Espaziorik galdu gabe

Konpainia parekideak soilik berritu du Guadalupeko usadioa ohiko orduan. Alkateak erran du udalak oraindik ez duela landu Jaizkibelen proposamena

Jaizkibel konpainiako bandera, gibelean alarde parekidearen aldeko protesta duela, atzo eguerdian, Hondarribiko Martxoak 8 plazan. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Hondarribia
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ohiturak dioen gisan, 1638ko setioan herria «askatzen» lagundu izana eskertzen diote Guadalupeko Amari irailaren 8an Hondarribian (Gipuzkoa). 11:00etako mezan egiten dute hori, Guadalupeko ermitan, baina atzo Jaizkibel konpainia parekideak baino ez zuen ordu horretan berritu urtero egin ohi duten botoa. Izan ere, emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituzten konpainiek ez zuten elizkizun horretan parte hartu. Goizeko hamaiketako ekitaldiaren partez, bertze meza batera deitu zuten alarde baztertzailekoek: 09:30ean egin zuten hori.

Azken 28 urteotan herria zatitu duen gatazkaren hamaikagarren kapitulua izan zen atzokoa. Koronabirusaren aurkako neurrien ondorioz, izan ere, ezin izan zen alardeko desfilerik egin, bigarren urtez jarraian, eta botoarena zen antolatuta zegoen ekitaldi bakarra: hori ere bereizita egin zuten alarde parekidearen aldekoek eta kontrakoek. Udal agintariak 11:00etako mezan izan ziren, Jaizkibeleko kideak bezala, eta herriko bandera ere eraman zuten aldarera. Udalak gonbidapenak banatuak zituen elizkizunera joateko, eta dozenaka herritarrek parte hartu zuten, zuri-gorriz jantzita. Oihana Etxebarrieta Jaizkibel konpainiako kideak talde parekidea han izatearen garrantzia azpimarratu zuen: «Ez daukagu inolako asmorik honelako espazio bat galtzeko».

Txomin Sagarzazu alkateak (EAJ) mezaren ondoren BERRIAri adierazi zionez, «botoa emateko aukera asko» izan ziren atzoko egunez. Ez zion erreferentziarik egin goizean goiz antolaturiko elizkizunari, eta nabarmendu zuen 11:00etakoan «korporazioko kide gehien-gehienek» parte hartu zutela, «gure arbasoekiko hitza betetzeko». Etxebarrietak, berriz, dolutu egin zuen iaz bezala bertze konpainiek Jaizkibel bakarrik utzi izana. Nabarmendu zuen, ordea, ez dela konpainien arteko gatazka bat soilik: «Elizkizun honetan urtero elkartu izan gara eta elkartzen gara herritarrak, udal korporazioa eta Jaizkibel konpainia, eta honek irudikatzen du beste behin ere ez soilik festa parekidetasunean ospatu nahi dugunei bizkarra eman nahi digutela, baizik eta herriari eta herriaren festari ematen diotela bizkarra».

Guadalupekoa bukatuta, eguerdian elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek Hondarribiko Martxoak 8 plazan, Jaizkibel konpainiak deituta. Alarde publiko eta parekidea eskatu zuten, eta Jaizkibelek berak uztailean egindako proposamena ekarri zuten gogora: konpainia parekideak «barruan» desfilatzea, alardeko 22. konpainia gisa.

Sagarzazu alkateak goizean BERRIAri jakinarazi zion udalak ez duela oraindik proposamen hori «landu». Azaldu zuen udala «lanean» ari dela erraztaileen bidez, baina oraindik ez daukala soluziorik: «Udalak orain ez du konponbide bat, gaur, irailaren 8an. Gustatuko litzaidake 2021ekoirailaren 8an ez bakarrik esatea, baizik eta praktikan jartzea, baina denok dakigu orain ez dagoela». Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kideak «borondatea» eskatu zuen elkarretaratzean egindako adierazpenetan: «Nahi dutenak hasten badira lanean benetan, hau konpontzen da ja». Ildo beretik jo zuen Etxebarrietak, eta «denbora galtzea» leporatu zion udalari: «Bada garaia elkarrizketa guneak sortzeko. Ez baldin badira egiten, agian azaldu beharko da zergatik: nork ez duen bertan eseri nahi. Jaizkibelek oso argi du espazio horretan parte hartu nahi duela». Kapitainak eskatu zuen, konpainiek ez ezik, herriko elkarteek ere eztabaida horietan parte har zezatela. Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak (EAJ), berriz, herenegun adierazi zuen «diskrezioz» lantzen ari direla gaia. EH Bilduk adierazpen instituzional bat proposatu zuen egun berean, baina bozkatzea galarazi zieten.

25 urteko bideari aitortza

25 urte bete ziren atzo hainbat emakume Hondarribiko alardean desfilatzen saiatu zirela, eta ugariak izan ziren sare sozialetan urraturiko bide horri aitortza egin zieten mezuak. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere omen egin zioten bide horri, eta soluzioak eskatu zituzten. EH Bilduk «herriko jaiak herrira bueltatzeko lan» egiteko deia egin zuen. Ahal Dugu-k, berriz, «Euskadiko botere publikoei» eskatu zien «utz diezaiotela benetako berdintasun eraginkorrari bizkarra emateari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.