Lege tradizioari lotzeko saioak

Taldeek gaur aurkeztuko dituzte estatutu proiektua idatziko duten adituak. Amaitzean, legebiltzarrak testu artikulatu bat izango du, hamasei urte geroago. Bestelako prozedura bat izan zuen 2003koak

Juan Jose Ibarretxe, 2004ko abenduaren 30eko saioan. Goian, eskuinean, Iñigo Urkullu. Legebiltzarrak egun hartan onartu zuen estatutu proposamena. R. B. / FOKU.
jon olano
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko talde politikoek gaur aurkeztuko dituzte estatus politiko berriaren oinarriei forma juridikoa emateaz arduratuko diren adituak. Talde bakoitzak aditu bat proposatu beharko du, eta Autogobernu lantaldeak datorren asteazkenean onartuko du bost kideen izendapena. Orduan adostuko dituzte batzorde horren zereginak eta epeak. Adituek beren egitekoa amaitzean, Eusko Legebiltzarrak eztabaidarako prest izango du 1979ko estatutua erreformatzeko testu bat; aurrenekoa, hamasei urte eta gero.

Edukietan eta formetan, antzekotasunak eta aldeak dituzte 2003ko urriaren 25ean Juan Jose Ibarretxek zuzendutako Jaurlaritzak onartutako oinarriek eta joan den uztailean Autogobernu lantaldean onartutakoek. Bi testuen arteko alde nagusietako bat egiletza izango da; izan ere, orain Eusko Legebiltzarraren ekimenez egin dute, 2001-2005 legealdian ez bezala. 2001eko otsailaren 17an Kursaal jauregian eginiko ekitaldi batean, Ibarretxek estatutuaren erreforma baten eta herri galdeketa baten «zilegitasuna» azpimarratu zuen, eta, hiru hilabete geroago hauteskundeak irabazi eta gero, asmo hori bidea egiten hasi zen, EAJk, Eusko Alkartasunak eta Ezker Batuak osatutako gobernuaren eskutik. Eusko Legebiltzarrak autogobernuari buruzko eztabaida monografikoa egin zuen urte hartako urriaren 25ean, eta, hirukoaren babesarekin, aurrera atera zen «autogobernuan sakontzeko batzorde» baten eraketa. Azaroan osatu zuten batzorde hori, eta hilabeteak eman zituzten adituen iritziak jasotzen; guztira, 56 lagunenak. Legebiltzarrak prozedura hori erabili du oraingoan ere; dozenaka adituren hitzaldiak entzun dituzte 2012-2016 arteko legealdian.

2002ko uztailean, legebiltzarreko batzordeak enkargua eman zion Jaurlaritzari «ordenamendu juridikoari buruzko proiektu berri bat» prestatzen hasteko. Irailean, Ibarretxek jakinarazi zuen urtebete barru aurkeztuko zuela, eta lege proiektu gisa aurkeztuko zuela Legebiltzarrean. Testu artikulatua landu zutenen izen-abizenak ez dira publiko egin, baina Jaurlaritzak bere gain hartu zuen estatutu proposamena idazteko ardura. 2003ko urriaren 25eko gobernu kontseiluan onartu zuen testua. Egungo prozesua bestelakoa izaten ari da: Autogobernu Lantaldean bildutako talde politikoek negoziatu dituzte estatus berriaren oinarriak, eta orain aditu talde bati dagokio testu artikulatuaren forma ematea. Aipatu ziren beste aukera batzuk: kasurako, enkargua Jaurlaritzari ematea, 2002an bezala, edo Eusko Ikaskuntzaren esku uztea idazketa, 1931ko Lizarrako estatutu proiektuarekin egin bezala.

Bi testuek, ordea, badituzte puntu komunak, BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera. Lizarrako 1931ko estatutu egitasmoa eta 1979ko estatutua euskal tradizio juridikoan oinarritutako testuak izan ziren, eta 2003ko proiektua tradizio horretan sakontzeko hurrengo saioa izan zen. Egitasmo hark Eusko Legebiltzarraren oniritzia jaso zuen 2004ko abenduaren 30ean, baina, 2005eko otsailean, Espainiako Kongresuak ez zuen tramiterako ere onartu, eta estatutuari aurrera egiteko bidea moztu zioten. Ibarretxeren egitasmoari atea itxita, orain EAJk eta EH Bilduk tradizio juridiko eta politiko horrekin lotzeko beste saio bat egin dute adostutako oinarriekin. Izan ere, testuotan, 1931tik 2018ra, printzipio iraunkor batzuk antzeman daitezke, galdera bati erantzun nahi diotenak: nola lortu euskal herritarrek beren burua gobernatzeko sistemak eratzea?

Debate juridiko eta politikoa

Testuen bideragarritasun politiko eta juridikoari buruzko eztabaidak ere lotzen ditu Ibarretxeren garaiko proiektua eta oraingo oinarriak, bi kasuetan jarri baita auzitan. Astelehenean, esaterako, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berak egin zuen bi testuen arteko alderaketa, azpimarratzeko gaur egungo eztabaidan adostasuna zabaldu behar dela: «Biderik egingo ez duen testu batekin gelditu nahi badugu, lehendik ere baditugu testuak».

Egungo oinarrien bideragarritasun juridikoaz eta politikoaz aritu ziren atzo Radio Euskadin, eta Xabier Ezeizabarrena EAJko Gipuzkoako batzarkideak defendatu egin zituen: «Bideragarria da. Testuak oinarri sendoak ditu Gernikako estatutuan eta baita Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian ere. Planteamenduak legezkoak dira».

Eszeptikoago mintzatu zen Iñaki Lasagabaster Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedraduna: «Egungo oinarriei ez diet bideragarritasun handirik ikusten, Urkulluk berak iradoki baitu aldatu egingo direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.