Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxiko dute partzialki

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ebatzi du muga zeharkatzeko zortzi pasabide ixtea, «terrorismoaren aurkako borroka indartzeko». Bihar ezarriko dute neurria, eta ez dute zehaztu noiz arte iraunen duen

Frantziako Poliziaren kontrola, Hendaia eta Biriatu arteko mugan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Bihartik aitzina Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide ixtea erabaki du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, agiri batean jakinarazi duenez. «Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko, Schengen eremuaren barneko mugaz gaindiko zirkulazioaren kontrola beharrezkoa» dela adierazi du prefeturak, eta, azaldu duenez, kontrolak «indartu eta arrazionalizatzeko» hartu dute neurria. Prefeturaren hitzetan, aldi baterako itxialdi horiek «eragin mugatua» izango dute trafikoaren jariakortasunean eta mugaz gaindiko jarduera ekonomikoan. Oraingoz, ez dute zehaztu noiz arte iraunen duen pasabideen itxierak.

Zehazki, hauek dira itxiko dituzten mugako bideak: Hendaia eta Hondarribia lotzen dituenitsasoko joan-jinkaria; Hendaiako merkantzia zubia; Lizuniagako lepoa; Lizarrietako lepoa; Sarako bidea, Berruet bentaren heinean; Izpegiko lepoa; Aldudeko ibarra; Iturzaetako lepoa. Gainerako pasabideak irekiak izanen dira. Hala, ibilgailuak eta oinezkoak eremu hauetatik pasatzera gomitatu ditu prefeturak: Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausuko zubia eta Biriatuko muga; Ibardineko lepoa, Dantxariako muga eta Arnegi.

Prefeturak azaldu duenez, Frantziako Barne Ministerioarekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkariekin hitzartuta hartu du muga partzialki ixteko erabakia. Hendaia, Sara (Lapurdi), Urepele, Baigorri (Nafarroa Beherea) eta Larraineko (Zuberoa) auzapezek prefeturaren gutuna eskuratu zuten atzo,itxieraz abisua emateko.

Ez da lehen aldia Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan kontrolak indartzen dituztena. Azaroaren 5ean, Frantzia eta Espainia arteko mugako eremuetan polizia kopurua bikoiztuko zutela erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, «immigrazio klandestinoari» aurre egiteko. «2.400 ez, 4.800 polizia, jendarme eta militar mobilizatuak izanen dira operazio honetarako». Garai berean, Ipar Euskal Herriko konfinamendu neurriak esplikatzeko prentsaurrekoan, «terrorismoaren aurkako borrokaren» testuinguruan 500 polizia eta jendarme gehiago mobilizatuko zituztela iragarri zuen Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Azken hilabeteetan ugariak izan dira mugako kontrolak.

Ondorio kaltegarriak

Neurri zorrotzagoak ere izan dira aurten. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, Frantziak eta Espainiak Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga ixtea erabaki zuten iazko martxoaren 17an, birusari aurre egiteko konfinamendu neurriak ezartzearekin batera. Ekainaren 21ean ireki zuten berriz, baina artean anitz mugatu zituzten joan-etorriak; baimen berezia zutenak baizik ez ziren alde batera edo bestera pasatzen ahal. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko ordezkarien hitzetan, itxiera hark «kalteak» eragin zituen oro har, eta «eragin negatiboa» izan zuen mugaz gaindiko herritarrengan eta langileengan.

Udaberriko konfinamenduan galdetegi bat zabaldu zuten, eta 2.400 herritarrek erantzun zuten; uztailean eman zituzten inkestaren emaitzak. Ondorioa argia da: «Europako Batasuneko estatu kideek Schengen eremuaren barruan Europako herritarren mugikortasunari ezarritako murrizketek eta kontrolek askatasunak etetea eragin dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.