Albistea entzun

LGTBI kolektiboa, «babesik gabe»

Instituzioen utzikeria eta babesik eza salatu dute LGTBI kolektiboko kideek. «Kezkatuta» daude Bilboko hilketen berriekin; esan dute «beldurra» hedatzen ari dela harremanak izateko orduan
EHGAM kolektiboak deitutako protesta bat, artxiboko argazki batean.
EHGAM kolektiboak deitutako protesta bat, artxiboko argazki batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihane Puertas Ramirez - Jone Arruabarrena -

2022ko maiatzak 5

Artega, haserre eta triste. Horrela daude Bilboko eta inguruetako LGTBI kolektiboko kideak, Bizkaiko hiriburuan lau gizon homosexualen hilketen inguruko albisteen berri izan ondoren. Sare sozialetan ere, gero eta gehiago dira instituzioen jarreraz eta kasuari emandako trataera mediatikoaz kexatzen ari direnak. Kolektiboko kideek adierazi dute babesgabe uzten dituztela instituzioek horrelako kasuetan.

Zehazki, El Correo egunkariak eman du Bilboko Alde Zaharrean ikertzen ari diren hilketen berri. Guztiak joan den urteko irailetik urrira bitartean hilda agertutako gizonen kasuak dira; hasieran, guztiak modu naturalean hil zirela pentsatu zuten familiartekoek eta Poliziak. Guztiek erabili zuten gizonezkoekin harremanak edukitzeko Wapo aplikazioa, eta El Correo-ren arabera, aplikazio horien bidez egin zuten kontaktua ustezko hiltzailearekin. Hil ondorengo egunetan dirua desagertu zen gizon horien kontu korronteetatik. Lau kasu ikertzen ari direla jakina da, baina zabaldu da gehiago ere izan daitezkeela.

Amets Martinez de Heredita Ikuspegi LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiko koordinatzailea da, eta azaldu du «kezkaz» begiratzen diotela gertatutakoari. «Eta kezkatzeko arrazoi asko ditugu». Adierazi du harremanetarako beldurra zabaltzen ari dela LGTBI kolektiboan, baina, era berean, ezin dituztela jada «konkistatu» dituzten eremu horiek utzi: «Zishetero arautik kanpo dauden praktikak nolabait demonizatzen ditu sistemak eta jendarteak».

Eneko Ander Romero ere kezkatuta dago «kriminalizazioarekin». Bilboko LGTBI kolektiboko kide da, eta uste du erantzuna oso bestelakoa izango litzatekeela hildakoak homosexualak ez balira: «Gogoan dut duela urte batzuk hilketa bat izan zela Bilbon. Adineko bikote bat hil zuten lapurreta egiteko. Handik egun gutxira, herritar bati lapurtu, eta lurrera botata hil zuten. Kasu horietan, medioek hilabeteak eman zituzten horren inguruan hizketan; instituzioek segituan kaleratu zituzten elkartasun mezuak, eta segurtasun itun berezi bat ere sortu zen. Zergatik ez da orain berdin gertatzen? Lau hildako daude; zortzi ere izan daitezke. Eta inork ez du ezer esaten».

Romerok argi dauka isiltasun horren arrazoia zein den: «Homosexualentzako app baten bidez ligatzen ari zirela hil dituzte. Eta hori immorala da jendarte honetan, atrebentzia bat». Slut-shaming kontzeptua ere aipatu du; «hau da, praktika sexual batzuk kriminalizatzea, eta mezu hau helaraztea: 'Haiek nahi izan dute hor ibili'». Kasuari emandako trataera mediatiko «morbosoa» ere salatu du: «Atalka eta ordainpean ematen ari dira, biktimenganako inolako begirunerik gabe». El Correo egunkaria ematen ari da kasuoi buruzko informazioa, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ofizialki ez du ezer jakinarazi ikerketaz; esan duten bakarra izan da sekretupean dagoela, eta ezin dela ezer ere esan.

Era berean, instituzioen jarrerak «babesgabe» sentiarazi dituela ere salatu du Romerok: «Ez dute elkartasun mezurik ere helarazi. Oso larria da ohartzea gure bizitzek ez dutela baliorik instituzioentzat». Azaldu du informazioa ere beharrezkoa dela segurtasuna bermatzeko: «Hiltzaileak ehunka biktima potentzial ditu bere sakelakoan, eta kolektiboko kideok ez dakigu ezer. Informazio gehiago behar dugu».

Beldurra hedatzen

Romerok azaldu duenez, Bilbon gisa horretako aplikazioak erabiltzen dituztenak «urduri» daude: «Batzuek jada utzi diote halako zitak izateari, beldur direlako. Baina zer egin behar dute? Beren praktika sexualak aldatu arrisku bat dagoelako?». LGTBI kolektiboari segurtasuna emate aldera, aplikazio horiek erabiltzeko segurtasun gida bat ondu zuen Ikuspegi behatokiak. Martinez de Hereditak azaldu du haren mamia: «Zenbait neurri biltzen ditu. Adibidez, pertsonekin toki neutro batean geratzea, edo norberaren etxean geratuz gero gauza baliotsuak begi bistan ez jartzea. Gomendagarria da konfiantzazko pertsona bati esatea norekin eta non geratu garen, edo bakarrik bizi bagara, beti ez dago zertan esan, esaterako». Hala ere, lasaitasun mezua zabaldu du; esan du gehienetan «esperientzia onak» izaten direla aplikazioetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA
Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek

Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.