Koronabirusa

Jaurlaritzak hilaren 9an aztertuko du Gabonetako neurriak nola beteko dituen

Hego Euskal Herriko bi gobernuek aukera dute Madrilek Eguberriei buruz erkidegoekin adosturiko irizpide orokorrak egokitzeko, betiere murriztaileagoak badira

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun kontseilaria, atzo, Eusko Legebiltzarreko kanpoaldean. DAVID AGUILAR / EFE.
J. Senar - O. Teyseyre Koskarat
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Herenegun, Espainiako Gobernuak erkidegoekin hitzartu zuen Eguberrietan nola jokatu. Orain, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabaki beharko dute ea irizpide orokor horien gainean murrizketa handiagoak ezartzen dituzten. Labi Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak abenduaren 9an aztertuko du ea nola ezarri irizpideok Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, «abendu erdialdera» egokitu ditu foru arauak eta dekretuak.

Atzo, Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun kontseilariak azpimarratu zuen «oinarrizko» gai batzuk hitzartu zirela. Erkidegoek aukera izango dute egokitzapenetarako, betiere aldaketa murriztaileagoa bada. Sagarduik ez zuen zehaztu neurriak zorroztuko ote dituzten: «Datorren astean jakingo dugu zein izango diren eta nola ezarriko diren».

Kezka dago. Atzo, Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak esan zuen beheranzko joera moteldu egin dela azken egunetan, eta dei egin zien herritarrei Eguberrietan harreman sozialak murrizteko.

Nafarroako Gobernuak, berriz, «positibotzat» jo zuen akordioa. «Azken egunetan Osasun Ministerioarekin eta erkidegoekin, batez ere mugakideekin, egindako lanari erantzuten dio». Gobernuak uste du egunotan Jaurlaritzarekin eta Errioxako eta Aragoiko gobernuekin izan dituen harremanek aukera handia ematen duela, Eguberriez harago, 2021ean ere ahalik eta erantzun bateratuena emateko.

Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra Nafarroatik ateratzeko aukera egongo bada ere, gobernuak ohartarazi du ezingo dela atera «turismo edo aisialdi helburuekin». Kasu kopuru handiagatik itxitako herriak salbu, Nafarroak ez ditu orain arte lurralde barruko mugimenduak mugatu, eta gobernuak zehaztu du ez duela espero aldatzea. Eguberrietako bilkuren inguruan, egungo araudia malgutuko duela zehaztu du.

Iparraldean, sei lagun

Konfinamenduak indarrean segitzen du Ipar Euskal Herrian; baina abenduaren 15etik kentzea espero da. Egun horretatik aitzina, etxeratzeko aginduarekin ordezkatuko dute: herritarrek etxean egon beharko dute 21:00etatik 06:00etara. Atzo Jean Castex Frantziako lehen ministroak esan zuen abenduaren 24an eta 31n neurria malgutuko zuela. Sendi eta lagunarteko elkarretaratzeak sei heldura mugatzeko eskatu du.

Castexek iragarri zuen txertoak jartzeko kanpainak hiru fase izango dituela. Lehen fasea abendu amaieran hastea espero du, zahar etxeetako egoiliarrei eta osasun langileei jartzeko. Otsailean bigarren fasea hasteko asmoa daukate; zaurgarriak txertatuko dituzte. Azkenik, «udaberrian» herritar guztiei zabaltzeko helburua jarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.