Ikasle ohi batek salatu du Salestarrek erasoen berri izan ostean abusuak jasan zituela

Bilboko ikastetxeak tutore postuan mantendu zuen abusuak leporatutako irakaslea. Gutxienez 28 gizonek salatu dituzte eraso fisiko eta sexualak

Salestarren biktimak babesteko kontzentrazio jendetsua egin zuten joan den ostiralean, Bilboko Deustu auzoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
«Eskolak bazekien, eta estali egin zuen». Gordin mintzatu zen joan den asteartean kazeta honetan Deustuko Salestarrak ikastetxeko ikasle ohi bat, Jose Miguel San Martin irakasle ohiaren aurka eraso fisiko eta sexualengatik aurkeztutako salaketen harira. Aste amaieran arrazoia eman zion Bilboko eskolako zuzendaritzak: bortizkeria horren berri izan zuen 1989an. Barkamena eskatu zuen: «Argi dago orduan egin genuena ez zela nahikoa izan. Ez genuen jokatu auziaren larritasunak eskatzen zuen bezain azkar». Bada, jokabide hark ondorio larriak izan zituen. BERRIAk jakin duenez, 1990ean ikastetxeak tutore lanetan mantendu zuen San Martin, eta ikasle ohi batek salatu du urte hartan irakasleak sexu abusuak egin zizkiola behin baino gehiagotan.

Gutxienez 28 gizonek aurkeztu dute jada Deustuko salestarren irakasleren baten aurkako salaketa, sexu abusuekin lotutako auzian; herenegun bertan erregistratu ziren azken hirurak. Ertzaintzara jo dute 24k; lau salatzaile kanpoan bizi dira, beraz, Guardia Zibilaren aurrean jarri dute salaketa hiruk, eta Mossos d'Esquadrarenean, batek.

Zortzi ikasle ohik eman zuten lehen pausoa urtarril amaieran. San Martinen aurkako salaketak aurkeztu zituzten; 1975etik 1990era ehunka umeren tutore, ikasketaburu eta aholkulari psikologiko izan zen Deustuko eskolan. Urte haietan, ukituak, muxuak, masturbazioak, bortxaketak eta jipoiak izan zirela kontatu dute salatzaileek, eurek 8 eta 10 urte bitartean zituztela; ekitaldi aretoan, irakaslearen bulegoan eta logelan, eta udalekuetan egin zizkien erasoak. Biktima batzuek ondorio psikologiko larriak dituzte oraindik.

Dena den, azken bi asteotan aurkeztutako salaketetan, San Martinen izena ez ezik, Deustuko salestarren beste irakasle batzuenak ere agertu dira, hedabide batzuen arabera; tartean dago ikastetxeko zuzendari izandako bat —hilda dago—. Gainera, salatzaileetako batek eta beste gizon batek orain hamabi urte jo zuten Ertzaintzarengana; bigarren hori 1960ko hamarkadan gertatutako abusuez mintzatu zen, eta bi irakasle seinalatu zituen. Salaketa haiek artxibatu egin zituzten, delituak preskribatuta zeudelako.

Litekeena da orain salatutako eraso gehienak ere preskribatuta egotea. Izan ere, bost eta hamar urte arteko preskripzio epea dute sexu abusuek, biktimek 18 urte betetzen dutenetik aurrera zenbatzen hasita. Lege aurreproiektu bat du martxan Espainiako Gobernuak epe hori luzatzeko; hain justu, abusuen biktimen elkarteek kontzentrazio bat egin zuten atzo Kongresuaren aurrean, erreforma hori azkartzea galdegiteko.

Ikastetxea, auzitan

Baina delituak preskribatuta egon arren, «egia argitzea» nahi dute salestarren salatzaileek. Ildo horretan, biktima izandakoak oso kritiko mintzatu dira ikastetxearekin. Izan ere, egun gutxitan bi jarrera desberdin agertu ditu eskolak. Salaketen berri zabaldu eta gero, Salestarren Kongregazioak ukatu egin zuen erasoen garaian San Martinen aurkako kexarik jaso izana, nahiz eta jakina zen salatzaileetako baten gurasoek zuzendaritzara jo zutela 1980ko urteen amaieran. Eskolak sostengua adierazi zien ikasle ohiei, «halako ekintza gaitzesgarririk gertatu bada».

Egun batzuetara, bai, ikastetxeak aitortu zuen 1989an izan zutela ikasle bik jasandako abusuen berri. Hain justu, San Martinek hurrengo urtean utzi zituen eskola eta salestarren ordena; ikastetxearen arabera, alde egin izanak lotura izan zuen abusuekin. «Nola da posible zer gertatzen zen jakin eta epaitegietan salatu ez izana?», galdetu zuten biktimek joan den ostiralean, Deustuko Done Petri plazan egindako elkarretaratzean. Itaun hori ozendu egin da orain, jakin dutenean abusu gehiago gertatu zirela ikastetxeak erasoen berri izan ondoren ere. «Horrek frogatzen du ez zutela ezer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.