Martxoaren 3ko zentroa sortzeko epea luzatu dute, biktimek eskatuta

Elkarte memorialistek denbora gehiago eskatu dute oroimenezkoaren fundazioa sortzeko estatutuei ekarpenak egiteko. EH Bilduk salatu du EAJ eta PSE-EE bizkarra ematen ari zaizkiela biktimei

Memoria Gara egitasmoaren prentsaurreko bat Asizko San Frantzisko elizaren aurrean, 2021ean. ENDIKA PORTILLO / FOKUA.
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Euren ahotsa aintzat hartua izateko eta ekarpenak egiteko denbora gehiago eskatu zuten, eta, azkenean, izango dute. 1976ko martxoaren 3an izan ziren gertakariak gogoratzeko Gasteizen eraikitzekoa den oroimenezkoaren fundazioaren estatutuak atzo ziren onartzekoak Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Batzordean, baina atzeratu egin zuten bozketa. Izan ere, elkarte memorialistei joan den astean jakinarazi zieten hiru egun baino ez zituztela txostenari ekarpenak egiteko, eta kezka agertu zuten, ez zutelako denbora askirik estatutuak aztertzeko. Are, udal talde guztiei eskatu zieten estatutuen inguruko tramiterik ez abiatzeko Memoria Gara ekinaldiak eta biktimen elkarteak horiek aztertu eta batzarrean berretsi arte. Bada, atzo goizean atzera egin zuen Gasteizko Udalak, eta bertan behera utzi zuen estatutuen dokumentazioa aztertu eta onesteko emandako 72 orduko epea. Puntu hori eguneko gai zerrendatik kanpo geratuko zela jakinarazi zuen Bizikidetza Saileko zinegotzi Miren Fernandez de Landak goizean.

Gasteizko Zaramaga auzoan dagoen Asisko San Frantzisko elizak hartuko du Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa. 1976ko Martxoaren 3an, bost langile hil zituen polizia armatuak, elizan bertan, eta haien omenez eraikiko da zentroa. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaintzak gune hori sortzeko asmoen protokolo bat sinatu zuten, eta bertan jasota dago fundazioa hiruhileko honetan eratuko dela. Lan horretan ari dira orain.

Memoria elkarteek sarritan salatu dute parte hartzeko ateak itxi zaizkiela, fundazioaren estatutuetan ez ezik, oroimenezkoa sortzeko prozesu guztian ere, eta kezkatuta agertu dira egitasmoa hartzen ari den bideaz. Kezka horrekin bat egin zuen atzo EH Bilduk ere: koalizioak ohartarazi zuen elkarte memorialisten ahotsa entzutea funtsezkoa dela proiekturako, baina EAJ eta PSE-EE bizkarra ematen ari zaizkiela. «Aintzat hartu dituztela esaten diete, baina ez da egia».

Inbertsiorik eza salatu dute

Zentro berriaren inguruan «etengabeko atzerapenak, bete gabeko promesak eta aurrekontu murrizketak» nagusi direla salatu zuen Memoria Gara-k abenduan, agerraldi batean. Gogora institutuak proiektu horretarako lehen aurrekontua onartu zuen 2021ean: guztira, 485.000 euro bideratu zituen 2022ko ekitaldirako. Alabaina, memoria elkarteek salatu dute iaz ez zela euro bakar bat ere gastatu, eta 2023rako %40 gutxiago inbertituko dela.

Kezkarako motibo gehiago dituztela ere jakinarazi dute. Urtebete da elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatzeko proposamena helarazi ziola Gogora-ri. Oraindik ez dute erantzunik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.