Astelehenerako grebara deitu dute Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan

Frantziako gehiengo sindikalak egin du grebarako deia, Blanquer Hezkuntza ministroaren erreforma proiektuen kontra. Salatu dute Parisek lanpostuak ezabatu nahi dituela kolegioetan eta lizeoetan

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko azaroak 9
Frantziako Hezkuntza Ministerioak irail bukaeran egin zituen iragarpenek haserre handia sortu dute hezkuntzako sindikatuen artean. Kolegioetako eta lizeoetako 2.650 postu ezabatzeko asmoa aipatu dute; beste 500 postu irakaskuntza pribatuan, eta 400 administrazioan. Konfiantzaren eskola batentzat deitutako lege proiektua urtarrilean bozkatu nahiko lukete Frantziako Asanblea Nazionalean, 2019-2020ko ikasturtean aplikatzeko gisan. Astelehenean grebara joko dute, zazpi sindikatuk dei eginik: FSU, UNSA, SGEN-CFDT, CGT, FO, SUD eta SNALC. Mobilizazioak iragarri dituzte. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baionan eginen dute manifestazioa, 10:30ean, Santa Ursula plazan hasita. LAB sindikatuak bat egin du.

Postu horiek murrizketekin batera, Jean Michel Blanquer ministroak asmoa erakutsi du lehen mailako eskoletan 1.800 postu gehiago sortzeko. Sindikatuen ustez, baina, lehen mailako eskolak «lehenestea» ezin da egin baliabideak beste eremu batzuetatik kenduta.

Grebara deitu duten sindikatuek ohartarazi dute «lilura bat» besterik ez dela Frantziako Gobernuak hezkuntzari ematen dion lehentasuna. Haien esanetan, postuen murrizketa bat dator Parisko gobernuak hasia duen «kontraerreformekin». Salatu dute «eraso» horiek osotasun baten parte direla, eta bat datozela Frantziako Gobernuak langile publikoen kopurua murrizteko erakutsitako asmoarekin —sindikatuen arabera, 120.000 postu kendu nahi ditu Parisko gobernuak—. Gainera, oroitarazi dute azken urteetan izoztuta izan dituztela lansariak.

Horiek horrela, grebaren bidez eskatuko dute gera daitezela bertan behera Hezkuntza Ministerioak azken urteetan abiatutako aldaketa nagusiak. Eskari hauek egingo dituzte: postuen murrizketa gelditzea eta beharrezkoak diren postuak sortzea; unibertsitaterako sarbidea arautzeko Parcoursup sistema kentzea, baxoaren eta lizeoaren erreforma bertan behera uztea; Konfiantzaren eskola batentzat lege proiektua baztertzea; eta akademien bateratzea bertan behera uztea.

Manifestazioa Baionan

LAB sindikatuko hezkuntza sailak ere dei egin du greba mugimenduan parte hartzeko eta astelehenean Baionan antolatutako manifestaziora joateko. Sindikatu abertzalearen hitzetan, Hezkuntza ministroak «eraso» egin die langileen eta irakasleen lan baldintzei, eta eskolaren «erabateko aldaketa» gauzatu nahi du, izaera «liberala eta atzerakoia» emateko. «Lizeoaren erreformak kristalizatzen du gure kezka baina badira beste kezka anitz», azaldu du Pettan Aizager LABeko irakaskuntza esparruko ordezkariak. «Lanpostuak kenduz ez da hobeki irakatsiko». Salatu du haiek tronpatzen saiatu direla aldaketen zati bat bakarrik kontatuz: «Erran dute lehen mailan postuak gehituko dituztela, aipatu gabe bigarrenean kenduko dituztela. Gutaz trufatzen dira ala? Uste dute ikasleei matematikak irakasten dizkiegula baina guk ez dakigula kalkulatzen?».

Aizagerrek deitoratu du Parisko gobernuaren beste asmo bat ere: poliziak sartzea ikastetxeetan, ikasleen bortizkeria apaltzeko helburuz. «Zer eginen dute, beren pistola atera? Guk ez dugu horrelako segurtasun jarreretan sinesten. Ahalak eman behar dira, ikasgeletako ikasle kopurua txikitu, irakasleak ongi prestatu; hezkuntza justu eta askatzaile bat izateko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna