Albistea entzun

Estatuaren biktimak: Aitortzarako bidean mugarria

Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordea irailean osatu zen.
Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordea irailean osatu zen. NAFARROAKO GOBERNUA Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko urtarrilak 7 - Iruñea

Urte askoan, Espainiako Estatuak eragindako indarkeriaren biktimei bizkarra erakutsi zieten Nafarroako erakundeek. Axolagabekeria hura 2015ean hautsi zen, parlamentuan hainbat senidek euren testigantza lehen aldiz eman baitzuten. Ordutik, ondorengo bi legealditan, oztopoz betetako bide bat egin du Nafarroako Gobernuak. Urte berriarekin batera, mugarri bat markatu du aitortzarako bide horrek. Asteon, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak foru agindua sinatu du.

Aurki kaleratuko da agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean sartzen denetik beretik bete beharreko dokumentazioa eta afixak izango dira herritarren eskura Nafarroako Gobernu Irekia webgunean. «Aginduan etorriko dira baldintzak. Herritarren zerbitzura egongo da biktimen bulegoa, agiria betetzen laguntzeko. Etxetik modu telematikoan ere bete ahalko da», laburbildu du Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariak.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak nabarmendu du «beharrezko mekanismo guztiak» ziurtatu nahi dituztela. «Biktima orok du aitortua izateko eta erreparatzeko eskubidea, arrazoiak alderatu gabe, bereizketa eta bazterketarik gabe», gaineratu du Ollok.

1950etik aurrera

Aitortzarako eskaera egin dezaketenen artean, Estatuaren gehiegikerien biktima ezagunak datoz burura. Hala nola German Rodriguez 1978ko sanferminetan eraila, Jose Luis Cano 1977an Espainiako Poliziak tiroz eraila, Gladys del Estal 1979an Tuteran nuklearren aurkako manifestazio batean Guardia Zibilak eraila, Jose Miguel Etxeberria Naparra BVE talde paramilitarrak 1980an desagerrarazitakoa, Mikel Zabalza Guardia Zibilak torturatu eta eraila... Dena den, oro har, 1950etik aurrera giza eskubideak urratu zaizkion herritar orok galdegin dezake aitortzarako eskubidea.

Orain arte, Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak, Estatuaren indarkeriaren biktimen errealitate zabalari aurre egiteko orduan, Foro Sozialarekin landu du jarduteko eremua. Hor barruan sartu da torturaren auzia, eta, iaztik, kolektibo gisa, Torturatuen Sarea izan dute beste solaskide nagusi. «Haiekin guztiekin hitz egin dugu edukiaz, baina elkarrizketaren aldia amaitutzat eman daiteke. Kasuak orain banaka aztertuko dira».

Atzerako begirada horretan, gogoan hartu behar da bidea luzea izan dela. PPk bultzatuta, Auzitegi Konstituzionalak 2015eko lehen legea kamustu egin zuen, eta parlamentuak beste lege bat aurrera atera zuen. 2021eko uztailean berretsi zuen haren edukia Konstituzionalak, eta segurtasun juridiko horrek bermatuko du aitortzarako bidea.

Irailean prozedura administratiboaz arduratuko den batzordea eratu zen. Askotariko diziplinatan aditu diren bederatzi kidek osatzen dute, eta presidentea Martin Zabalza da. Hiru hilabeteotan araudia landu du. «Ulertzen dut denbora asko zain daraman norbaitentzat epeak luzeak direla, baina oso azkar egin dugu».

Kasu bakoitzak auzitegi medikuen txostena izango du, lehenik. Ondoren, adituetako batek hartuko du kasuaren ordezkaritza, eta haren esku egongo da dokumentuak eskatzea; hark landuko du ebazpen proposamena, eta batzordean eztabaidatu eta bozkatuko da; azkenik, Zabalzak emango du biktima gisa aitortzeko ebazpena. Erreparazioari begira, ETAren biktimen tratamendu bera izango dute.

Lan tekniko konplexua dela nabarmendu du Zabalzak: «Legearen arabera, urtebete iraungo du, baina kontuan hartu behar da eskaera kopuru nabarmena izango dela, bereziki hasieran». Kasu guztiak aztertzeko konpromisoa dute. «Prozesuak, osorik, lau urte eta erdi iraungo du. Epe zabal horretan, giza eskubideak urratu zaizkiola uste duen herritar orok jo dezake bertara».

Kasu guztiak bilduko dituen txosten orokorra landuko dute amaieran: «Batzordea inplikatuta dago azterketa hori egiteko. Ez da izango prozedura administratibo huts bat. Egiari buruzko prozesu bat izango da. Giza eskubideen urraketaren argazki orokorra aterako du batzordeak, eta horrek bere konplexutasuna du. Euskal Autonomia Erkidegoan bada antzeko beste batzorde bat, eta harreman bikaina dugu haiekin, baina Europan edo munduan ez dugu egiaren batzordeari buruzko aurrekari gehiegirik».

Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak jada bide bat egina du, eta, haren barruan, biktima gisa aitortua dute Mikel Zabalza. Horregatik, Idoia Zabalza arrebaren arabera, Nafarroak orain egin duen urratsa «ez da nobedadea». «Berriak egon diren bakoitzean, asko aipatu da gure anaiaren kasua; gehiegi, nire ustez. Ematen zuen gure anaiaren neurrira egindako legea izan dela, baina askoz jende gehiagori eragiten dio», nabarmendu du Zabalzak. Legeak bere mugak izanda ere, alde onari erreparatu nahi izan dio: «Inportantea da estatuaren indarkeria pairatu dutenak aitortzea, ahaztu gabe legetik kanpo gera daitezkeela hainbat kasu», azaldu du.

Egia, «ezkutuan»

Eneko Etxeberria Naparra-ren anaiak ere Egiari Zor fundazioaren bitarteaz eskatua du aitortza Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordean, baina, urtebete iraganda, ez dute berririk. Nafarroan egin den urratsa ikusirik, 2019ko legeko aitortza eta erreparazioa bete behar dela iritzi dio. «Dena den, hankamotz geratzen da». Izan ere, Etxeberriaren esanetan, «egia ezkutuan dago». «Hori da arazoa. Estatuaren auzi bat da, eta berdin zaio kolore bateko edo besteko gobernua dagoen. Estatuak behingoz onartu beharko luke zer egin duen. Ni nahiko pesimista naiz, ikusita Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko arazoak eta borondate politikorik eza».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu, Nueva Economia foroan, gaur. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

«Gizartearen ezinegona artifizialki elikatzen dutenak» salatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

Nueva Economia foroan egindako hitzaldian esan du horrelako jarrerek ateak zabaltzen dizkietela «populismoari eta demagogiari».

Atzoko osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean. Goian, memoria elkarteetako gonbidatuak. ©E. PORTILLO / FOKU

Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Xabier Martin

PP, Vox eta Ciudadanos ez beste guztiek onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, Gasteizko ganberan. 1936tik 1978ra arteko biktimei eragingo die
Maiorga Ramirez, apirilean egindako agerraldi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Epaitegiak hamabost egun eman dizkio EAri kanporatutako kideak berriz onartzeko

Iosu Alberdi

EAko Nazio Batzorde Eragileak iaz onartu zuen Maiorga Ramirezi eta beste lau alderdikideri afiliazioa lau urterako etetea.

Ernaik Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren alde antolaturiko manifestazioa. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Barbadoren eta Zelaiaren epaia «lekuz kanpo» dagoela dio Sarek

Iosu Alberdi

Amurrion eta Gasteizen mobilizazioak egon dira, Ernaik deituta. Ankerkeria Stop plataformak biharko manifestaziora deitu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.