Epeak luzatuta, estatutu erreforma bozen osterako utzi dute taldeek

Eusko Legebiltzarrak adituen agerraldiak eskatu ditu urtarrilerako, testu artikulatuak azaltzeko. EAJk aitortu du «zaila» dela legealdia bukatzerako estatutugaia onartzea. EH Bilduk «luzapena» salatu du

Talde politikoetako ordezkariak, atzo goizean, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eginiko bileran. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Urtebetean zehar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoari buruzko eztabaida aditu talde baten esku egon eta gero, gaia Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldera itzuli zen atzo. Aditu talde horrek aurkeztutako dokumentazioa —hiru testu artikulatu eta boto azalpenak— jasota, horiei buruzko lehen balorazio bat egiteko eguna zen atzokoa. Erabaki bat hartu zuen lantaldeak, EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren ekimenez: bost adituek, bakarka, lantaldean agerraldi bana egitea, egindako lanaren nondik norakoak azaltzeko. Urtarrilean hasiko dira, baina ez dute datarik zehaztu.

Jada askoren usteetan zegoena de facto bete egingo du pauso horrek: legealdia udaberriaren eta udazkenaren artean amaituko da, eta, beraz, ez du astirik emango estatutuaren erreforma tramitatu eta legebiltzarrak onartzeko. Hori bera ia ziurtzat jo zuen Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak, bileraren ostean egindako agerraldi batean: aitortu zuen «zaila» izango dela indarrean dagoen legealdia amaitu aurretik legebiltzarrak estatutuaren erreforma onartzea.

Egibarren arabera, adituei agindu zitzaien testu bakarra aurkezteko, eta hiru osatu dituzte: «Testu bakar baten inguruan» eztabaidatu behar dutenez, EAJk «komenigarria» iruditu zaio adituei «berehalako epe batean, ahal bada urtarrilean» entzutea.Puntu horretan, ñabardura bat egin zuen Egibarrek: testu nagusia adostu duen hirukoak —EAJkoak barne— bi bideko prozedura bat proposatu du: batetik, estatutuaren erreforma, eta, bestetik,Espainiako Konstituzioarena. Egibarren hitzetan, EAJk ez du uste bi bideko planteamendu hori «beharrezkoa» denik, uste baitu Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarri eta printzipioek lekua izan dezaketela Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian; halere, jeltzaleek entzun nahi dute adituek «zer proposatuko luketen» konstituzioaren erreformari begira.

«Madrilen arabera»

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea kritiko agertu zen bileraren ondoren. Espero zuen EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk lege proposamen bat eramatea atzoko saiora, batzorde teknikoak adostutako testu artikulatu nagusian oinarritutakoa. «Ez da horrelakorik izan». Tramitazioa martxan jarri nahi zuen EH Bilduk, legegaiari «dagozkion zuzenketak» aukezteko, baina kexu azaldu zen batzorde teknikoko kideek lantaldean azalpenak emateko erabakiarekin: «EHBilduk uste du luzapenerako bide bat baino ez dela». EH Bilduk ez du bere testu artikulatua erregistratuko, uste baitu testu nagusia adostu zuten indarrei dagokiela pausoa ematea.

Iriarteren esanetan, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek izendatutako adituek «ez dute bete parlamentuak eman zien agindua, ez dituztelako oinarri eta printzipioak bete, ez forman, ez edukian», eta uste du aurrera nola egin asmatu ezinik ari direla hiru taldeak: «Ez dute bide zehatz bat, egutegi bat edo formula bat proposatzen».

Kritikarekin bat etorri zen PPko Borja Senper: «EAJk, Elkarrekin Podemosek eta, batez ere, PSE-EEk ez dute interesik legebiltzar honetan ezein dokumentu tramitatzen hasteko, Pedro Sanchezen inbestidura argitu arte». Neurri batean, klabe subiranistan mintzatu zen: «Erabakiak ez dira hemen, Euskadin, hartuko: hemen hartuko dira Madrilen beste mahai batean gertatzen denaren arabera».

Beste norabide batean, batzorde teknikoan adostutako testu nagusia balioetsi zuen Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Baita Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak ere, baina erantsi zuen dokumentu horren atal batzuek «gatazkak» sor ditzakeela eta, beraz, ez dela PSE-EE izango lege proposamenaren tramitazioari bide emango diona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.