Grebara, txikienen alde

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta, lanuztea egin dute Haurreskolak partzuergoan. Langileek arrazoiak badituztela aldarrikatu dute: «Grebara joan gara nahiko gaindituta gaudelako»

Haurreskolak partzuergoko langileen protesta, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Greban eta mobilizatzen. Horrela amaitu zuten urtea Haurreskolak partzuergoko langileek, eta antzera hasi dute berria ere: abenduan bi egunetan egin ostean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek beste bost greba egunetara deitu zuten urtarrilerako eta otsailerako, eta atzo izan zuten horietako bigarrena. Lanuzteen dinamika «arrakastatsua» izaten ari dela nabarmendu zuten sindikatuek, eta atzoko greba adibidetzat jarri: «Langileen %100ek greba eskubidea urratua izanda eta bestelako oztopo guztien gainetik, gaurko [atzoko] grebak %70eko erantzuna izan du». Oraingoz, mobilizatzen jarraitu beste aukerarik ez dute ikusten, eta deialdiak eginak dituzte: ezer aldatu ezean, grebara joango dira otsailaren 22an, 23an eta 24an ere. Hiru salaketa nagusi dituzte langileek: lan baldintzak, negoziazio falta eta haur eskolak doakoak ez izatea.

«Ez gara ari eskatzen ez dagokigun ezer; eskatzen ari garen gauza bakarra dagokiguna da, eta errespetuz eta aitortzaz eman behar zaiguna». Garazi Urienen hitzak dira. Zeanuriko (Bizkaia) haur eskolako hezitzailea da, baita LAB sindikatuko kidea ere. Argi du grebara joatea ez dutela «gauetik goizera» erabaki, eta badituztela arrazoiak: «Grebara joan gara nahiko gaindituta gaudelako». Ane Goenaga Astigarragako (Gipuzkoako) haur eskolako langileak eta ELAko ordezkariak horrela laburbildu du egoera: «Ikusten dugu urtetik urtera haur eskoletako funtzionamendua okerrera doala».

Ordezkoen zain

Ordezkapenetan ikusten dute arazoa, batez ere. «2018ko aurreakordio batean sinatu zen ordezkapenak kasu guztietan ordezkatuko zirela. Gure haur eskolan ikusi dugu hasieran bi ordezkapen behar izan genituenean ez zela bete», azaldu du Urienek.Goenaga da ordezkapenak egiten aritzen diren langileetako bat. Ziurtatu duenez, aurten beste ikasturteetan baino geroago hasi dira ordezkapenak egiteko deitzen, eta gutxiago izan dituzte: «Ikasturte honetan bereziki COVID-19arengatik edo matrikulazioa jaitsi delako ordezkoei oso berandu hasi zaizkigu deitzen, finkoak erabili dituztelako ordezko gisa».

Asteasuko (Gipuzkoa) haur eskolan, berriz, ez dute ordezkapenekin arazorik izan; bai, ordea, hezitzaileak lekuz aldatzearekin. Hala azaldu du Edurne Garcia hezitzaile eta Steilaseko kideak: «Egokitzapenak daukan garrantziarekin eta umeak hain txikiak izanda, egun batean hezitzaile bat etortzea eta hortik bi egunetara alde egin eta beste bat etortzea pedagogikoki ez dago batere ondo». Gainera, iruditzen zaio COVID-19aren garaian hezitzaileak mugitzen aritzeak koherentzia gutxi duela: «Burbuilekin eta kontingentzia planekin gaude, eta hezitzaileen horrelako mugimendua ez da oso koherentea». COVID-19ak eragina izan badu ere, Urienek argi du arazoa lehenagokoa dela: «Haur eskoletako egoera hau ez da kaskartu, nire iritziz behintzat, COVID-19aren ondorioz. Aitzakia izan ahal dela gauza askotarako? Baita ere».

Ordezkapenak egitea ez ezik, negoziazioa bera ere faltan sumatzen dute langileek: «Partzuergoaren aldetik azken urte honetako jarrera oso salagarria da: erabakiak aldebakarrez hartzen ari da, nahi duen bezala antolatzen ari da Haurreskolak Partzuergoko funtzionamendua», nabarmendu du Goenagak. Antzera mintzatu da Urien ere: «Inpotentzia handiena sortzen digu asko saltzen dela elkarlanerako borondate hori, baina gero benetako elkarlanik ez dagoela, aldebakarrekotasunez hartzen dituztela erabaki guztiak».

Bizi duten egoera konponduko duelakoan, bi eskari egin dituzte: Haurreskolak partzuergoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean sartzea eta doakotasuna. Urienek uste du lehengoaren bidez 0-3 urteko etapari «aitortza itzela» emango litzaiokeela. Garciari, berriz, iruditzen zaio zerbitzua doakoa izatea familientzat mesedegarria dela: «Gertatu zaigu haur eskola honetan familia batzuk apuntatu eta baja eman behar izatea ezin zietelako kuotei aurre egin».

Landa eremua, zalantzan

Orokorrean haur eskola guztien egoeraz kexu badira ere, elkarrizketatuak bereziki kezkatuta daude landa eremuko haur eskolekin. Urienek hala azaldu du: «Haur eskola txiki bateko hezitzailea naiz, eta azkenaldian entzuten ari gara haur eskola txikiak defizitarioak garela». Halere, uste du gogoan izan behar dutela zein arrazoirengatik sortu zuten Haurreskolak partzuergoa: «Ez dugu ahaztu behar Haurreskolak partzuergoa zein helbururekin sortu zen: landa eremuko biztanleei lan bizitzan sartzeko aukera bat emateko, hezkuntza eta arta emango dituen etapa bat sortzeko». Haur eskola horiek duten garrantzia azpimarratu du Goenagak: «Haur eskolek eta eskolek bizirik egon behar dute, herriak bizirik egoteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.