Lau akusatuk onartu dute abusuak egin izana tutoretzapeko adingabeei

Sansoheta auziko ahozko epaiketan hamar gizonezko eseri dira akusatuen aulkian adingabeei sexu abusuak egitea egotzita. Sei akusatuk esan dute ez zekitela biktimak adin txikikoak zirela

Sansoheta auziko akusatuak, atzo, epaiketaren hasieran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Abiatu da Arabako Probintzia Auzitegian Gasteizko Sansoheta zentroan zeuden hainbat adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita auzipetutako hamar gizonen kontrako epaiketa. Haietako lauk akordioa lortu dute fiskaltzarekin, errua onartu eta zigorra arintzeko. Saioa hasi eta berehala, hiru akusatuekin erdietsitako akordioaren berri eman dute: leporatzen zaizkien delituak onartu dituzte —adingabeen ustelkeria delitua eta sexu abusuak egitea, besteak beste— damua agertu dute, eta berriro halakorik ez dutela egingo hitzeman. Hamahiru urtera arteko espetxe zigorrak onartu dituzte, eta biktimei kalte ordainak eman beharko dizkiete —600 eurotik mila eurora artekoak—. Laugarren akusatu batek ere lortu du aurreakordioa fiskaltzarekin, eta zigorra arinduko diote. Gasteizko Udaleko psikologo ohia da, eta auziagatik espetxean izan den akusatu bakarra. Bihar da deklaratzekoa, eta orduan jakingo da zer zigor jarriko dioten.

Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeei sexu abusuak egitea leporatuta epaitzen ari dira hamar gizonezkoak. 2016an zabaldu zuen Ertzaintzak haien kontrako ikerketa, Sansoheta zentroko hainbat adin txikikori sexu abusuak egin zizkietelakoan. Zentroko zuzendariak jarri zuen salaketa. Ikerketaren arabera, zentroko 14 eta 17 urte arteko zazpi adin txikikok jasan zituzten sexu abusuak, eta guztiak Arabako Aldundiaren tutoretzapean zeuden erasoak izan zirenean. Besteak beste, ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen dizkiete. Gasteizko instrukzio epaitegiak eta Ertzaintzak eginiko ikerketaren arabera, akusatuek eduki sexualeko webgune baten bidez kontratatu zituzten adingabeak sexu harremanak izateko, gutxienez, hamar hilabetez. Fiskaltzak 214 urteko zigorra eskatu du akusatuentzat, eta eskaerarekin bat egin dute herri akusazioa osatzen duten Arabako Aldundiak eta Clara Campoamor elkarteak ere.

«Orain eskolan nago»

Epailearen aurrean deklaratu duten sei akusatuek onartu egin dute ordaindutako sexu harremanak izan zituztela gazteekin, baina azpimarratu dute ez zekitela adin txikikoak zirenik. Denek azaldu dute Pasion.com harremanetarako webgunea erabili zutelaadingabeekin sexua izateko.

Akusatu guztiek antzeko argudioak erabili dituzte euren buruak defendatzeko. Horietako batek aitortu du sexu harremanak izan zituela mutil batekin diruaren truke, baina ez zekiela adin txikikoa zela: «Adin nagusikoentzako orrialde batean sartzen ari banaiz, ez dut inoiz pentsatzen adingabeak izango direnik». Azaldu du ez ziola bere adinari erreparatu, eta ez ziola gazteari aurpegira begiratu ere egin, ez bere autoan sartu zenean, ez eta sexu harremanak izan zituztenean ere. Adingabeak salaketa jarri zuenean adierazi zuen lauzpabost aldiz geratu zela gizonarekin sexu harremanak izateko; hori «gezurra» dela esan du akusatuak: «Behin bakarrik egon ginen».

Fiskaltzak eta akusazioak auzi saioan nabarmendu dutenez, akusatuek bazekiten biktimak adin txikikoak zirela. Besteak beste, akusatuek eta biktimeksakelako telefonoetatik elkarri bidalitako mezuak erakutsi dituzte hori erakusteko. «Orain eskolan nago» edo «17 urte ditut» idatzi zion biktima batek akusatuetako bati, fiskaltzak jakinarazi duenez. Akusatu guztiek ukatu egin dute adingabeekin sexu harremanak bilatzen zituztela, nahiz eta hainbatek aitortu duten horietako batzuek «gazteegiak» ematen zutela.

Gizonezko guztiek adierazi dute ez zutela uste sexu harremanetarako webgunean adin txikikoak zeudenik. «Gaztea zela iruditu zitzaidan, baina ez adingabea. Orrialde horretan zegoenez, uste nuen 18 urte zituela», esan du batek. Antzera beste batek: «Ez nuen uste adingabea zenik, orrialdea helduentzat zelako». Akusatu batek kontatu du hiruzpalau aldiz sexu harremanak izan zituela biktima batzuekin, kokaina kontsumitu zutela, eta pornografia erakusten ziela elkarrekin zeudenean, baina ez zekiela adingabeak zirela.

Leporatutako delituak ukatu egin ditu, halaber, hiru adingaberi abusuak egitea egotzi dioten beste akusatuetako batek. Kasu batean esan du alkoholaren eraginez ez dela ezertaz oroitzen; bigarrenarekin, azaldu du ez zuela sexu harremanik izan, eta hirugarren kasuan, zehaztu du sexuan oinarritutako harreman bat baino gehiago «adiskidetasun harreman bat» zutela. Herri akusazioak sexu abusuak frogatuko lituzketen elkarrizketa batzuei buruz galdetu dionean, ordea, bertsioa aldatu du, eta sexu harremanak izan zituela aitortu du. Halaber, onartu du adingabeari dirua eman ziola, baina esan du trafiko isunak ordaintzeko zela.

Bihar jarraituko dute epaiketarekin, biktimen lekukotzekin. Atea itxita egingo dira deklarazioak, aldeek hala adostuta. Ostiralean, berriz,ertzainek deklaratuko dute, eta datorren astelehenean amaituko da epaiketa, perituen txandarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.