Lekukoen arabera, ertzainen oldarraldia justifikatuko zukeen ezer ez zen gertatu

Gezurtatu egin dute ertzainek bezperan emandako bertsioa: «Tiro egiten zioten mugitzen zen guztiari». Akusatuak ez dira epaiketako bigarren saiora joan
Ertzainak epaimahaiaren aurrean, atzo, Bilbon.
Ertzainak epaimahaiaren aurrean, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE

Gotzon Hermosilla -

2018ko urriak 17
Iñigo Cabacasen hilketa argitzea xede duen epaiketak bigarren saioa izan du; zenbait lekukok deklaratu dute, eta haien testigantzek kolokan jarri dute bezperan akusatuek esandakoa. Lekukoen arabera, Maria Diaz de Haro kalearen ondoko kalexka hartan ez zen gertatu ertzainen oldarraldia justifikatuko zukeen ezer, ertzainek ez zuten ohartarazpenik egin tiro egiten hasi aurretik, eta, oldarraldiaren ostean ere, gehienek ez zuten ikusi ertzainei ezer bota zietenik, «jendeak nahikoa lan bazuelako euren burua babestearekin». Ertzainen erasoak iraun bitartean gauzak bota zizkietela ikusi zutenek, berriz, «dozena erdi bat lagun» ikusi zituztela aipatu dute, eta inolaz ere ez, bezperan ertzain batzuek esan zuten moduan, «aurpegia estalita zeramaten berrehun lagun inguru».

Lekukoetako bi Cabacasen lagunarteko adiskideak ziren. Bat etorri dira euren deklarazioetan: bi pertsonaren arteko liskar bat ikusi zuten, baina ez zioten inolako garrantzirik eman, eta, liskargileetako bat handik eraman zutenean bukatutzat eman zuten auzia, eta ospakizunetan jarraitu zuten. Handik tarte batera agertu ziren Ertzaintzaren furgonetak, eta, abisurik eman gabe, tiroka hasi ziren.

Oldarraldiaren nolakotasunaz ere bat etorri dira gazte biak: ertzainak «plater tiroan» ari zirela zirudien, eta «mugitzen zen guztiari» tiro egiten zioten. Haietako batek lortu zuen taberna batean babestea: han ikusi zuen gazte batek pilota baten kolpearen marka zuela sorbaldan. Istiluak hasi arte Cabacasen ondoan egondakoak ziren bi-biak, baina ertzainen erasoa hasi zenean bistatik galdu zuten; berriro ikustea lortu zutenerako, gaztea zerraldo zetzan.

Caballerren testigantza

Laia Caballerrena izan da testigantzarik zirraragarriena. Kataluniakoa da Caballer, eta gau hartan Bilbon zegoen bikotekidearekin eta haren senitartekoekin, kalean zegoen jai giroaz disfrutatzen. Esan duenez, berak ere ez zuen inolako istilurik ikusi: balazta soinu bat entzun zuen, eta, handik gutxira, tiro hotsak.

Bere burua babesten saiatu zen, eta gazte bat lurrean zetzala ikusi zuenean, hara jo zuen, lagundu nahian —sorosle ikasketak eginak ditu—. Buru atzean «gibel baten tamainako odolbildua» zuen zaurituak, eta beste lagun batekin batera pultsua hartzen saiatu zenean, ez zuten lortu, tiroen hotsek ez zietelako ezer aditzen uzten. «Gu fusilatu nahian ibiliko balira bezala» egiten zuten tiro ertzainek, esan duenez.

Gogor kritikatu du ertzainen jarrera: «Anbulantzia oso berandu iritsi zen, eta heldu zirenean, horren arrazoiaz galdetu eta erizanek esan zidaten ertzainek ez zietela sartzen utzi. Oraindik eskuak Iñigoren [Cabacas] odolez eta gonbitoz zikin nituela, ertzain batengana jo nuen eta zenbakia eskatu nion. Hark erantzun zidan ospa egiteko, ez banuen bukatu nahi lurrean zegoenaren moduan. Nik ordura arte beti sinetsi dut poliziak jendeari laguntzeko zeudela. Ezin dut ulertu zergatik jokatu zuten horrela». Caballer deklaratzen ari zen bitartean, negarretan zeuden Cabacasen gurasoak.

Ñabardurak ñabardura, antzekoa izan da kalexkan egondako gainerako lekukoen testigantza. Neska batek adierazi du zauritu bat zegoela jakin ondoren ertzainen helburu nagusia izan zela Cabacas inork ez ikustea, eta borra zartakoka uxatu zituztela inguruan zeudenak, baita Cabacas artatzen ari zirenak ere. Kalexkaren aurre-aurrean bizi den auzo batek terrazatik ikusi zituen istiluak, baina, esan duenez, ez zuen ikusi ertzainei ezer botatzen zietenik.

Handik igaro zen autobusaren gidariak ere deklaratu du. Esan duenez, «gerra» baten modukoa zen hura, eta kalexkatik jaurtikitako zenbait objekturen kolpeak nabaritu zituen autobusaren albo batean, dozena erdi bat edo. Adierazi duenez, autobusa hutsik zegoen —bezperan ertzain batek deklaratu zuen autobusaren bidaiariak babesteko egin zutela tiro, besteak beste—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna