Migratzaile adingabeak beste lurraldeetan ere hartzeko eskatu du Unai Rementeriak

Bizkaiko Batzar Nagusietan erantzun ditu Zornotzako zentroari buruz jasotako kritikak. Kupoa eta diru laguntzak eskatu ditu, «beharrezko» neurri gisara

Unai Rementeria ahaldun nagusia, atzo, Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintza diputatuaren ondoan, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako bilkuran. J. PRIETO / FOKU.
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi du herrialdeak «baliabide mugatuak» dituela migratzaile adingabeei arreta emateko. Ardurak betetzeko eskatu die beste lurraldeei ere, eta beharrezko ikusi ditu kupoak eta laguntza ekonomikoak. Jakinarazi duenez, Bizkaira gero eta migratzaile gehiago iristen ari dira, eta diputazioa «esfortzu handia» egiten ari da harrera egiteko. Uste du foru erakundeak ezin duela konpondu migratzaileen «arazo globala»; bai, ordea, «lagundu».

Rementeriak atzo eman zituen azalpenak, Bizkaiko Batzar Nagusietako bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Joan den ekainean, ahaldun nagusiak eskutitz bat bidali zion Madrili, exijituz neurriak hartzeko «erkidegoetan migratzaile adingabeen banaketa parekidea egiteko». Ez zen lehen aldia. Orain, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio erabaki horren inguruan. Izan ere, gutuna bidali baino egun batzuk lehenago,EAEko Arartekoak txosten bat kaleratu zuen migratzaile adingabeentzako zentroei buruz; gomendioak bildu zituen, Zornotzako zentroaren egoera hobetzeko eskatuz. Nolanahi ere, Rementeriak argitu du eskutitza ez zela izan «inolaz ere» txostenari egindako erantzun bat. Arartekoak, besteak beste, Bizkaiko Aldundiari proposatu zion zentro gehiago irekitzea eta hezitzaileen osasuna babesteko neurriak hartzea.

Egunotan, Zornotzako zentroari buruzko zalantza lehen lerrora etorri da berriz. Hain zuzen, ostegunean, Elkarrekin Podemosek salaketa jarri zion fiskaltzan Bizkaiko Foru Aldundiari. Zornotzako adingabeen zentroa «gainezka» dagoela adierazi zuten; zehazki, salatu zuten orain 160 adingabe bizi direla 40 lagunentzako lekuan. Atzo, Eneritz Madariaga koalizioko batzarkideak Bizkaiko aldundiari leporatu zizkion migratzaile adingabeen arretaren inguruko gabeziak. «Aurreikus zitekeen egoera honetara iritsiko ginela eta migratzaile adingabeen auziak eztanda egingo zuela. Zifrak hor zeuden, Arartekoak abisatu zuen, baita teknikariek ere; baina beste aldera begiratu duzue». Madariagak foru erakundeari gogorarazi zion legearen arabera «diputazioaren eginbeharra» dela bakarrik datozen adingabeei harrera egitea eta haien «eskubideak babestea».

Unai Rementeriak erantzuna eman zion horri guztiari: ez du uste irtenbidea denik zentro gehiago irekitzea. «Helburua ez da adingabeak eraikin batean sartzea; konponbidea gizarteratzea da. Horretarako, beharrezkoak dira baliabideak hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan». Ahaldun nagusiak defendatu zuen adingabeei «bizi proiekturako aukerak» eskaini behar zaizkiela, bestela «bazterketa» jasango dutelako.

Elkartasunaren beharra

Batzar Nagusietan bildu ziren batzarkide guztiek bat egin zuten ideia batean: Bizkaian asko ugaritzen ari dira migratzaile adingabeak, eta neurriak hartu behar dira. Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak Rementeriari jakinarazi zion bat egiten zuela Espainiako Gobernuari kupoa eskatzearekin. Ordea, esan zion aldundiaren lana dela Arartekoak emandako gomendioak betetzea, eta ez «ezkutatzeko» Madrilen. Diputatuak dioenez, aldiz, eskatzen diren «ratioak» betetzen ditu Bizkaiak; hortik aurrera, «Espainiaren kolaborazioa» beharrezkoa da egoerari aurre egiteko. EAJko Jon Sanchez batzarkideak bat egin zuen ikuspegi horrekin: «Askoz garrantzitsuagoa da Espainiak duen ardura».

Rementeriak gaineratu zuen Bizkaiari baliabideak «ahituko» zaizkiola, eta beste lurraldeen partehartzea behar dela. Madariagak arrazoia eman zion: «Lurralde guztiek bete behar dute legea». Halere, argitu zuen aldundiak «besteei eskatzen diena» lehenengo «berak» bete behar duela. Ikusteko dago irailetik aurrera zer erabaki hartuko dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.