Gipuzkoako zahar etxeetako langileek hitzarmena eskatu dute

Bi eguneko greba hasi dute sektoreko egoera salatzeko, ELAk eta LABek deituta. Hiru urte bete dituzte lan baldintza hobeen eske lanuzteak egiten. Egoera «onartezina» dela salatu dute

Gipuzkoako zahar etxeetako egoera salatzeko manifestazioa, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hiru urte bete dira Gipuzkoako zahar etxeetako langileak lan baldintza hobeen eske lanuzteak egiten ari direla. Atzo ere greba egin zuten, ELA eta LAB sindikatuek deituta, eta gaur ere egingo dute. Hainbat ekinaldi eta mobilizazio antolatu dituzte, eta manifestazioa egin zuten atzo goizean, Donostian, Saguesetik abiatuta. Aldarrikapenez jositako protesta izan zen, oihu eta txalo bidez bultzatuta. Tartean, lan hitzarmena eskatu zuten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizunak exijitu. Gipuzkoako Senideak elkarteak ere parte hartu zuen manifestazioan: «Gaurkoa beste borroka egun bat da».

Josune Diaz ELAko ordezkariak azaldu zuen hiru urte direla lanuzteak hasi zituztela —251. greba eguna zuten atzokoa—, eta «erantzunik gabe» jarraitzen dutela: «Lan hitzarmenean inongo aurrerapenik egin gabe segitzen dugu». Argi hitz egin zuen: «Erantzunak behar ditugu. Egoera kritikoa da».

Antzera mintzatu zen Leire Ormazabal LAB sindikatuko ordezkaria ere: «Urte gehiegi ari gara borrokan lan hitzarmen duin baten alde, lan baldintza duinen alde. Haserre gaude, gogaituta, nazkatuta».

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek bizi duten egoera salatu zuten atzo eginiko manifestazioan, eta Donostiako kaleak hartu zituzten, «erresidentziak borrokan» edota «hemen gaude, hitzarmenaren alde» gisakoak oihukatuz. Saguesetik hasi eta Gipuzkoa plazan amaitu zuten protesta. Kursaal parean Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak Lanpostu murrizketarik ez lelopean antolatutako manifestazioarekin bat egin zuten. Txaloz hartu zuten elkar.

Diputazioari zuzendutako mezuak ere izan zituzten. Irtenbidea topatzeko galdegin zioten. ELAko kideak bota zuen galdera: «Zeren zain dago diputazioa? Hemen gaudeForu Aldundiari erantzunak eskatzeko». Arazoari «behingoz» konponbidea emateko ordua dela nabarmendu zuen: «Bitartean borrokan jarraituko dugu».

Ormazabalek gogorarazi zuen Markel Olanok herenegun berretsi zuela ez dela berriz aurkeztuko ahaldun nagusi izateko, eta eskatu zioten joan aurretik «lanak eginda uzteko». «Patronala behartu dezala esertzera eta biltzera sindikatuekin, eragile sozialekin eta senideekin. Negoziazio prozesu batean sartu behar da, sektoreko langileek merezi eta behar duten hitzarmen duin bat lortu arte». Egoera «desblokeatu» behar dela adierazi zuen, eta dagoen «arazo estrukturala» konpondu.

Bi sindikatuek nabarmendu zuten alorra «publifikatzearen» garrantzia. Sektore feminizatua dela oroitarazi zuten, eta prekaritatea dela nagusi.

Greba eskubidea, urratuta

Jende ugari bildu zen atzoko manifestazioan, baina ez zeuden «egon behar zuten guztiak». ELAk eta LABek salatu zuten %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituztela, eta, modu horretan, langileen greba eskubidea urratu zutela. «Gaur [atzo] langile gehiago ari dira lanean urteko beste egun guztietan baino, horietan ez direlako gaixoaldiak, oporrak eta beste betetzen. Ez dago errefortzurik, eta langileak psikologikoki gaizki daude». Diazen ustez, hori «onartezina» da. Bat egin zuen Ormazabalek ere, eta gaineratu zuen urte osoan daudela gutxieneko zerbitzuetan.

Manifestazioaren amaieran mezu argia bota zuten: «Borrokan jarraituko dugu hau aldatu arte. Ez gara geldituko». Hiru urte daramatzate borrokan, eta segituko dute, lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetu arte: «Hau irabazi behar dugu».

Borrokarekin jarraitzeko, greba egingo dute gaur ere, eta mobilizazioak antolatu dituzte. Auto karabana bat egingo dute, Donostiako Berra zahar etxetik abiatuko dena, 10:00etan. Horrez gainera, elkarretaratzea ere egingo dute Txara II.a zahar etxean, 11:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.