Erkorekak onartu du lantzen ari direla udaltzainek suzko armak erabiltzeko dekretua

EH Bilduk lantaldeari egotzi dio erabakian parte hartzen utzi ez izana, eta dekretuaren aurkako ekinbide bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean

Bi udaltzain, Irungo San Juan plazan. JON URBE / FOKU.
maddi iztueta olano
Donostia
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
«Kidego armatu bat da Udaltzaingoa, eta, beraz, suzko armak ibiltzeko baimena du, ez betebeharra». Horixe nabarmendu dio Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak BERRIAri, udaltzain guztiak pistolaz patruilatzera behartuko lituzkeen dekretuaren zirriborro bat lantzen ari direla jakinarazi ostean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko lantalde bat ari da zirriborro hori prestatzen. Batzordeak ez du horren inguruko informazio ofizialik zabaldu, baina Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu du proiektua abian dela, eta jakinarazi du amaituta dagoenean Eusko Legebiltzarrean landuko dutela. «Horren inguruan epaiketak izan dira, eta epaileek sententzietan esan dute derrigorrezkoa dela udaltzainek ere armak eramatea», adierazi du Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean.

Zeresana eman du erabakiak, eta EH Bilduko hainbat kideren haserrea eragin du. Arzuagak «gardentasun falta» egotzi dio zirriborroan lanean ari den taldeari, eta EH Bilduri parte hartzen utzi ez izana egotzi dio: «Esan ziguten zirriborroa aurreratuta zegoela eta ez zutela gure laguntzarik behar». Horiek hala, aitortu du «neurriaren atzean ezkutatu daitezkeen asmoek» kezkatzen dutela, eta armen erabilera orokortuko den beldur da. Polizia sindikatuak dira lege dekretuaren sustatzaile nagusiak. Arzuagaren esanetan, «sekulako presioa» egiten ari dira azken hilabeteotan.

Dekretu izan litekeenaren inguruko xehetasun gutxi ezagutzen dira, baina posible da hori onartuz gero udal guztiek agindutakoari jarraitu behar izatea. EH Bilduko legebiltzarkideak ez du uste udaltzainek armen beharra dutenik; izan ere, adierazi du orain arte Udaltzaingoak bere lana horrelako tresnarik gabe egiten jakin izan duela. Hala ere, azaldu du prest daudela irtenbideak aurkitzeko eta dekretuaren inguruan eztabaidatzeko: «Txosten tekniko batek hala agintzen badu, udal bateko delitu tasa eta bortizkeria handiak direlako, bada, aztertu dezagun».

Polizia sindikatuen asmoaren aurkako desadostasuna adierazteko, EH Bilduk proiektuaren aurkako ekinbide bat aurkeztuko du legebiltzarrean. Dokumentu horretan, legea onartuz gero kontuan hartu beharreko baldintzak ezarri dituzte. Batetik, eskatu dute suzko armen erabilera justifikatuta egotea, eta erabilera bakoitzaren «jarraipen zorrotza» egitea. Halaber, eskatu dute armak agenteei eman baino lehen horiek formakuntza saioak jasotzeko, segurtasun zein erregistro sistemak egunean eramateko, eta armaren ebaluazioa eta kontrol teknikoa egiteko.

Zirriborroa lege bihurtuko balitz, udal guztietako agenteak behartuta egongo lirateke armak eramatera. Arzuagaren ustez, ordea, udal bakoitzak erabaki behar luke suzko armak erabiltzea beharrezkoa den edo ez, desberdintasun handiak egon daitezkeelako udalerri batetik bestera. Horregatik, Arzuagaren ustez, beharrezkoa da «tokian tokiko azterketa bat» egitea udaltzainei pistolak eman baino lehen.

Ildo beretik, Erkorekak ere aitortu du udaltzaingo guztiak ez direla «maila berekoak», eta, beraz, arauak ez lukeela eragin bera izango herri guztietan: «Polizia erakunderik ez duten herrien kasuan, hau da, herri txikietan, araua bestelakoa izan liteke. Erakundetan antolatuta daudenei buruz ari gara».

Ikusteko dago zirriborroak zer ekarriko duen. Dena den, eragin handiak izan ditzake herritarren egunerokoan. Egoera zehatzetan «herritarren onerako» izan daitezkeen arren, Arzuagak gogora ekarri ditu suzko armen arriskuak: «Askotan izaten dira istripuak, eta argi dago armen erabilera orokortzea herritarren kalterako izan daitekeela kasu batzuetan».

2019an piztu zuten metxa

Udaltzain guztiek armak erabili ahal izateko oinarria Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2019an emandako epaiak jarri zuen. Eibarko udaltzain batzuek udalari eskatu zioten pistolak erabiltzeko baimena, baina, udalaren ezezkoa jaso ondotik, auzitara jo zuten, PLES Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Sindikatuaren bidez eta Erneren babesarekin.

Epaia eman arte, tokian tokiko gobernuen oniritzia behar zuten udaltzainek suzko armak erabiltzeko. Ordutik aurrera, ordea, udalek argudiatu egin behar dute zein kasutan ez duten armarik ibili beharko. Halakorik zehaztu ezean, udaltzain guztiek erabili dezakete pistola.

Hiriburuetako udaltzainek pistolak erabiltzen badituzte ere, herri txiki askotan debekatuta izan dute suzko armak erabiltzea. 2019ko epaiak, ordea, armen erabilerari jarritako mugak argudiatu beharra eragin die udalei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.