Osakidetzak lehen arretarako jarriko du hiru eurotik bat

Pazienteek, oro har, gutxiago itxaron zuten iaz itxaron zerrendetan, kanpo kontsultetan izan ezik. Koronabirusa dela eta, lasai egoteko deia egin dute; adierazi dutenez, prest daude aurre egiteko

Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendaria eta Andoni Alzelai Osasun Laguntzarako zuzendaria atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Osakidetzak 2019ko balantzeko datuak aurkeztu zituen atzo Gasteizko egoitzan, eta baita aurtengo erronketako batzuk zeintzuk izango diren azaldu ere. Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak jakinarazi zuenez, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «apustu handia» egin zuten iaz lehen mailako osasun arreta hobetzeko; hain zuzen ere, 95 neurri jasotzen zituen estrategia bat aurkeztu zuten. Gehitu zuen aurten ere arlo horri eutsiko diotela, eta, besteak beste, hiru eurotik bat jarriko dutela lehen mailako osasun arretarako. Guztira, 21 milioi euroko inbertsio plana zehaztu dute 2020rako.

Aurrera begirakoak baino gehiago, 2019an egindako urratsetako batzuk izan zituen mintzagai Diegok: «Lehen mailako osasun arreta hobetzeko, beste 46 lanpostu sortu dira, eta horiei beste 83 gehituko zaizkie 2020an». Lan eskaintza publikoko azterketa baten berri ere eman zuen, familia medikuei eta pediatrei zuzendutakoa. Adierazi zuenez, 215 profesional —176 familia mediku eta 39 pediatra— hautatuko dituzte. Espero da azterketa martxoan egitea eta urte amaierarako profesionalak beren postuetan egotea, Diegoren esanetan. Izan ere, nabarmendu zuen defizita dagoela profesionalen artean, eta, beraz, egoerari buelta eman behar zaiola. «Neurrienbarruan, ordea, gogoan hartu behar dira antolakuntzari dagozkion puntuak ere; esate baterako, itxaron zerrenden bilakaera», esan zuen Osakidetzako zuzendari nagusiak.

Itxaron zerrendak

Iazko balantzean aurkeztutako datuen arabera, oro har, laburtu egin dira Osakidetzako itxaron zerrendak. Hau da, pazienteetako bakoitzak egun gutxiago itxaron behar izan du ebakuntzak edo probak egiteko. Andoni Alzelai Osasun Laguntzarako zuzendariak azaldu zuen kirurgiako eta proba diagnostikoen itxaron zerrendak laburtu egin direla: «Beherakada txiki bat egon da kirurgiaren arloan: 1,2 egun gutxiago 2018ko datuekin alderatuz gero. Proba diagnostikoetan, berriz, 1,1 puntukoa izan da beherakada».

Kanpo kontsultetako itxaron zerrendetan, ordea, datuek alderantzizko joera izan dute. «Batez besteko atzerapenean neurrizko igoera bat dago: 33tik 34,6 egunera pasatu da itxaron zerrenda», ohartarazi zuen Alzelaik; eta, ondorioz, pazienteek gehiago itxaron behar izan dute mediku espezialistekin kontsulta edukitzeko. Gainera, gehitu zuen zerrendetan ere iaz baino 5.518 paziente gutxiago egon direla.

Koronabirusaren kasua

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago koronabirusaren arrastorik. Halere, Diegok nabarmendu zuen kasurik egotekotan, Osakidetza «prest» dagoela aurre egiteko. Hain zuzen ere, jakinarazi zuenez, Osasun Sailak ospitale bana izendatu du hiru lurraldeetako bakoitzean koronabirusa izan dezaketen pazienteak artatzeko: Barakaldoko Gurutzetako ospitalea (Bizkaia), Gasteizko Txagorritxu ospitalea eta Donostiako ospitalea. Gainera, adierazi zuenez, horietako bakoitzean egin beharreko egokitzapenak «txikiak» dira; gaixotasun infekziosoen unitateko espazioak ordenatu eta banakako gelak egokitu, esate baterako.

Osakidetzako zuzendariak, dena den, lasai egoteko mezua zabaldu nahi izan zuen. Azaldu zuen ez dagoela kasurik, eta haren zantzurik egotekotan ere prest dituztela protokoloak. Izan ere, gaineratu zuen ospitaletako profesionalak gaixotasunari aurre egiteko protokoloak ezagutzen dabiltzala, eta badakitela zeintzuk diren eman beharreko pausoak. Helburua, berriz, ustezko kasuei erantzun «azkarra» ematea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.