Amurrio eta Donostia lotuko ditu 22. Korrikak, ekinari hitza emanda

Martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo dute egitasmoa, 'Hitzekin' goiburu duela. Euskaraz bizitzeko gogoa herri ekinaldi bihurtzeko deia egin die AEK-k herritarrei eta erakunde publikoei

Korrikako lekukoa, eta, atzean, egitasmoaren antolatzaileak, atzo, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Data jarria zion AEK-k 22. Korrikari, eta atzo jakinarazi zuen nondik nora egingo duten: Amurrion (Araba) hasiko da, martxoaren 31n, eta Donostian amaituko, apirilaren 10ean. Gipuzkoako hiriburuan aurkeztu zuten, San Telmo museoan, duela urtebete egitasmoaren atzerapenaren berri eman zuten leku berean eta Remigio Mendiburuk egindako lehen lekukoa ikusgai dagoen tokian.

Leloa ere aurkeztu zuen AEK-k: Hitzekin. Hitzetik ekintzara igaro beharra aldarrikatuko dute, «nork bere tokitik eta eginbeharretik». Areago egungo testuinguruan, zeinean piztuta baitago «larrialdi linguistikoaren alarma gorria», antolatzaileen arabera. «Horren aurreanernatzeko» eskatu zieten herritarrei eta erakundeei. «Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko».

21. Korrika amaitu zenetik «ohi baino denbora gehiago» igaro dela gogoratu zuen Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, eta tarte horretan «euskararen alde lanean segitu duen jendearen gogoa eta ilusioa» txalotu zituen. Halaber, euskararen aldeko egitasmoetan «ehunka eragilek» bat egin dutela ere azpimarratu zuen. Horien artean aipatu zituen hizkuntza politiketan eragiteko Batuz Aldatu adostasun soziala, Errigoraren Agerraldia ekinbidea eta AEK-ren Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpaina.

Kontrako haizeari ere erreparatu zion, ordea: «Jakitun gara pandemiak euskara ia ezabatu duela errotik plaza ugaritan eta askoren bizitzan». Horregatik, «oso garrantzitsutzat» jo zuen «Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea» berreskuratzea. Euskararen «aldekotasuna eta harrotasuna» aldarrikatu ditu, horiek «hauspo» bihur daitezen «urrats sendoagoak egiteko».

Hain justu, Korrikak «akuilu lana egin dezan» nahi dutela ere adierazi zuen, eta euskaltegien diruztatzean jarri zuen arreta. «Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak ez dira nahikoa oraindik». Hala ere, alor horretan ere izan dira aurrerapausoak, haren arabera: «EAEn, urrats handia egiten ari da irakasleen lan baldintzak normalizatzeko, baina oraindik badago zer hobetu; ikasteko doakotasunarekin, adibidez. Ipar Euskal Herrian ere laguntzak handitu egin dira, bai, baina ez helduen euskalduntzeak behar lukeen moduan. Eta Nafarroan, gobernuak urrats sendoagoa egin berri du, azken urteotan pauso txiki batzuk eman ostean». Datozen urteetan «hobekuntza» horiek «areagotuko eta sendotuko diren itxaropena» dutela esan du.

«Egoera larria» dela aitortuagatik, herritarrek ez dute euskara alboratu, Aitziber Balantzategi Korrika Batzordeko kidearen esanetan: «Jendeak ez du euskara bazter utzi nahi izan, eta, indar horri esker, euskaraz bizitzeko herri gogoa egon badago». Gogo hori herri ekinaldi bihurtu nahi du, hain zuzen, AEK-k, eta aktibazioan jarri du arreta. Balantzategik irakurri zuen leloarekin batera zabaldutako mezua: «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak».

Pandemiak Korrika zenbateraino baldintzatu dezakeen hizpide hartuta, Balantzategik aurreratu zuen «ahalik eta modu ohikoenean» egiten saiatuko direla, baina aitortu zuen «unean uneko eta tokian tokiko egoeretara moldatu» beharko dutela.

Hiru ekintzaileri aitortza

Korrikak aldi bakoitzeko omentzen dituenei batuko zaizkie, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. «Euskal munduan eta, are garrantzitsuago, euskaraz» egindako 34 urteko ibilbideari aitortza egin nahi izan diete antolatzaileek, eta hitzarekin eta ekinarekin izan duten konpromisoa ere nabarmendu dute: «1987an ekin zioten, haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote».

Datozen hilabeteetan emango dituzte antolatzaileek 22. Korrikaren xehetasun gehiago. Bi hilabete barru zabalduko dute ibilbide osoa, eta lehenago, abendu erdialdean, abestia eta bideoklipa.Parte hartzeko bideak, ordea, zabalik daude jada. Korrika laguntzaile egin daiteke, eta salgai jarri dute petoa eta bestelako materiala. Zuzeneko diru ekarpena egiteko modua ere jarri dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.korrika.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.