«Proposamen propioak» garatzeko gaitasuna babestuko du Urkulluk

Politika Orokorreko eztabaidan emango duen hitzaldiaren gidalerroak aurkeztu ditu Jaurlaritzako lehendakariak. Uste du «baldintza egokiak» daudela «proposamen bideragarri bat adosteko»

Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo EAJko legebiltzarkideekin eginiko bileran. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
jon olano
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Politika Orokorrari buruzko osoko bilkura egingo dute datorren ostegunean Eusko Legebiltzarrean. Bertan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hizpide izango du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoa eguneratzeko eztabaida, eta, besteak beste, Espainiari eskatuko dio aitortzeko «Euskadiren errealitate nazionala» eta «autogobernurako proposamen propioak formulatzeko» gaitasuna. Horrekin batera, nabarmenduko du «baldintza egokiak» daudela «autogobernua arrakastaz eguneratzeko eta proposamen instituzional bideragarri bat adosteko».

Lehendakaritzako iturriek atzo zabaldu zuten Urkulluk emango duen hitzaldiaren laburpena. Aurrena, gobernu jardueraren balantze bat egingo du, legealdi hasieran ezarritako helburuen betetze maila errepasatuta. Gero aipatuko ditu hainbat alorretan izango dituzten erronkak; horietako bat izango da autogobernua eguneratzea. Atal horretan, Urkulluk bi norabideko mezua bidaliko du: Espainiako Estatuari gogoraraziko dio 1979ko estatutua «bete gabeko arau bat» dela, eta estatuaren «barne pluraltasuna» onartzeko eskatuko dio, «jakinik asmo oso bereiziak dituzten gehiengoak» daudela. Euskal alderdiei, berriz, adieraziko die «adostasuna zabaltzea» dela gakoa: «Gehiengoaren akordio batek autogobernuaren etorkizuna bermatzen du. Kontsentsu zabalago batek, berriz, sendotzen». Erantsiko du estatus politiko berria «anbizioarekin» sortu behar dela, «belaunaldi berri baten premiei erantzuteko anbizioarekin».

Hain justu, Urkulluk osoko bilkura horretarako prestatutako hitzaldiaren gidalerroak aurkeztu zizkion atzo EAJko legebiltzarkide taldeari. Hautetsi jeltzaleek urte politikoa abiatzeko bilera egin zuten Urkullurekin eta Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin. Ortuzarrek giro politikoaz EBBk egiten duen irakurketaren berri eman zien.

«Garai zailak»

Batzarrean, Urkulluk iragarri zuen «jarduera politikorako garai zailak» izango direla. Ortuzarrek azaldu zuenez, ordea, urte politiko berrian «alderdi politiko guztiekin eremu guztietan akordioak lortzea» izango da EAJren helburu nagusia; besteak beste, 2019ko aurrekontuetan. Ortuzarren hitzetan, egungo egoera politikoak «ez du lana erraztuko», baina ez «aurrekontuak aurreko urteetakoak baino hobeak edo eskasagoak izateagatik», oposizioko alderdiei «eragiten dieten legebiltzarraz haragoko kontuengatik» baizik. Puntu horretan, ezker-eskuin banatu ditu kritikak; batetik, EH Bilduri: «Historikoki, EH Bilduk ez ditu aurrekontuak babestu arrazoi taktiko eta estrategikoak tarteko, eta, azken aldian, bere erabakiak hartzeko autonomia baldintzatu nahi duten eragileek presionatuta eta hertsatuta». PPri dagokionez, Ortuzarrek uste du litekeena dela «itzuli nahi izatea ustez Madrilen guk egindako kaltea, Mariano Rajoyren zentsura mozioa babesteagatik. Kontuen aurka bozkatzen badu, ez da aurrekontuengatik izango, baizik eta mendeku egarriak bultzatuta».

Aitzitik, Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea prest azaldu da Jaurlaritzarekin «aurrekontu sozialak» negoziatzeko. Talde politikoak hedabideen aurrean azaldu zituen atzo zeintzuk izango diren urte politikoaren lan ildo nagusiak, eta, Iriartek azaldu zuenez, erronka nagusia alor sozialean egongo da, uste baitu Jaurlaritzak «miopia sozial izugarria» duela. Horren harira, gogora ekarri ditu azken hilabeteetako mobilizazio jendetsuenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.