Irlandako ispiluari begira

EAJk bake akordioak gogoratu ditu. Juan Mari Atutxak «autokritika ausartak» galdegin ditu
Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Sabino Arana fundazioak antolatutako ekitaldian, atzo, Bilbon.
Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia, Sabino Arana fundazioak antolatutako ekitaldian, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE

Jokin Sagarzazu -

2018ko maiatzak 16
EAJko presidente Andoni Ortuzarrek Europako erakundeei eskatu die bakea «balio gisa barneratzeko, kapitalizatzeko eta esportatzeko». «Euskadik eta Irlandak gure eskarmentua eskain dezakegu lan horretarako». Hitzok esan ditu Ostiral Santuko Akordioaren 20. urteurrenaren harira Bilbon eginiko mintegi batean —Sabino Arana fundazioak eta Europako Demokraten Institutuak antolatu du—. Han izan dira, besteak beste, Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahern; Ipar Irlandako Bake eta Adiskidetzerako Europako Batasunaren arduradun eta Irlandako Gobernuak Kolonbiara bidali duen aholkulari berezi Patrick Colgan; eta Rocco Caira kontsula.

Ortuzarrek, bere hitzaldian, bi herrialdeek «partekatzen dituzten ezaugarriak» azpimarratu ditu. «Krisi ekonomikoa atzean uzten ari gara, bi estatutan banatuta dauden bi nazio gara, eta azken mendeotan gertakari tragikoak bizi izan ditugu». EAJkoak bereziki gogoan izan ditu bi gatazketan izan diren «biktima guztiak; IRAk eta ETAk eragindako min bidegabea sufritu duten pertsona guztiak».

Ahern eta Colgan Euskal Herrian dira egunotan. Herenegun, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen lehen ministro ohia, Ajuria Enean; eta aholkulariak hitzaldi bat egin zuen legebiltzarreko bizikidetza lantaldean. Atzo, Bilbon izan ziren biak. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegirekin eta Sortuko Urko Aiartzarekin gosaldu zuen Ahernek. Eta Ortuzarrek Sabin Etxean hartu zuen. Irlandako agintari horrek gertutik erreparatu dio Euskal Herriko bake prozesuari: Aieteko topaketan izan zen 2011n, eta Kanboko Arnaga Etxekoan izan berri da. Sabino Arana fundazioan emandako hitzaldian, dena den, brexita-z aritu da. Ohartarazi du «beste zatiketa bat» eragin dezakeela horrek irlandarren bizikidetzan.

Ahern eta Ortuzarrekin batera, fundazioko presidente Juan Mari Atutxak ere hitz egin du. Gogoratu du bera Jaurlaritzan zenean —Herrizaingo sailburu— sinatu zirela Irlandako bake akordioak, eta horrek «ilusioa eta itxaropena» ekarri zuela Euskal Herrira. Damu agertu da, baina, ordutik urte asko pasatu direlako ETA desegin arte. Horren harira, adierazi du «iraganeko zauriak» ixteko beharrezkoa izango dela «denon autokritika eta konpromiso aktibo eta ausarta», eta nabarmendu du bizikidetza ezin dela izan «ideia jakin batzuen uko egitea».

PP eta Ibarretxeren itzala

Atzo, beste alderdietako buruzagiek ere hizpide izan zuten gaia. Sortuko Arkaitz Rodriguez, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, «autokritikaren» alde agertu zen, baina hori egiteko eskatu zien EAJ, PSE-EE eta PPko kideei ere; bereziki, euskal presoen urruntze politikan eta torturen auzian dituzten «erantzukizunengatik». PPko Alfonso Alonsok, berriz, zerga politikaz hitz egiteko ekitaldi batean, azaldu zuen beraiek prest daudela bakegintzan «urratsak» egiteko, baina ohartarazi zuen bide hori «arriskuan» jar daitekeela alderdiak orain «Ibarretxeren garaiko eztabaidetan» murgiltzen badira.

Legebiltzarreko bizikidetza lantaldean ere hitz egin zuten gaiaz, atzo, Gemma Varona kriminologoak, Iñaki Egaña Euskal Memoria fundazioko presidenteak eta Tasio Arrizabalaga Egiari Zor elkarteko kideak. Ateak itxita egin ziren mintzaldiak, eta gero ez zuten adierazpenik egin.

Urkullu lehendakariak, berriz, mintegi baterako hitzaldian, esan zuen agintarien «erronka etiko» nagusia dela biktima denen mina konpontzea, «baita presoena eta haien senideena ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna