Koronabirusa

Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du etxeratze agindua

Ostalaritzako terrazen ordutegi muga ere ez du berretsi, etxeratze aginduari lotutako neurri bat delako. Jaurlaritzak ohartarazi du ez duela egoeraren «judizializazioa» elikatuko

Corellako herritar batzuk, maiatzaren 2an, kalean jarritako mahai batzuetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Edurne Begiristain - Nagore Arin
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Irizpena eman du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak: bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak indarrean mantendutako etxeratze muga —23:00etatik 6:00ak bitartekoa izan da orain arte—. Gauean gerta daitezkeen jende pilaketa ugariak eta kaleko edana saihesteko hartu zuen erabaki hori Nafarroako Gobernuak, baina epaileek atzera bota dute, argudiatuta neurriak ez duela «beharren eta proportzionaltasunaren» araua betetzen. Auzitegiaren erabakiaren ondotik, atzotik ez dago etxeratzeko ordurik Nafarroan. Urriaren 25etik zegoen indarrean neurri hori.

Auzitegien erabakiak badu bestelako ondoriorik: etxeratze agindua bertan behera utzita, epaileek uste dute tabernen ordutegiak mugatzeak ez duela zentzurik. Foru gobernuaren asmoa zen terrazen ordutegia 22:00ak arte zabaltzea, baina epaileek ez diote hori egiteko baimenik eman. Tabernek udalerriz udalerri ordenantzetan ezarritako ordutegia bete beharko dute aurrerantzean.

Epaileek erabakia hartuta, Nafarroako Gobernuak errekurtso bat aurkez dezake Espainiako Auzitegi Gorenean, baina foru gobernuak baztertu egin du, oraingoz, bide hori jorratzea, Javier Remirez gobernuko eledunak azpimarratu duenez. Epaileen ebazpena betearaziko dutela ziurtatu du Remirezek, baina ostalaritzaren terrazen ordutegiari buruzko erabakiak izan ditzakeen ondorioak «sakonago» aztertuko dituztela jakinarazi du.

Joan den astean Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi zuen etxeratze agindua atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta hark emandako argudioen ildo beretik doaz atzo Nafarroako Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien aretoak eman dituenak. Nafarroako Gobernuak etxeratze aginduari eusteko azaldutako argudioak zalantzan jarri dituzte epaileek autoan: diotenez, kaleko edana eta jende pilaketak saihestu nahi izana ez da aski arrazoi oinarrizko eskubideak hain modu «inbaditzailean» mugatzeko, eta horien gaineko kontrola «legeria arrunta aplikatuz» egin daiteke, aparteko araudirik gabe.

Epaileek nabarmendu dutenez, inoiz ez dituzte zalantzan jarri Nafarroako Gobernuak hartutako neurriak —herrialdearen itxiera, besteak beste—, eta esan dute ez dutela auzitan jartzen erabaki horien eraginkortasuna. Halere, adierazi dute hori ez dela aski funtsezko eskubide bati «hain neurri murriztailean» eusteko.

Etxeratze agindua eta ostalaritzaren ordutegia ez bezala, epaileek ontzat jo dute eremu pribatuan zein publikoan gehienez sei pertsona biltzeko muga jartzea. Esan dute «egokia eta proportzionala» dela erabakia, «kutsatze ugari» ari baita gertatzen espazio horietan. Bestetik, Nafarroako Justizia Auzitegiak ontzat jo ditu Nafarroako Gobernuak hartutako gainerako neurriak, «beharrezkoak eta proportzionalak» direlako. Besteak beste, Administrazioarekiko Auzien Salak joan-etorriak mugatzeko eskumena aitortu dio Nafarroari, eta, beraz, herrikako itxialdi perimetralak ezartzerik izango du.

Bestalde, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak babestu egin du foru gobernuak Etxarri Aranatzen eta Lakuntzan itxiera perimetralari eusteko eskaera. Ordea, epaileek atzera bota dute gobernuak herri horietako ostalaritza mugatzeko proposatutako neurria. Gobernuak nahi zuen tabernak gaueko 21:00ak arte egon zitezela zabalik, gehienez. Ezetz erantzun du auzitegiak.

«Goizegi indargabetu du»

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakiak koska bat gehiago nahastu du alarma egoeraren osteko korapilo juridikoa. Izan ere,agintarien buruhauste bilakatu da pandemiari aurre egiteko neurrien kudeaketa. Sortutako nahasmenaren inguruan mintzatu zen atzo Iñaki Subijana EAEkoAuzitegi Nagusiko presidentea Radio Euskadin, eta esan zuen alarma egoera dela «segurtasun juridikoa» eskaintzen duen tresna bakarra.Haren ustez, Jaurlaritzak baduaukeraalarma egoera luzatzeko eskatzeko: «Erkidego batek lurralde osorako edo zati baterako eska dezake».

Alarma egoera indargabetuta izurriari aurre egiteko tresna nahikorik ez duela berretsi zuen, berriz, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuaren erabakia kritikatuz: «Alarma egoera goizegi indargabetu du». Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu kontseiluaren osteko atzoko agerraldia baliatu zuen gogora ekartzeko Iñigo Urkullu lehendakariak apirilaren 22an eskatu ziola Sanchezi, gutun bidez, alarma egoera luzatzeko, eta Sanchezen erantzuna joan den ostiralean jaso zuela Urkulluk, Labiren bilera hastear zela, alarma egoera luzatzea baztertuta. Zupiriak aitortu zuen Jaurlaritza kezkatuta dagoela tresna hori gabe sortutako «ziurgabetasunarekin», baina ez dutela auzia «judizializatzeko» asmorik. Halere, etxeratze agindua berriz ere ezartzeko lege zirrikituak aztertzeko aukera zabalik dela aitortu zuen, baldin eta Espainiako Auzitegi Gorenak Kanaria uharteetako helegitearen alde egiten badu: «Ez ditugu ate guztiak itxiko, ezta zabalduko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.