtasuna eman ahal dizkie herritarrei eta gobernuari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.