Laborantza odolean, herrigintza muinean

Berhokoirigoinek bizitza osoan izan dituen engaiamenduak aitortu dituzte haren hiletan, eta hark hartutako bideak segitzeko borondatea erakutsi dute

Laborantza eragileetako ordezkariek aurreskua eskaini zioten. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Gamarte
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun

Txiki gelditu da Gamarte (Nafarroa Behera) Mixel Berhokoirigoini azken agurra emateko jende uholdearentzat. Larunbatean zendu zen laborari eta bakegile ezaguna, 69 urterekin, eritasun baten ondorioz, eta atzo egin zuten haren aldeko hileta elizkizuna, haren herriko elizan. Jende andana bertaratu zen laborantzan eta herrigintzan urteetan izan dituen engaiamenduak aitortu, haren ekarpena goraipatu eta militantzian emandako bizitza omentzera. Euskal Herri osoko politika, kultura, sindikatu eta gizarte arloko eragileetako ordezkariak, hautetsiak eta herritar andana, haren bateratze gaitasunaren adierazgarri. Bertan izan zen, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria; Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez zuten ordezkaririk bidali.

[YouTube]https://youtu.be/1HHOCAqHP0k[/YouTube]

Azken 40 urteetako «bidelaguna» aipatu zuen Jose Bove laborari militante eta europarlamentari ohiak. «Zinezko ekarpena egin du, Euskal Herrian eta harago, laborariei eta baserrialdeari alternatibak proposatzeko». Halaber, haren nortasunaz «harro» den Euskal Herri «ireki» baten aldeko engaiamendua aipatu zuen. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak gizon «apala eta isila» goraipatu zuen, «herri honentzat hain inportantea izan den aro bati bidea irekitzeko ezinbestekoa» izan dena. «Horrelako asko beharko ditugu bidean aurrera egiteko».

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak Berhokoirigoinen «ausardia» azpimarratu zuen, ETAren armagabetze zibilean, euskal presoen auzian eta Ipar Euskal Herrian egin diren urratsetan izan duen zeregina aitortuz. Haren «aholkuak eta gogoetak» eskertu zituen: «Asko ikasi dugu harengandik. Pertsona transbertsala eta bateragarria zen; jakin izan du sektore ezberdinen artean lan egiten». Haren «pragmatismoa» ere nabarmendu zuen. «Jende gutxi da bera bezala adostasun espazioak aurkitzeko gaitasuna duena. Galera handia da guretzat. Oraindik egin behar dugun bidean beharrezko pertsona bat zen».

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondorengoak «militante abertzale aparta» oroitu zuen, Ipar Euskal Herriko «borroka estrategikoetan» jardun duena. «Justizia eta askatasunaren oinarri, borroken aniztasunaz jabeturik, ekarpen bereizia egin du. Jakin du borroka irabazgarriak planteatzen, sektore ezberdinen artean lotura eginez». Maialen Lujanbio bertsolariak «pertsona eredugarria» zela aitortu du. «Ekimena izan du hainbeste arlotan, inori baimenik eskatu gabe, ekinez. Bidegilea izan da».

Fedea eta engaiamendua

50 urtez militante izan dela goretsi zuen elizkizunean Peio Iralurrek, urteetan Berhokoirigoinen bidelagun izan denak. Euskaldun Gazterian sartu zirenean «zer egin nahi duzu zure biziaz?» galderari eman zion erantzuna oroitu du: «Ene bizia izanen da engaiamendu oso bat», erantzun zuen Berhokoirigoinek. «Azken hatseraino» borrokatu dela azaldu zuen Iralurrek, eta hamarkadetan arloz arlo egindako lana aipatu du, laborari txiki gisa, Frantziako ministroen aitzinean, epaitegietan, Luhuson... «Hik erein haziak hozitu dituk, misioa bete duk». Eta anekdota batekin deskribatu zuen Berhokoirigoinen izaera: «Biltzar nagusian taula gainean zen; biharamunean, erratza pasatzen».

Ikusi gehiago:argazki bilduma

«Itzal handiko arbola» zen Berhokoirigoin Mikel Epaltza apezaren hitzetan; «arbola bat erori da, oihan bat uzten du». Gamarteko laborariaren engaiamendua eta fedea parekatu zituen, bere ehorzketa «hautatu» duela erranez. «Ez zuen nahi gainetik inposatzen den sineste bat, baizik eta gure izerdietatik eratorria». Bakegintzan egindako urratsak goraipatu zituen, eta azpimarratu bururaino atxiki dituela haren asmoak. Eri zela, mezu bat bidali zion Lorentxa Beirie euskal preso ohiari askatu berritan: «Ez baita bakerik presoak askatu gabe».

Elizatik ateratzean, laborantza eragileetako ordezkariek egin diote azken agurra, Baionako bestetan ezarri ohi den laborarien txokoko trixerta soinean zutela, eta aurreskua dantzatu diote. Etxalde proiektuan bidelagun izan dituen Maite Aristegik eta Xabier Arriaga Txiplas-ek bertso bana kantatu diote. Laborantza odolean eta herrigintza muinean izan dituela kantatu dio Arriagak. Aristegi: «Zuk ereindako sail oro jorratzen dugu segituko; zure ametsa, zure argia, ez dira inoiz itzaliko». Honela zioen Berhokoirigoini eskainitako agur mezuak: esker oneko gaituzu, zuk lurra zaindu baituzu, lurrak zainduko zaitu zu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.