Koronabirusa

Eguneko positiboak 2.000 kasuren langatik hurbil dira berriz Hego Euskal Herrian

Beste 1.980 kasu atzeman dituzte. Hamalau kutsatu zenbatu dituzte Zaballako kartzelan. Hegoaldeko biztanleen %60k hartua dute txertaketa pauta osoa

Zenbait herritar Donostiako kale batean, maskara jantzirik. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ezin arintzerik antzeman, ezin kutsatuen kurba apaldu. Beste behin, COVID-19aren transmisioaren larriagotze argia erakusten dute Hegoaldeko osasun sistemek argitaratutako datuek, eta piztuta segitzen du, beraz, pandemiaren bilakaeraren gaineko kezkak. Bada horretarako ziorik. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, herenegun 14.312 diagnostiko proba egin ziren Hegoaldean birusa detektatzeko, eta 1.980 kutsatu zenbatu zituzten. Alegia, asteazkenean egindako testen %13,8k eman zuten positibo.

Osasun agintariek zehaztu dutenez, kutsatuen zenbatekoa lurraldez lurralde aztertuta, herenegun zenbatutako positiboetako 923 Bizkaian atzemandakoak izan ziren; Hegoaldeko kopuruaren ia erdia da hori. Gainera, Gipuzkoan 464 kasu detektatu zituzten; Nafarroan, 404, eta Araban, berriz, 157. Azken hamalau egunetako bilakaerari so, birusaren intzidentzia tasa metatuak ia etenik gabe ari dira hanpatzen. Tasa Araban da txikiena: 661 da, 100.000 biztanleko. Aldiz, aldagaia nabarmen handiagoa da Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan. Gipuzkoan 843 da; Nafarroan, 880, eta Bizkaian, 916.

Lagungarri da begirada urruntzea. Izan ere, egunetik egunera Hegoaldeko osasun sistemek detektatzen dituzten kasu kopuruei so egiteaz gain, azken hamalau eguneko zenbatekoak bilduta osatutako batezbestekoa guztiz adierazgarri da izurritearen bilakaeraren norabidea garbiki zehazte aldera. Aldagai horretan, nekez ikus daiteke argirik. Gaur egungo batezbestekoa zortzi aldiz handiagoa da orain hilabetekoa baino. Ekainaren 30ean, aurreko hamalau egunetako datuak oinarri, 220 zen egun bakarrean batez beste zenbatutako kasu kopurua. Orain, berriz, 1.783 da.

Azken asteotan, datuek behin eta berriz berretsi dute COVID-19arekin kutsatzen direnen soslaia nabarmen gaztetu dela izurritearen bosgarren olatu deiturikoan. Herenegun atzemandako positiboei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak eman du Osakidetzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan detektatu zituenen inguruko datu bat: zenbatutako 1.576 positiboetako 884 gazteak dira. 10 eta 29 urte bitarteko herritarrak dira, zehazki. Halaber, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du oraintxe bertan 21 positibo direla herrialdeko zahar etxeetan; bi, ospitaleraturik.

Kutsatuen datuetan ez ezik, ospitaleetan ere bistan da transmisioaren goraldiak izandako eragina. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, oraintxe bertan 413 paziente dira gaitzarekin erietxeraturik Hegoaldean. Horietako 79 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude, larri. Erietxeratzeei dagokienez, herenegun 57 pertsona sartu zituzten ospitalera birusaren sintomak larriagoturik. Horietako 14 Osasunbideak Nafarroan ospitaleratuak dira, eta, gobernuak zehaztu duenez, horietako bi ZIUetara eraman dituzte zuzenean.

Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitzarekin loturiko beste bi heriotzaren berri eman du: birusarekin eri ziren bi gizon zendu dira herrialdean. 72 eta 84 urte zituzten.

Bestalde, birusa oldartua den honetan, aurrera segitzen du hartatik babesteko txertoaren kanpainak. Prozesua gazteei zabaldua da dagoeneko, eta, hala, etenik gabe ari da handitzen jadanik zizta hartua dutenen kopurua. Gaur egun, administrazioek emandako azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %67k hartua dute txertoren bat. Pauta osatua, berriz, %60k dute.

Agerraldia izan da Zaballan

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi duenez, Zaballako espetxean (Araba) 14 kutsatu atzeman dituzte berriki; presoak dira guztiak. Bertan kartzelatua den preso batek birusaren «sintoma oso arinak» sentitu zituen azken egunotan, eta, horiek horrela, antigeno testak egin zizkieten hari eta beste hainbat presori, kasu gehiago ote zegoen jakiteko. 69 proba egin dituzte.

Adierazi dutenez, kutsatze katea etete aldera, orain arte egindako antigeno testetan negatibo eman dutenei PCR probak eginen dizkiete datozen orduetan, birusaz kutsatuak diren edo ez ziurtatzeko. Halaber, moduluko preso guztiak bakartuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.