Ur gehiago isurbidera

Txibiteren gobernuak Nafarroako ubidea handitzeko lanei ekinen die ekainean. Estellerrian eginen dituzte obrak. Abian da bigarren faseko proiektua ere

Nafarroako ubidearen lehen fasea, Tebas herriaren inguruan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ez dute gelditu nahi. Nafarroako ubidea proiektu «estrategikoa» da Nafarroako Gobernuarentzat eta, PSN lehendakaritzara iritsi zenetik, lehentasuna hartu du azpiegitura publikoen artean. Iazko urrian, esaterako, ubidearen bigarren faseari ekiteko proiektuaren berri eman zuen Maria Txibite lehendakariak; atzo, berriz, lehen fasea handitzeko lanen Estellerriko zatia aurkeztu zuen —Egako adarra deritzona—, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Zirizarekin eta INTIAko zuzendariorde Joaquin Puigekin batera. Ubidearen lehen faseko lanak amaitu zirenetik hamar urtera, azeleragailua zapaldu nahi du gobernuak, gainera: «datozen asteetan» sartuko dira hondeamakinak Lerin eta Carcar herrien arteko lurretan, eta ekainean hastekoak dira lanak.

Gobernuak atzo emandako datuen arabera, ubidearen Egako adarra 26,2 kilometro luze izanen da, eta Lerin, Sesma, Carcar, Lodosa, Andosilla, San Adrian eta Azagra udalerriak zeharkatuko ditu, «Ega ibaiaren arroan dauden ureztatze sektoreak hornituz». Gaur egun, kilometro bakarra dago egina (proiektuaren %4,27), baina Nafarroako Gobernuak hamar kilometro gehiago egin nahi ditu datozen hamazazpi hilabeteetan.

Lanek eragozpenak sortuko dituzte autoen zirkulazioan, hodiaren trazadurak ondoko errepideak zeharkatuko baititu: NA-122 Lizarra-Carcar errepidea, NA-8715 Andosillako zeharbidea, NA-6240 Carcar-Andosilla errepidea eta NA-134 errepidea. Halaber, adarrak lau aldiz zeharkatuko du Ega ibaia Lerin, Carcar, Andosilla eta San Adrianen.

Atzoko agerraldian, Txibitek «poza» azaldu zuen, Azkoiengo lanak iragarri eta urtebetera Estellerriko zatiari ekinen diotelako: «Lan hauei esker, Itoizko kalitatezko urez hornitu ahal izanen ditugu 1.300 bat nekazarirenak diren 5.428 hektarea lur». Lursail horietan, gainera, «labore mota gehiago» landatu ahalko direla iragarri zuten gobernuko arduradunek. «Orain arte, neguan bakarrik iristen zen ur emaria Andosilla, San Adrian eta Azagrako lursailetara; aurrerantzean, urte osoan izanen dute ura erabiltzeko aukera, eta hori oso baliagarria izanen da, besteak beste, udako hilabeteetan mahastiak ureztatzeko eta ekoizpenen kalitatea handitzeko», azaldu zuen lehendakariak.

PSNko idazkari nagusi Ramon Alzorrizek «berri pozgarritzat» jo zuen Nafarroako Gobernuak ubidearen lanei berriz heldu izana: «Nafarroako garapenaren aldeko apustu garbia da, eta bertako nekazaritza industria eraldatzea eta hobetzea ekarriko du». Horrez gain, azpiegitura erraldoiak lurraldeen arteko «kohesioa» eta «oreka» erraztuko dituela gaineratu zuen Alzorrizek.

Beste eragile batzuek, ordea, ez dute proiektua begi onez ikusten, eta zalantzak agertu dituzte azpiegituraren ustezko onuren inguruan. Abenduan, esate baterako, Nafarroako ubidearen bigarren fasean «dirurik ez xahutzea» galdegin zuen EHNE sindikatuak. Nekazarien elkarte horren arabera, «ez dago benetako aukerarik lehorreko lurrak erabiltzeko; ez, behintzat, nekazaritza erabilera intentsibo baterako egokiak eta, batez ere, errentagarriak izan daitezen».

Sindikatuaren ustez, «berez emankorrak ez diren eremuak» ubidearen bidez eraldatzeak «paisaiaren transformazio artifiziala ez ezik, iraunkorra ez den gainprodukzioa ere ekarriko du», eta hori laborarien kaltetan izanen da: «Ez dakigu zenbateko kostua izanen duen hektarea bakoitza eraldatzeak, baina halako egitasmoek nekazari txikien abandonua eragiten dute, eta ekoizpena inbertsio funts handien esku gelditzea».

Bigarren fasea, «aurki»

Lehen fasearen handitzeari ez ezik, Nafarroako ubidearen bigarren faseari ekiteko konpromisoa hartua du Nafarroako Gobernuak. Iazko urrian, proiektu horren nondik norakoak azaldu zituen ubidea kudeatzeaz arduratzen den sozietate publikoak, Canasak: aurkeztutako zirriborroaren arabera, Aragoi, Ebro eta Queiles ibaien, Bardearen eta A-68 eta AP-68 autobideen azpitik igaroko da ubidea.

Sustatzaileen esanetan, 21.522 hektarea ureztatzeko aukera emanen du azpiegitura berriak. UPNren garaian ere aipatzen zuten kopuru hori bera. Nafarroako Gobernuak aurreko legealdian eginiko txosten tekniko baten arabera, ordea, «kalkulu okerra» zen hori, «gehienez, 15.300 hektarea ureztatzeko gaitasuna baitu azpiegiturak».

Azpiegitura osoaren kostuak ere zalantza ugari sortu ditu azken urteetan. Bigarren faseko lanek 158,5 milioi euroko kostua izanen dutela dio gobernuak, baina, dagoeneko, zor handia pilatu du Canasa sozietateak. 2015ean, UPNren gobernuaren «finantzaketa plan ezin txarragoa» salatu zuen Manu Aierdik, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde ohiak. Urte berean, «azpiegituraren gainkostu handiaz» ohartarazi zuen Kontuen Ganberak ere. Ubidearen lehen fasean soilik 1.050 milioi euro gastatu direla esan zuen erakundeak. Urte hartan, «bigarren faseari ekiteko ziurtasunik ez» zuen ikusten Kontuen Ganberak. Horren ostean, proiektua «birplanteatzeko» asmoa azaldu zuen gobernuak, PSN agintera iritsi zen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.