Eusko Legebiltzarrak Ingurumen Administrazioaren Legea onetsi du

EAJren eta PSE-EEren babesarekin egin du aurrera legeak, eta oposizioko taldeek aurkako botoa eman dute. EH Bilduk, PP-C's-k, EP-IUk eta Voxek salatu dute udalen autonomia urratzen duela

Arantxa Tapia Eusko Jaularitzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA /FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
EAJren eta PSE-EEren babesari esker, Ingurumen Administrazioaren Legea onetsi zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Jeltzaleen eta sozialisten sostengua aski izan zen legeak aurrera egiteko, baina oposizioko talde bakar baten babesik gabe onartu zen araua. Izan ere, EH Bildu, PP-C's, Elkarrekin Podemos-IU eta Vox taldeek aurkako botoa eman zuten, argudiatuta legeak udalerrien autonomia urratzen duela.

EAJk lege proiektuari aurkeztutako zuzenketa batek eragin du oposizioaren gaitzespena. PSE-EEren babesarekin txertatu da zuzenketa legean, eta horren bitartez figura berri bat sortuko du Eusko Jaurlaritzak: interes orokorreko ingurumen proiektua. Horrela, gobernuak aukera izango du «interes orokorreko ingurumen proiektu» bat izendatzeko, eta, hala eginez gero, azken hitza izango du aukeratutako tokian egitasmo hori martxan jartzeko hala nola ur zikinen araztegiak, zabortegiak, hondakinak kudeatzeko plantak, parke eolikoak.... Udalek, baina, ez dute modurik izango proiektu horiek beren herrietan ezartzeari uko egiteko. Puntu horrek polemika dezente sortu du, eta atzo ere horixe izan zen oposizioak erabilitako arrazoi nagusia legearen aurka egiteko.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak legearen defentsa irmoa egin zuen: «Modernoa da, eta ingurumen erronkei egokituta dago». Azaldu zuen Jaurlaritzak proiektu bat onartzeko «interes publikokoa» eta «publikotik» sustatua izan beharko duela, eta zuzenketak sortutako «zarata interesatuak eta manipulatuak» baztertu zituen. PSE-EErentzat, berriz, «aurrerapausoa» da legea, «ingurumen erronkei heltzeko tresnak dituelako».

Oposizioa, ordea, oso kritiko agertu zen. Lurralde Antolamendurako Legea aldatzea eta udalei hitza kentzea leporatu zion Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gobernuari. Hala, legeari izen-abizenak jartzeko arrazoiak badirela esan zuen: «Corcuera legearen eta Wert legearen ondoren, orainTapia legea ere sartu da ezabatu beharreko legeen zerrendan». Antzeko argudioak eman zituen Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik ere. Udalen aurkako «erasotzat» jo zuen, eta ohartarazi udalek auzitara jo beharko dutela beren interesak defendatzeko. PPko Muriel Larreak, berriz, «inposizioa» egotzi zion Jaurlaritzari.

Gainera, EH Bilduk Eudelen bilerara eraman zuen atzo udalen autonomia defendatzeko eskaera, baina, salatu zuenez, Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak «utzikeriaz» jokatu zuen, eta uko egin zion legearen eraginari buruzko txosten bat egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.