Albistea entzun

M-3aren oroimenerako lekua

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak akordio bat sinatu dute Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko. Martxoaren 3koak aitortzea dute xede
Gonzalez, Elizalde, Artolazabal eta Urtaran atzo, Gasteizko San Frantzisko elizako kaperan, Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko akordioa sinatzen.
Gonzalez, Elizalde, Artolazabal eta Urtaran atzo, Gasteizko San Frantzisko elizako kaperan, Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko akordioa sinatzen. IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko otsailak 19 - Gasteiz

Lehen urrats bat egin eta 1976ko martxoaren 3ko gertakariak eta biktimak oroitzeko eta aitortza egiteko asmoz, Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko akordio bat sinatu zuten atzo instituzioek. Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan ezarriko dute espazioa, egun hartakoak gertatu ziren leku berean, hain zuzen. Bost langile hil eta ehunka pertsona zauritu zituen Poliziak egun hartan. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, beraz, zentroa sortzeko «lekurik egokiena» da eliza, eta azpimarratu zuen «historikoa» izan dela akordioa lortzea: «Egun hartako gertakariekin eta biktimekin dugun zorra kitatzen hasiko gara, behin betiko». Haren arabera, zentroa «oroimenaren gunea eta elkarbizitzaren itsasargia» izango da, eta horretarako lehen harria jarri zuten atzo.

Sailburuarekin batera, atzo eginiko agerraldian egon ziren Ramiro Gonzalez Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Gotzaindegiko gotzaina. Hain zuzen, San Frantzisko elizako kaperan sinatu zuten zentroa sortzea ahalbidetuko duen akordioa. Asmoa fundazio bat sortzea da, besteak beste memoriaren zentroa sustatzeko eta kudeatzeko, eta, horretarako, Elizbarrutiak eliza utziko dio fundazioari. Ekinbideak instituzioen «lidergoa» izango duela azpimarratu zuen Artolazabalek, baina gizarte eragileekin ere jardungo dutela. Haren ustez, soilik era horretan izango da posible biktimen «memoria» errealitate bihurtzea. Herri mugimenduetako ordezkariak eta Martxoak 3 elkartea, ordea, ez ziren egon atzoko aurkezpenean, eta bihar goizean egingo dute agerraldi bat beren balorazioa egiteko.

Memoria, etorkizunerako

Memoriaren garrantzia izan zuen oinarri Artolazabalek. «Memoria ez da soilik iragana; memoria, batez ere, etorkizuna da, egiaren eta elkarbizitzaren alde jarduteko». Hain zuzen, erantsi zuen inork ez diela bizia itzuliko orain dela ia 45 urte Poliziak hil zituen bost langileei, baina posible dela «memoriaren, egiaren eta errekonozimenduaren» eskubidea bermatzea. Bide beretik, gertakarien erantzulea zein den ere azpimarratu zuen: «Martxoaren 3an Polizia armatuak indarkeria bereizi gabe erabiltzearen erantzulea Espainiako Estatua da». Beraz, uste du Espainiak egindako kaltea aitortu beharko lukeela, eta «irmoa» izan behar duela autokritikan eta aitorpenean. «Bidegabea izan zen gertaera, erabat injustua».

Gonzalezek, berriz, nabarmendu zuen «denbora gehiegi» igaro dela zentro horren lehen urratsak sinatzeko, eta gizarteak «urteak» daramatzala aldarrikapen berberarekin. «Urte hauetan guztietan, biktimak aitorpenik eta erakundeen laguntzarik gabe sentitu dira sarritan». Zehazki, azpimarratu zuen Arabako Foru Aldundiak lehen erakunde aitorpena 2008an egin ziela biktimei. Urtaranek ere urte hauetako guzietako borroka izan zuen oinarri, baina hark ere azaldu zuen duela 45 urtetik ari direla justizia eskatzen hainbat herritar: «Sarraskiaren ondoren, baten batek pintaketa ikoniko bat egin zuen, odolarekin, eliza honetatik hurbil dagoen zoladuran, eta, haren bidez, justizia eskatzen zuen bost langile horien erailketengatik». Beraz, gaineratu du «beharrezkoa» dela memoria egitea justizia eta erreparazioa bermatzeko, «terrorismoaren eta polizia gehiegikeriaren» biktimak gogoan izanda.

Elizaldek ere beharrezkotzat jo du halako gune bat izatea, eta eskerrak eman zizkien instituzioei beraiengana jotzeagatik. «Guztion borondatea da hemen oraintsuko historiako une kritiko eta erabakigarri batean bizitza galdu zuten bost pertsona horiei omenaldia egitea, halakorik berriz gerta ez dadin». Areago, urte batzuk atzera ere egin zuen bere hitzaldian, eta gogorarazi zuen duela hamarkada batzuk langileek parrokiak erabiltzen zituztela beren batzarrak egiteko, eta ateak «zabalik» izaten zituztela. Beraz, garrantzitsua iruditzen zaio «elkarlanean» jardutea gainontzeko erakundeekin. «Elizak gogoan izan nahi ditu egungo gizarte demokratikoaren eta askatasun eta eskubideen sistemaz gozatzeko lan egin zuten pertsona horiek guztiak».

Urtebeteko epea

Atzo, soilik lau aldeen arteko akordioa sinatu zuten San Frantzisko elizan, eta Artolazabalek adierazi zuen lehen bilera batzuk bakarrik egin dituztela oraindik, eta ez dutela egutegi zehatzik erabaki. Haren arabera, zentroaren sorreran «zuhurrak» izatea beharrezkoa da, eta aitortu zuen oraindik lan «handia» dagoela egiteko. Beraz, jakinarazi zuen datozen hilabeteetan emango dituztela zentroaren inguruko xehetasun gehiago: besteak beste, zer hartu-eman izango duten gizarte eragileekin, zer eduki egongo den oroimen zentroan, eta zer kudeaketa era nagusituko den. Nabarmendu zuten pauso hau «hasiera» besterik ez dela, baina, hala ere, balitekeela zentroa «urtebete barru» martxan egotea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Milaka lagun elkartu ziren atzo Donostian egindako manifestazioan. ©JON URBE / FOKU

Milaka urrats «etxera bidean»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, «bizi osorako» zigorrak etetea eta gradu progresioei bide ematea galdegin dute Donostian. Urtarrilaren 8an berriro kalera ateratzeko deia egin du Sarek
Grande-Marlaska, artxiboko irudi batean. ©Javier Lizon / EFE

Grande-Marlaska: «Ezker abertzaleak ongietorriak saihestu behar ditu»

Paulo Ostolaza

El País egunkariak Espainiako Barne Ministroari egindako elkarrizketa argitaratu du. Esan du euskal presoen sakabanaketak jada ez duela zentzurik, eta EH Bilduk eta Sortuk egindako adierazpena ez dela nahikoa.

Maria Txibite, PSNren buru gisa berretsi dutenean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Maria Txibite PSNko idazkari nagusi izendatu dute berriro ere

Gotzon Hermosilla

Botoen %97,22 eskuratu ditu alderdiaren XII. batzarrean. Txibiteren ustez, PSN beharrezkoa da «Nafarroak aurrera egiten jarrai dezan»

Laba, "Oso latza izan da" solasaldia

Gatazka kontatzeko moduaren inguruko mahai ingurua, BERRIAn

Joxerra Senar

Samara Velte eta Maider Galardi ikerlariek, Emilio Majuelo historialariak eta Emilio Lopez Adan 'Beltza'-k hitzaldia eskaini dute transmisioaz, memoria inklusiboaz eta metodologiaz, besteak beste. Labak antolatutako lehen ekitaldia izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.