Ofizialtasunerako bide orria zehaztu du Kontseiluak

Lege proposamena aurkeztu dute Paul Bilbaok eta Joxerra Olanok, Nafarroako Parlamentuan. Administrazioari «betekizunak» ezartzeko beharra aipatu dute

Joxerra Olano eta Paul Bilbao Kontseiluko ordezkariak, atzo, Nafarroako Parlamentuko Euskara Batzordean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Bidea markatu dute. Kontseiluak agerraldia egin zuen atzo Nafarroako Parlamentuan, euskararen lege berri bat idazteko asmoz sortutako batzorde berezian, eta proposamen propioa aurkeztu zien parlamentariei, «hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatuko duen arau berri bat» adoste aldera. Paul Bilbao eta Joxerra Olano Kontseiluko ordezkariek azaldu zituzten txostenaren xehetasunak.

Proposamenaren oinarri-oinarrian dago hizkuntzaren estatus ofiziala. Atzo azaldu zutenez, ofizialtasuna da «hizkuntza eskubideak ahalbidetzeko tresnarik eraginkorrena, hizkuntzari lege balioa ematen baitio». Herritarrei ere «euskaraz bizitzeko eskubide subjektiboa» aitortzen die txostenak, eta eskubide horrek eragiten dituen betebeharrak zehazten dizkie erakundeei. «Aitortza hutsaz harago, administrazioak eta erakunde publikoek neurri efektiboak hartu beharko dituzte, eskubide horiek bermatzeko», azaldu zuen Bilbaok atzoko agerraldian. Hainbat lehentasun ezarri dituzte lege proposamenean, eta, besteak beste, administrazioan, kulturan, hezkuntzan, osasun arloan eta justizian euskararen normalizazioa bermatzeko hartu beharreko neurriak aletu dituzte.

Azken hilabeteetan Nafarroako hainbat herritarrek eginiko ekarpenak erabili dituzte proposamena osatzeko: «Euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak eta arazoak jakin nahi izan ditugu, eta horiekin osatu dugu txostena», azaldu zuen Bilbaok.

Testigantza horiez gainera, lau dokumentu daude atzo aurkeztutako proposamenaren oinarrian: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Europako Protokoloa, Kontseiluak 2010ean onartutako Hizkuntza politika berri eraginkorra txostena, Oinarriak plataformak 2000. urtean ondutako lege proposamena eta Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala.

Kontseiluaren lege proposamenak aintzat hartzen ditu, halaber, Geroa Baik eta, batez ere, Ezkerra koalizioak mahai gainean jarritako kontzeptu zenbait, hala nola «tokian tokiko errealitate soziolinguistikoarekiko errespetua» eta «progresibotasuna». Bide orrian zehazten denez, Euskararen lege berriak «malgua» izan beharko du, kontuan izanen ditu «lurraldean dauden egoera soziolinguistiko ezberdinak eta errealitate horiei irtenbide egokiena emateko modua», eta epeetan oinarritutako plangintzak ezarriko ditu: «Egoera soziolinguistiko ezberdinei irtenbide egokiena emateko moduko modulazioa izango du hizkuntza plangintzak; betiere, malgutasun horren muga izanik herritarren hizkuntza eskubideen bermea».

Atzoko aurkezpenaren ostean, alderdien jarrerak ez ziren askorik mugitu. Ñabardurak ñabardura, Kontseiluak eginiko planteamenduarekin ados azaldu ziren EH Bildu, Geroa Bai eta Ahal Dugu-Orain Bai taldeak. Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, berriz, ontzat jo zituen proposamenaren hainbat puntu, baina «borondatea eta progresibitatea» legean jasotzeko beharra aipatu zuen. PSNko Inma Juriok, azkenik, txarretsi egin zituen ofizialtasunari eginiko aipamenak: «Egungo legea egokia da, bat baitator egoera soziolinguistikoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.