Herritarrek estatusaz duten iritzia jasoko dute adituen lana amaitu arte

Eusko Legebiltzarrak postaz, telefonoz eta Internet bidez bilduko ditu autogobernuaz herritarrek egin nahi dituzten ekarpenak. Aditu taldeak ekainera arteko epea dauka testu artikulatua osatzeko

jon olano
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak martxan jarri du Autogobernua Eraikiz izeneko plataforma bat, etorkizunean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoaren eztabaidari ekarpenak egiteko. Ekarpen horiek telefono bidez, digitalki eta posta arruntaz egin ahal izango dituzte herritarrek. Iritzia telefono bidez eman nahi dutenek ahots mezu bat utzi beharko dute (+34)945-00 42 53 zenbakian, eta posta arrunta lehenesten dutenek Eusko Legebiltzarrera bidali beharko dute gutun bat, Becerro de Bengoa z/g helbidera. Horiez gain, webgune bat prestatu dute: www.autogobernua.eus.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Jone Berriozabal Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeko koordinatzaileak atzo eman zituzten parte hartzeko bideei buruzko xehetasunak. Tejeriak gogorarazi zuenez, Eusko Legebiltzarrak, iazko irailaren 12an, bere egin zituen autogobernu lantaldean onartutako oinarriak, eta bost adituri agindu zien oinarri horien araberako testu artikulatu bat prestatzeko. Zeregin horretan hasiak dira, eta ekain ingururako amaitu behar lukete lana. Era berean, lantaldeak adostu zuen herritarren parte hartzea ahalbidetzea estatutua eguneratzeko prozesuan. «Legebiltzarrak agindu hori bete nahirik, bere eginbeharra zen baliabideak eta mekanismoak martxan jartzea», Tejeriak azaldu zuenez.

Atzo bertan zabaldu zuten ekarpenak egiteko aukera: «Nahi eta ahal duen guztiak esan dezala egoki iruditzen zaiona printzipio eta oinarri horiei buruz, betiere errespetuz eta gaiari lotuta». Biltzen dituzten ekarpen guztiak testua artikulatua taxutzen ari diren adituei eta talde parlamentarioei igorriko dizkiete, eta testua bera aurkeztu arteko epea izango da horretarako. Izan ere, dokumentua lege proposamen gisa tramitatzen hastean, ohiko prozedurak jarraituko ditu.

Berriozabalek xehatu zituen plataforma digitalaren nondik norakoak. Adierazi zuenez, herritarrei galdetuko diete zer iritzi duten autogobernu lantaldeak onartutako oinarriei buruz eta talde politikoek aurkeztutako boto partikularrei buruz. Webgunean bertan kontsulta daitezke adostutako oinarriak, atalez atal, baita boto partikularrak ere; herritarrek aukera izango dute atal eta boto partikular horietako bati, batzuei edo guztiei buruzko ekarpenak egiteko.

Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da erabiltzaile kontu bat sortzea. Horretarako, gutxienez 18 urte beteak izan behar dira, eta izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta posta elektroniko helbide bat eman behar dira. Sexua eta jaioterria ere galdetuko dute, «parte hartzeko deiari erantzuten dioten herritarren soslaia zein den jakiteko». Berriozabalek dei egin zien herritarrei iruzkinak bidal ditzaten: «Gogotsu jasoko ditugu esateko dituztenak».

Herritarren iritzia autogobernuari buruzko eztabaidan txertatzeko bigarren saioa izango da, iazko ekainean horretara bideratutako bilkurak egin baitzituen Eusko Ikaskuntzak, Eusko Legebiltzarrak hala eskatuta. 126 lagunek hartu zuten parte, eta Eusko Ikaskuntzak ondorioztatu zuen «akordiorako borondatea» dagoela herritarren artean.

LAB, euskal esparruaz

LAB sindikatuak eta Ipar Hegoa fundazioak Hemen erabaki izeneko jardunaldi bat antolatu du gaurko, «lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerei buruz» hitz egiteko. Izan ere, 25 urte dira gaur ELAk eta LABek Lan Harremanetarako (eta gerora babes sozialeko) Euskal Esparrua aldarrikatu zutela. Donostian egingo dute saioa, Kursaal jauregian. Jardunaldian, LABek adierazpen bat aurkeztuko du demokraziaren eta burujabetzaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.