Espainiaren proiektu «supremazista» salatu du EH Bilduk Bolibarren

Hego Euskal Herriko zenbait eragilek ekintza batzuk egin dituzte Hispanitatearen Egunaren kontra. Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu dute

Arnaldo Otegi eta EH Bilduko zenbait kide, atzo eguerdian, Bolibarren egin zuten ekitaldian. JON URBE / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hispanitatearen Egunaren harira, Espainiaren proiektu «supremazista» salatu du EH Bilduk, eta azaroaren 12rako antolatu duten mobilizazioan parte hartzera deitu du. Ekitaldi eta ekintza andana egin zuten atzo Hego Euskal Herriko eragile batek baino gehiagok. Besteren artean, Sortuk protesta bat egin zuen Hernanin (Gipuzkoa), Ez Guardia Zibil, ez ejertzito, ez Frankoren oinordekorik. Ez arraza eta ez inperio. Euskal Herriak demokrazia eta askatasuna! lelopean. Aske antolakundeak manifestazioak egin zituen Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Mungian (Bizkaia), Indar errepresiboak suntsitu! lelopean.

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak mezu hau zabaldu zuen Twitter sare sozialean: «Gaur Hispanitatearen Eguna da. Egun honek, alde batetik, Espainiaren izenean egindako sarraski kolonialak adierazten ditu. Bestetik, gaur egungo nazio zapalduen betikotzea eta langileriaren menderatzea dakar. Ez daukagu ezer ospatzeko». Donostiako Bira Zapatistak elkarretaratzea egin zuen Donostian, Herritarrok erresistentzia lelopean, eta gogora ekarri zuen Latinoamerikan zein mundu osoan «herri indigenen aurkako sarraski-gerra» indarrean dagoela, «haien baliabide naturalak ustiatzeko». AEM Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduak, berriz, Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkaritzaren aitzinean protesta egin zuen, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde. Egiari Zor Fundazioak salatu zuen Hispanitatearen Eguna ospatzeko ekitaldietan «umiliatu» egin zirela Estatuaren bortxaren biktimak. «Ordezkari instituzionalek beste erantzukizun batekin jardun behar lukete, eta saihestu Guardia Zibilaren biktimak umiliatzea».

Bolibarren (Bizkaia) egin zuen agerraldia EH Bilduk. Espainiaren «supremazismoa» eta ezker independentistak Euskal Herriarentzako duen «proiektu inklusiboa» kontrajarri zituzten: «Euskal Herritik mundura mezu bat helarazi nahi dugu: herrien askatasuna, burujabetza eta harrotasuna».Bi mezu azpimarratu zituen Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaileak Simon Bolivarren sustraiak dauden herritik: batetik, mundu osoan bere burujabetzaren alde borrokan ari diren herri guziei «besarkadarik handiena eta elkartasunik handiena» helarazi zien, eta, bestetik, munduan dauden «herri langile» guziei hitz egin zien: «Ez gara nazio berekoak, baina klase berekoak gara».

Otegiren hitzetan, euskaldunek ez dute ezer ospatzekorik urriaren 12an, uztailaren 14an Frantziako Errepublika ospatzen ez duten modura. «Euskaldunok beti izan dugu errespetua munduko beste herriekin, baina gure aberria Euskal Herria da. Eta hori aldarrikatzera gatoz». Haren arabera, ezker independentistak burujabetza eskatzen du «identitate nazionala defendatzeko», baina baita Euskal Herriak «behar besteko tresnak» izan ditzan erronka nagusiei heltzeko: klima krisia, genero eta gizarte berdintasunak eta bestelako politika industrialak aipatu zituen, besteak beste.

Hispanitatearen Eguna ospatzeko Madrilen egin zuten desfile militarrarekin desberdindu zuen Euskal Herriaren burujabetzaren aldarrikapena. «Haien proiektu nazionalak hizkuntza, bandera, estatu eredua eta nazionalitatea inposatzen ditu. Proiektu politiko supremazista da».

Eraso bat Donostian

Donostiako Parte Zaharreko herriko tabernak salatu du aurtengo zazpigarren «eraso faxista» egin diotela. Hainbat laguneko talde batek gaueko ordu txikietan lapurtu ditu tabernaren kanpoan jarri ohi dituzten ikurrina, arrano beltzaren bandera eta euskal presoen euskal herriratzea eskatzeko bandera bat. Sare sozialetan Piztu Donostiak zabaldutako bideo batean zazpi ezezagun ageri dira hiru sinboloak lapurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.