Guraso eta udalen ezinegona piztu du 2 urteko ikasleei eskola garraioa kendu izanak

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du umeen segurtasuna bermatzea dela lehentasuna. Zerbitzua berrezartzeko eskatu du EH Bilduk, eta «irtenbide bat» nahi du EHIGEk
Haurrak eskolako autobusera igotzen, artxiboko irudi batean.
Haurrak eskolako autobusera igotzen, artxiboko irudi batean. BOB EDME

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 25
Ikasturtea hasi berritan heldu da polemika. Aurreko astean, Eusko Jaurlaritzak sare publikoko ikastetxeei jakinarazi zien aplikatu egingo duela eskola garraioari buruzko dekretua, eta, hortaz, 3 urtetik beherako haurrek debekatua izanen dutela eskolako autobus zerbitzua erabiltzea. Dekretua 2015etik dago indarrean. Azken urteetan, ordea, baimen bereziak eman izan ditu Hezkuntza Sailak, autobusetan tokirik baldin bazegoen zerbitzua 2 urteko haurrek ere erabili ahal izateko. Hemendik aurrera, ordea, salbuespenik ez du onartuko gobernuak: haur txikienek ezinen dute autobusera igo.

Jaurlaritzak esan du segurtasun kontua dela: aulki egokituak eta segurtasun uhal homologatuak erabili behar dituzte 3 urte baino gutxiagokoek, «eta eskola garraioko zerbitzuek ez dute halakorik bermatzen». Hortaz, Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoei ohartarazi die ez duela behin-behineko baimenik onartuko, eta, 2 urteko haurrei autobus zerbitzua erabiltzen utziz gero, eskolena izango dela erantzukizun osoa.

«Zerbitzua 2 urteko umeei ere ematea, hori da gure nahia. Zein da arazoa? Bada, hori lortzeko, zenbait gogoeta egin behar ditugula, ume horien segurtasuna bermatzeko», adierazi du Olatz Garamendik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak. Uneotan, «egoera aztertzen eta alternatibak bilatzen» ari direla gaineratu du Garamendik, «segurtasuna lehentasun gisa jarrita».

EH Bilduk, ordea, ez ditu ontzat eman sailburuordearen azalpen horiek. «Segurtasunaren argudioa ez da sinesgarria», laburbildu du Rebeka Ubera legebiltzarkideak: «Batetik, segurtasun arloko araudia 2001. urtekoa da. Orain arte ez da arazorik egon, eta, orain, bat-batean, ez da araudia betetzen? Bestalde, itunpeko ikastetxeetan, 2 urteko haurrek badute garraio zerbitzua. Eskola pribatuetan araudi berezia aplikatzen da? Publikoetan baino eskubide gehiago dituzte?».

Horregatik, zerbitzua bermatzeko eskatu dio EH Bilduk Hezkuntza Sailari, Eusko Legebiltzarrean eta udaletan aurkeztuko duen ekinbide baten bidez. Elorrioko, Mañariko eta Izurtzako (Bizkaia) alkateekin batera agerraldi bat egin zuen atzo Uberak. «Kontziliazioari oztopoak jartzea» leporatu zion Eusko Jaurlaritzari. «Erabaki horrekin, sekulako arazoak sortu dizkie hiriguneetatik kanpo eta baserrietan bizi diren familiei». Are: landa eremuetako ikasle askoren hezkuntza eskubidea «kolokan» dagoela uste du Ubera legebiltzarkideak.

Elorrioko alkate Idoia Buruagak erabakiaren bat-batekotasuna kritikatu du: «Egun batetik bestera jakinarazi diete gurasoei, ikasturtea hasita zegoela». Ohartarazi du «ezinegona» sortu duela horrek. Egoera bideratzeko, udalek bilera eskatu diote jada Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteri. Izan ere, Buruagaren esanetan, eskola garraioa «ezinbesteko baliabidea» da udalerrientzat, «familien kontziliazioa eta emakumeen lan emantzipazioa errazten duelako».

Kexak, Bizkaian batez ere

Eusko Jaurlaritzaren erabakiarekin kritiko azaldu da EHIGE guraso elkartea ere. Elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazen esanetan, «ez du logikarik» 2 urteko haurren garraio zerbitzua arautu gabe egoteak. «Bere garaian, zentzua izan zezakeen autobusa 3 urtetik gorakoei soilik eskaintzeak, baina, gaur egun, eskolatuta daude 2 urteko haurren %90; hortaz, gainontzeko ikasleek dituzten eskubide guztiak bermatu behar zaizkie haur txikiei ere».

Imazek nabarmendu du kezka handia eragin duela garraio zerbitzua eten dela jakiteak, eta gaineratu du kexa gehienak Bizkaitik heldu zaizkiela: «Azken egunotan, hamar familia inguru etorri zaizkigu galdezka. Landa eremuko familiak dira, hein handi batean. Askorentzat, arazo handia izan daiteke. 4 urteko haur bat eta 2 urteko beste bat baldin badituzu, zer egin dezakezu? Bata autobusean eraman eta bestea ez? Ez du zentzurik».

EHIGEko koordinatzaileak argi du, nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzarena dela arazoari konponbidea emateko ardura: «Autobusetan eserleku egokituak behar direla? Bada, Hezkuntza Sailak berak jarri beharko du irtenbidea, baina ezin ditugu 2 urteko haurrak horrela eduki. Lehendik ere araua urratzen zuen Jaurlaritzak; bada, garaia da arazoari behin betiko irtenbidea emateko, adabakirik edo erdibideko formularik gabe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna