Jaizkibelek esan du «beste aldera begiratzeari» utzi behar zaiola

Hondarribiko konpainia parekideak esan du asteburuko erasoa ezin dela zuritu: «Aski da». Instituzioekin bilerak nahi dituzte, lehenbailehen. Jende askoren sostengua jaso dute
Jende asko joan zen atzo Hondarribira, Jaizkibel konpainiari babesa erakustera.
Jende asko joan zen atzo Hondarribira, Jaizkibel konpainiari babesa erakustera. ANDONI CANELLADA / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko irailak 14
Hondarribiko (Gipuzkoa) Kale Nagusiaren pean, alardea gogora ekartzeko herrian ipinita dagoen eskulturaren ondoan; hor egin zuen atzo Jaizkibel konpainiak larunbatean hantxe bertan pairatu zituen arbuio keinuak gaitzesteko agerraldia. Ez dute ezagutu oraindik jazarpen eta mespretxu keinurik gabeko desfilerik; orain 22 urte alarde parekidea eskatzen hasi zirenetik, ohikoak izan dira herrian kontra daudenen erasoak, eta iraunkorrak. Aski bortitzak ziren garai batean, lausoagoak izan dira azken urteotan. Baina plastiko beltzak edonon, desfile parekidea eragozteko txistu hots ozenak etengabe airean, iragan larunbatekoa urteotako desfilerik gogorrenetako bat izan zen. Eta horrelakorik gehiago ez dutela onartuko adierazi zuten atzo: «'Aski da' ozen bat esateko elkartu gara gaur hemen. 'Aski da', gure kontrako eraso eta irainak bizi behar izateari». Eta auzia aintzat hartzeko eskatu zieten, bereziki, instituzioei: urte askoan «beste aldera begira» egon direla salatu zuten, horrek kaltea ekarri duela, eta ezinbestekoa dela haien esku hartzea.

Hain zuzen, bilerak eskatu dituzte, «proposamen konkretuak» mahai gainean jarrita egiteko, eta lehenbailehen: «Ezin dugu datorren urteko irailera itxaron». Lau agintariri egin diete propio bileretarako deia: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuri eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediari.

Erasoak zuritzerik ez dute onartu. «Larunbatean, Hondarribian, emakumeon parte hartzea aldarrikatzen duen konpainia batek Kale Nagusiko ibilbidea egin zuen, eta beste aldean, plastiko beltzen itzalpean, guri eraso egin zigun jendea egon zen. Ez zen festa bizitzeko beste modu bat, eraso argi eta garbia izan zen», adierazi zuten, konpainiaren izenean, Izaskun Larruskainek eta Iratxe Etxeberriak. Jende asko joan zen atzo agerraldira sostengua erakustera —herritarrak eta ordezkari politikoak—, eta txaloka hartu zituzten Jaizkibel konpainiako kideen hitzak. Hunkituta erantzun zuten haiek. Eta haien mezuan irmo. Izan ere, keinu onartezinez jositako soka luze batean kokatu dute larunbatekoa. «Aurtengoa bereziki gogorra izan bada ere, ezin dugu ahaztu urteak daramatzagula Kale Nagusia plastiko beltzez josia dagoela igotzen».

Mozorroa kendu nahi diote normala hitzari; keriak tapatzen dituela iritzita. «Urteak dira gure kontrako erasoak eten ez direla, eta urteak dira normaltasuna omen zegoela zioten instituzioen urteroko mezuak irakurri behar izan ditugula. Ez, hemen Hondarribian gertatzen dena ez da normala. Patriarkatua eta matxismoa da hilaren 8an ikusi eta bizi behar izaten duguna».

Hain justu, emakumeek kalea eta festa «parekidetasunean» bizitzea eragotzi nahi dute Jaizkibelen kontrako ahotsek. Eta horiek boza goratu dute orain arte instituzio askok inoiz eraso horien kontra ahotsik ozendu gabe, eta konponbiderako batere urratsik egin gabe. Hain zuzen ere, EAEko Arartekoa eta Emakunde dira gatazka lehenengoz piztu zenetik alarde parekideen aldarriak —Irunen ere istilu iturri izan da; ez da oraindik ere auzia erabat konpondu— argi eta irmo babestu dituzten bakarrak. «Hondarribiko Udala, Gipuzkoako egungo diputazioa eta Eusko Jaurlaritza itsu-mutu-gor egon dira», salatu dute Jaizkibeleko kideek. Adibide bat: aurten eskatu du propio Gipuzkoako Foru Aldundiak lehenbiziko aldiz plastiko beltzik ez jartzeko; eta foru gobernu osoaren adostasunik gabe, gainera, itxura guztien arabera, Kultura diputatu Denis Itxasok egin baitu eskea, eta ez Markel Olano ahaldun nagusiak. Alkateak, berriz, beti egiten dio harrera andreak soldadu onartzen ez dituen alardeari; inoiz ez dio halakorik egin Jaizkibeli. Horrelakoekin asaldatuta, sarri salatu izan du Jaizkibelek instituzioen jarrera, eta orain ere berretsi egin du arrangura: «Jarrera horrek ez du neutraltasunetik ezer: erasotzailea babesten eta hauspotzen du».

Herritarren babesa

Hitz egiteko prest daudela oroitarazi dute, baina aldarriaren funtsa ez dutela inoiz bazterrean utziko. «Ez dugu onartuko konponbidearen izenean gu ez ikusteko proposamenak mahai gainean egotea. Erasoak saihesteko, eskubideen gauzatzea alde batera utzi behar dugu orain?». Ez da aukera bat. «Guk ez dugu etsiko, ez diogu titibiliti jotzeari utziko, ez dugu Kale Nagusia galduko». Helmuga argi dute: «Behingoz alarde bakar bat, publikoa eta parekidea lortzea». Eta herrian errotutako nahia dela uste dute. Auzoen babesa sentitzen dutela nabarmendu zuten, «lotsatu» egiten direla herritar asko arbuio keinuen aurrean. «Askok esan digute aski dela; ez dutela onartzen larunbatean gertatutakoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna