Sarramagnan apaiza baldintzapeko askatasunera zigortu dute sexu erasoagatik

Jean-François Sarramagnan apaizak bi aldiz eraso egin zion sexualki 12 urteko ilobari, 1991. urtean. Baldintzapeko askatasuna sei hilabeterako da
Jean-François Sarramagnan apaiza eta Laurence Hardouin abokatua, atzo; azkenean, auzia publikoa izan zen, abokatuak hesteko eskatu arren.
Jean-François Sarramagnan apaiza eta Laurence Hardouin abokatua, atzo; azkenean, auzia publikoa izan zen, abokatuak hesteko eskatu arren. I. MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko irailak 12
Jean-François Sarramagnan apaiz lapurtarrak bere sexua bere ilobaren sexuaren kontra igurtzi zion, biak jantziak zirela. Eta hori, bi aldiz. Bi aldiak 1991an gertatu ziren, Poloniara egin bidaia batean. Ilobak 11 urte zituen; apaizak, 27. Garai hartan, biktima Hazparnen bizi zen. Baionako auzitegiak sei hilabeteko baldintzapeko askatasunera kondenatu zuen atzo sexu eraso horiengatik; epaileek Baionako prokuradorearen eskaerari jarraitu zioten. Epaiketa publikoa izan zen, nahiz eta akusatuaren abokatuak hesteko eskatu. Izan ere, biktimak bakarrik galdegin dezake ateak ixtea.

Baldintzapeko askatasunak zera erran nahi du: Sarramagnanek gisa bereko beste eraso batengatik epaitegietara itzuli behar badu ondoko bost urteetan, orduan baldintzapeko askatasun hori presondegi zigor bihur daiteke.

Biktimak berak ez zuen nahi izan auzia parte zibil gisa segitu. Epaileek atzo jakitera eman zutenez, salaketarik ez jartzea erabaki zuen, argudiatuz erasoa ez zuela aipatu nahi, beste zerbaitetara pasatu nahi zuela.

Erasoa garai hartako legepean zuten aztertu. Eta garai hartako legearen haritik, epaileak apaiza akusaziopean jarria zuen «limurkeriazko atentatua egiteagatik 15 urte baino gutxiago dituen adingabe bati», berretsiz «bortizkeriarik gabe» izan zela. Epaileek bere egin zuten Sarramagnan entzun zuen psikiatraren ondorioa; hark idatzi txostenak segurtatzen zuen Sarramaganek ez duela erasoen berriz egiteko arriskurik baldin eta auzitegiak kondenatzen bazuen. Apaizak erasoak eta erasoek eragin sufrimendua aitortu izanak ere bere alde egin zuen. Prokuradoreak «bilakaera baikorra» nabarmendu zuen.

Sarramagnanek onartu zuen kondena, eta berretsi zituen «bere damuak eragin minagatik». «Zilegia den zigorra onartzen dut». Baieztatu zuen apaiz lanetan segitu nahi duela, «besteak laguntzen beren sufrimenduak gainditzen». Mementoko, kargurik gabe da, Tournayko abadian bizi da fraileen artean.

Auziak balio izan zuen doi bat aipatzeko zenbait tabu, baina ez ziren hainbeste sakondu. Elizaren isiltasuna, adibidez. 1991tik, Sarramagnanek jakinaren gainean jarri zuen bere hierarkia, eta 2007an, berriz. Eta jakinaren gainean jarri zituen apezpikuek ez zituzten erasoak seinalatu. Baina ez zen luzatu eztabaida. Salaketarik eza preskribatua baita hemen.

Apaizen sexualitatea ere doi bat aipatu zen. Psikiatrak txostenean idatzi zuen Sarramagnanen «sexu heldutasun eskasa» erasoen garaian. Sarramagnanek berak baieztatu zuen sexu heziketarik ez duela batere izan. Epaileak Sarramagnani galdegin zion nola asetzen zituen bere behar naturalak. Galdera gaizki hartu zuen hasieran, «umiliagarria» zela. Epaileak ez dela umiliagarri erran zion, eta, azkenean, masturbatzen zela erantzun zion. «Indarra kanalizatzeko balio dit, eta permititzen dit besteei ez min egitea». Ilobaren erasoaz bestalde, beste erasoak deuseztatu zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria