Maravillas gaztetxea

Solanak Asironi egotzi dio ardura, «ez duelako bitartekaritza bultzatu»

Iruñeko alkateak salatu du ez dagoela «inondik ere ados» Maravillas husteko erabakiarekin. Solanaren arabera, Nafarroako Gobernuaren elkarrizketarako deiari muzin egin zion gaztetxeak

Maria Solana atzoko agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren teilatu gainetik erantzukizun oro kendu nahi izan du Maria Solana bozeramaileak. Zuzenean, Joseba Asiron Iruñeko alkatea hatzarekin seinalatu zuen, atzo eguerdian eginiko agerraldi batean. Rozalejoko jauregiaren jabea gobernua izan arren, gaztetxearen jarduera «udal esparrukoa» dela nabarmendu zuen, eta, iazko irailaren 3an eraikina okupatu zutenetik, Asironek ez duela ezer egin. «Gobernuaren izenean, min egiten digu, eta inolaz ere ezin dugu onartu alkatea, arduradun politikoa, orain bitartekaritzaren eskaeraren atzean ezkutatu nahi izatea. Berari dagokio bitartekaritza». Gobernuko beste bazkideei «zintzotasunez» jokatzeko eskatu zien, eta EH Bilduren kasuan ardura zuzena duela aipatu zuen.

Solanaren arabera, Nafarroako Gobernuak egoerari irtenbidea bilatzeko behar beste egin du. Haren hitzetan, irailaren 3an Rozalejoko eraikina okupatu eta ordu gutxira gobernuak salaketa jarri zuen, eta auzitegiek epea ireki zuten bitartekaritza bidez akordiora heltzeko. Solanaren arabera, epe hori ahitu egin zen, akordiorik lortu gabe, «eta erabaki zen hustea eskatzea». Solanak gaineratu zuenez, gaztetxetik «erresistentziarako deiak» egin diren bitartean gobernuak elkarrizketarako eskua luzatu du: «Esan diegu hitz egiteko prest ginela hustea izan zedin poliziarik gabekoa, borondatezkoa, ahalik eta erarik ordenatuenean egindakoa. Era berean, irtenbide bat ahalbidetzeko prest gaude». Hala ere, argi utzi nahi izan zuen ardura hori Iruñeko Udalari dagokiola.

Asteartean Barkosekin bilera egiteko proposamena egin zien Solanak gaztetxeko arduradunei: aurrez aurre, arratsalde hartan bertan, edo biharamunean. Ostiralerako atzeratu nahi izan zuten bilera: «Orain leporatzen zaigu husteagatik ez genuela nahi bitartekaritza ostiralean egitea, baina, hain zuzen, hori eragozteko nahi genuen lehenago egin, eta horregatik ez dugu atzerapena ulertzen». Solanaren arabera, prozedura judizial baten erdian izanik, «berandu baino lehen» egin behar zen ahalegina. «Ez dugu jaso deirik, ez udaletik, ez eta gaztetxetik ere; eta, azkenean,gu izan gara saiatu garen bakarrak. Berandu izan dela zioten batzuek, baina inoiz ez da berandu. Gaztetxekoek, berriz, pasatzen utzi dute aukera».

Solanak argitu zuen epaileak eman zuela husteko agindua, eta Foruzaingoak jaso zuela. «Agindua ez da gobernura heldu, edo gure bulegoetara, Foruzaingora baizik, eta hark agindua bete du». Solanaren ustez, eraikina memoria historikoaren institutuaren egoitza izateko erabakia ez da izan azken orduko asmakizuna: «Gobernuak legealdi hasieratik darama pentsatzen memoria historikoari merezi duen tokia ematea». Datozen asteetan Ana Olloren departamentuak horren berri emango duela aipatu zuen.

«Aldebakarreko hustea»

Solanak hitz egin aurretik, adierazpen publikoak egin zituen Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Maravillas gaztetxea husteko erabakiarekin «inondik inora» ados ez zegoela esan zuen. Asironen arabera, jarrerak gaiztotu ditu husteko erabakiak. «Gaitzesten dugu indarkeria erabiliz alde bakarreko hustea, eta elkarrizketa inoiz baino beharrezkoago da». Kexu azaldu zen erabakiaren berri izan ez zuelako: «Nahiko nukeen gertatzera zihoanaren berri izatea, eta ez jakitea sare sozialen bitartez». Haren ustez, garrantzitsua da elkarrizketa: «Udaletik elkarrizketa hori bideratzeko ahaleginak egingo ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.