Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Kongresuko lurralde batzordea gaur abiatuko da, EAJ eta EH Bildu gabe

Publizitatea

Politika

Kongresuko lurralde batzordea gaur abiatuko da, EAJ eta EH Bildu gabe

Uste dute foro horretan ez direla aztertuko Kataluniako eta Euskal Herriko nazio gatazkak
Francesc Homs (PDECAT), Marian Beitialarrangotia (EH Bildu) eta Aitor Esteban (EAJ), Espainiako Kongresuan, urriaren 26an.
Francesc Homs (PDECAT), Marian Beitialarrangotia (EH Bildu) eta Aitor Esteban (EAJ), Espainiako Kongresuan, urriaren 26an. CHEMA MOYA / EFE

2017-11-15 / Edurne Begiristain

Gaur abiatuko da Espainiako Kongresuan estatuaren lurralde egitura aztertzeko batzordea. PSOEren ekinbidez eratu da foro berri hori, eta gaur du lehen bilera. EAJk eta EH Bilduk berretsi dute ez dutela parte hartuko batzorde horretan. Biek ala biek uste dute ez dituela konponduko Kataluniaren eta Euskal Herriaren nazio arazoak, eta ez diola irtenbiderik emango erabakitzeko eskubideari. Espainiako autonomia estatuaren inguruan eztabaidatzeko eta Espainiako Konstituzioa erreformatzeko helburua du batzordeak, eta, EAJk eta EH Bilduk ez ezik, Podemosek, PDECATek eta ERCk ere iragarri dute ez dutela parte hartuko.

EAJk ohartarazi du batzorde horretan soilik izango dela baldin eta Kataluniako eta Euskal Herriko aferei «lehentasuna» ematen badie. Kataluniako gatazkari irtenbidea bilatzeko estatu osoko egitura aztertzea proposatu zuen PSOEk batzorde horretan. PPk, berriz, autonomien finantzaketa hobetzeko proposamenak bideratzeko erabili nahi du foro berria. Jeltzaleak ez daude ados bi alderdion planteamenduekin. «Ezin dira nahastu bi gauzak», ohartarazi du Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen diputatuak. Helburu horiek baldin baditu, batzordeari ez dio «etorkizun handirik» opa EAJko bozeramaileak.

Jeltzaleek ez dute baztertu aurrerago parte hartzea, baldin eta PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ez badute autonomia eredua jorratzeko erabiltzen. Ordea, gaur-gaurkoz, baliorik ez diotela ikusten berretsi du Estebanek: «Extremadurako arazoak Kataluniako arazoekin nahasten badira, batzordeak ez du ezertarako balio izango», esan du.

EH Bilduk ere kritikatu egin du batzordearen sorrera, ez duelako erabakitzeko eskubidea jorratuko. «Batzordeak ez du etorkizunik», ohartarazi du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak, Onda Vasca irratian. Sakoneko gabezia bat ikusten dio EH Bilduk batzordeari: ez diola irtenbide politikorik emango Kataluniako afera politikoari, eta, hortaz, ezta erabakitzeko eskubidearen auziari ere.

Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma batean erabakitzeko eskubideak ez duela lekurik izango uste du EH Bilduk, eta, hortaz, ziur da Kataluniako eta Euskal Herriko herritarrei euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubideari «bidea itxiko» zaiola. Beitialarrangoitiak azpimarratu duenez, «PPren politika zentralizatzaileak pauso bat harago egingo du aurrera konstituzioaren erreformarekin».

Itun ekonomikoa, ixtear

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak Madrili dei egin dio itun ekonomikoa eguneratzeko akordioa urtea amaitu aurretik sinatzeko. Urte hasieratik ari dira Iruñea eta Madril 2015ean iraungitako itun ekonomikoa eguneratzeko ahaleginean, eta Barkosek atzo aitortu zuen «sintonia ona» eta «elkar ulertzeko giroa» ikusi duela Espainiako Ogasun Ministerioan. Urteroko ekarpen ekonomikoaren zenbatekoaz akordioa lortu dela eta «desadostasun txiki batzuk» konpontzea baino ez dela falta nabarmendu du Barkosek. Akordioaren zenbatekoa ez du zehaztu, baina erantsi du akordioa sinatzeko Madrilen azken «bultzada politikoa» baino ez dela falta.

Itun ekonomikoa lehenbailehen sinatzea nahi du Barkosek —abenduaren 31 baino lehen egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari—, eta ohartarazi du atzerapenak «dozenaka milioi euroren galerak» sortzen dizkiola Nafarroako altxortegiari.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, Gernikako Estatutuan jasota dauden eta oraindik eskualdatuta ez dauden transferentzien inguruan noiz negoziatuko zain jarraitzen du. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu du oraindik ez dela elkarrizketa ofizialik hasi Espainiako Gobernuarekin, eta berretsi du Jaurlaritzak «eskua luzatuta» jarraitzen duela transferentziak negoziatzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak